• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for uztaila, 2007

    Tamalez, gorrotoa bada… Zergatik ote?


    2007 - 07.31

    Gorroto ditut gezurtiak,
    negar eragiten didatenak,
    amorrarazten nautenak,
    handiusteak, harroak, lepatenteak,
    erradiografia bat egin nahi balute bezala, pertsona goitik behera miatzen dutenak,
    albotik pasa eta kuxkuxean hasten direnak, akatsak analizatzen baleude bezala… eta eurenak zer!
    Ni ez nagoenean, nitaz gaizki esaka aritzen direnak,
    zigarro bat erretzen daudela, kea aurpegira botatzen didatenak,
    boteredunak, kapitalistak, kontsumistak,
    nahi dutena lortzen dutenak,
    besteei kalte egiten dietenak,
    natura zaintzen ez dutenak…

    eta zoritxarrez, zerrenda amaigabe bat egin nezake,

    nahiz eta gorrotoa sentimendu zatarra izan…

    loreen artean loreena zein?


    2007 - 07.30

    “Loreen artean zein aukeratuko zenuke?”

    Nik dudarik gabe “Bitxilorea” erantzungo nizuke.

    “Zergatik?” galdetuko zenidake ondoren.

    Eta nik hau erantzungo nizuke: “Loreen artean erregina ei dugu arrosa. Ederrena omen. Hala ere, niri lore harroa iruditu izan zait beti. Lepatentea. Ez dakit zergatik. Lore ponpoxoa. Eskuetan hartu eta apurtzeko beldurra sentitzen dut. Lore hauskorra nahiz eta defentsa gisa arantzak izan. Bere handitasunean apurtzeko errazegia. Zimeltzeko errazegia.

    Bitxilorea aldiz, hain ederra izan ez arren, bizia, kementsua, alaia, mendizalea, arantzarik gabea, librea… Ez dakit. Azken finean, nik izan nahiko nukeen guztia…”

    mina…


    2007 - 07.24

    Erdi lo, gorputzaldi eskasa, hagineko mina, zerbaiten falta…

    Kontsolamendu bila joan eta erantzun piperra jaso…

    Amorrua.

    Ezin ikusia.

    Ia gorrotoa.

    Negar gura.

    Negarra.

    Sufrimendua.

    Besteen umore egoerek, sarri, min egiten dute baita norberarenek ere…

    Ezer egiteko gogorik ez, eta aldi berean, zurekin etxetik urruti joateko gogoa…

    Deskonektatzeko gogoa.

    Errutinatik irteteko gogoa!

    ……………………………………

    Azkenerako buruko mina ere bai…

    gauaren magia


    2007 - 07.21
    ************************************************************************************************************
    GAUAREN MAGIA

    Goizaldeko hirurak edo izango ziren. Ez dut ondo gogoratzen. Hala ere, momentu hura ez dut uste sekula ahaztuko dugunik, nik behintzat ez…

    Zerua ilun. Iluntasun haren aurrean, nolabaiteko segurtasuna ematen ziguten izarrek, urrutiko farolek eta aurrean genuen gaztelu magikoaren argiek. Momentu batez ilargiaren bila aritu nintzen, haren argitasun faltsuaren bila, baina ez nuen aurkitu, izan ere, ez nuen horretarako denbora asko erabili, ez nuen denbora horretan galdu nahi… Nahikoa lan nuen zuri begiratzearekin eta zurekin egotearekin. Hori nahiago nuen…

    Leku ezezagun batean geunden. Heldu berriak ginen han…

    Beharbada, ezingo dugu momentu hura berriro bizi, baina oso polita izan zen eta betirako gordeko dugu gure bihotzetan.

    Zu, ni, izarrak, belartza, oreinak, naturaren isiltasuna…

    BLOGA:

    http://www.blogak.com/stikstak

    egun lainotsua…


    2007 - 07.12

    Egun lainotsua, denbora gutxiren buruan euria egiteko itxura zuen. Trenaren zain. Zure zain. Egun aproposa kostaldera joateko. Traba gutxi izango genuela-eta itsasoa ikustera joatea bururatu zitzaigun. Pertsona aldrebesak esango du baten batek, bai, halakoak gara, desberdinak, baina era berean berdinak…

    Trenaren zain nengoela urduritzen hasi nintzen… Bostak eta hogeita hiruko trenean egin behar genuen topo, lehenengo bagoian. Telefono mugikorrera deitu eta ”estaldurarik gabe” zegoela zioen telefonoko ahots artifizial hark…” Beharbada tunelen batean egongo da” esan nion neure buruari.

    Handik pixka batera, berriz deitu nizun, baina berriz ere ahots hotz hura entzun nuen zurearen ordez. Gehiago urduritu nintzen. Laster izango ziren bost eta erdiak, ni gero eta urduriago, zer gertatu ote zen trenak hainbesteko atzerapena izateko?

    Ez zela ezer izango esaten nion neure buruari eta nire arduraz ahazteko edo jarrita nengoen lekutik ikusten ziren zazpi eta hamar pisutako etxeei begiratzen hasi nintzen. Etxeen beheko partean, pasealekua eta bertan pauso azkarrez zebilen neska bat; eta gizon bi, bata gaztea eta korrika eta bestea nagusia eta ahal zuen pausoan. Ni egonean nengoen bitartean, haiei begiratzen nien… Haiei eta baita nire jarlekuaren aurretik pasatzen ziren andre nagusi bati, gizon nagusi bati eta umea kotxean zeraman emakume gazteari… Nik egonean pasatzen nuen denbora, beharbada, sei pertsona haiek bezala egin izan banu… Bueltaka ibili banintz, ez niokeen  buruari hainbeste buelta eman izango… Gainera, osasunarentzat askoz hobea izan izango zen…

    Azkenean, bozgorailuetatik eman zuten abisua. Trena hamabost minutuko atzerapenarekin helduko zela esan zuen ahots lehor hark… Pixka bat lasaitu nintzen… Trena heldu zenean, askoz gehiago eta zurekin lehenengo bagoian elkartu eta ondo zeundela ikusi nuenean, zer esanik ez!!!

    ………………………………………………………………………….

    Horrelakoetan askotan pentsatzen da txarrena, eta gehienetan, ez da ezer izaten. Baina, ez beti. Noizbehinka izaten dira zorte txarreko egunak, nahi baino gehiagotan zoritxarrez…

    http://www.blogak.com/stikstak/egun-lainotsua

    kamixeta zuri eta praka arroxadun neskatoa


    2007 - 07.08

    Eguraldi ederra
    zegoen. Eguzki epela eta haize goxoa. Parkean itzala eta eguzkia, zuhaitzak eta
    bankuak. Iturrian jendea. Ura, gizakiak beharrezko duena. Ni neure pentsamenduetan
    murgilduta. Zain.

    Neure gauzei
    bueltak ematen nenbilela, gizon nagusi bat ikusi nuen bere txakurrarekin.
    Txakur beltza, ikatza baino beltzagoa. Errepidea gurutzatu eta nire aurrean
    zegoen bankuan jarri ziren biak. Gizona ezkerrean, txakurra eskuman.
    Eguzkitakoak neramatzan, bentaja nuen. Beraiei begira denbora dezente pasa
    nuen, beharbada konturatuko ziren… Gizon hari buruz ez nekiela ezer
    pentsatzen hasi nintzen. Non bizi ote zen? Emazterik ba ote zuen? Eta
    seme-alabarik? Eta bilobarik? Edo zuen guztia txakur hura ote zen? Jakin-mina
    sortu zidan…

    Halako batean,
    hamar urte inguruko neskato bat hurbildu zitzaien. Manilardun patinete
    horietako batean zihoan, alde batean poltsa zuri bat zeraman, eta bertan, ogi
    luze bat. Patinetea lurrean utzita, gizon nagusiarengana joan zen, hobeto
    esanda, txakur beltzarengana. Ezin izan nuen beraien elkarrizketa entzun. Baina
    ez dut uste aurretik ezagutzen zirenik. Beharbada bistaz, baina ez asko. Hala
    ere, neskatoa beraiengana hurbildu eta nolabaiteko harreman bat sortzeko gai
    izan zen.

    Praka arrosa eta
    kamixeta zuridun neskatoak txakurra ukitzea helburu zuela ematen zuen. Txakurra
    beldurtu egin zen. Hala ere, neskak ez zuen amore eman. Iturrira joan eta
    berriro itzuli zen gizona eta txakurra zeuden tokira. Neskatoak koskorra hartu
    eta txakurrari eman zion. Azkenean, lortu zuen txakurra ukitzea. Lasai eta
    pozik asko joan zen etxera. Gainera, gizon hari une atsegin bat igarotzeko
    aukera eman ziola egingo nuke…

    Nire jakin-minak
    hemen dirau, ez nuen neskatila hark bezala, gizon harekin harremanik sortzeko
    gogorik, ahalmenik, gaitasunik, adorerik… izan.

    Kasu hau bezalako
    milaka egongo dira eta milaka horietatik asko eta asko nireak…

    ………………………………………………………………………………….

    Zoritxarrez, gaur
    egun, gehiegi begiratzen zaio norberari eta gutxi ingurukoei…

    Gero eta
    itxiagoak garela dirudi…


    Tresna-barrara saltatu