• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for urria, 2007

    Urtaroak


    2007 - 10.28

    Urtaro bakoitzari ezar dakiokeen sustantzia

    erabaki dut:

    Udaberria argia da, goizeko freskuran margotua.

    Uda airea da, bero astunaren arnasa.

    Udazkena usaina da, lurrak isurtzen duena.

    Negua laztana da, izotzaren laztana.

    Huaoraniek, ordea, beste egutegi bat daukate.

    Haien aroak dira:

    txonta loratzen den aroa,

    suge dantzariaren aroa,

    errekaren gorakadarena,

    tximua gizen dagoen aroa.

    Gure aroak nekazarien izendegitik hartuak dira.

    Huaotarrenak ehiztarien hiztegiko harrapakinak dira.

    Urtaroak dira nekazariaren pausokera astunaren

    eta ehiztarien ibilera arinaren lehen borroka-gune.

    Hau izan da milaka urtetan giza belaunaldien arteko

    dualitate nagusia:

    etorriko denaren beldur nekazaria,

    datorrena garaitu beharrean ehiztaria.

    Haiek nomadak dira euren hamaketan zabuka.

    Gu lur maite geldoak geure ohe sendoetan.

    Haiek pobreak dira eta gu aberatsak.

    Halere guk liburuak egiten dizkiegu mirespenez,

    eta haiek eskuekin aurpegiak estalita agertzen dira,

    ez gaituztelako ezta argazki haietatik ere ikusi nahi.

    dei batek…


    2007 - 10.27

    Dei batek berehala

    ken dezake umorea,

    segituan heltzen zaigu, nahi eta ez,

    etxera joateko tenorea,

    zimeltzen baita gugan zegoen

    eguzkilorea.


    haurra telefonoan

    Lehengo gorria bihurtzen zaigu morea…

    Pako Aristi, Libreta Horiko Poemak


    2007 - 10.20

    Pertsonak, adin batetik aurrera,

    uste du bi mundu ezagutzen dituela,

    lehengoa eta oraingoa.

    Lehen sexua nola zen,

    orain sexua nolakoa den;

    lehengo lan baldintzak,

    oraingo lan modua;

    lehengo familiak,

    oraingo nahaspilak;

    lehengo edariak,

    oraingo drogak.

    Gaur dakienarekin lehengo mundua

    menderatuko zukeen,

    baina lehen ikasi zuenarekin

    gaur bizirik irautea du helburu bakar.

    Iragana antigoaltzat hartuz,

    zorrak kitatuko dituen helmuga

    urruna zaio etorkizuna.

    Orainaren meneko bizi da sarritan

    bi mundu ezagutu zituen pertsona jakintsua.

    Libreta Horiko Poemak, Pako Aristi


    2007 - 10.07

    Maitasuna

    urteak iraun ditzakeen

    treneko bidaia bat

    da.

    Txartelak ez du markatzen

    jaitsi beharreko geltokia.

    Urteak iraun ditzake

    trenetik salto egin edo ez

    iragandako bidaia honek.

    Egun batean

    maitasunak

    geltoki abandonatuetako

    bakardadearen itxura

    hartzen duen arte.

    Heriotza da. Goibelaldia.

    Denboraren gaubeila.

    Berriro abiatzeko agindua

    emango digun loraldia.


    Tresna-barrara saltatu