• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for azaroa, 2007

    Txikitatik egiten didate ilusioa eskutitzek.


    2007 - 11.29


    Txikitatik egiten didate ilusioa eskutitzek.

    Etxean, postontzia astean behin-edo zabaltzeko ohitura egon da betidanik.

    Familiakoen gutunak sukaldera heltzeko desiratzen egoten nintzen.

    Errito antzekoa zen gurean.

    Eskolatik etxerako bidean,

    autoa gelditu,

    giltza hartu,

    etxe itxurako postontziko atetxoa ireki

    eta gutunak atera.

    Kotxean sartu,

    begiak distiraz beterik,

    gutun guztiak ikusi,

    norenak ziren ikusi,

    ordenatu,

    ondoren, zaharrenetik gazteenera antolatu.

    Nirerik bazen motxilan gorde.

    Etxera heldu,

    sukaldera sartu,

    banaketa egin.

    Ondoren, lasai eseri

    eta norberaren korrespondentzia irakurri.

    Eibarko eskutitzak izugarri gogoko nituen,

    Gabon inguruan bidalitakoak bereziki,

    magia berezia nabari nien.

    Orain ez naiz errito horren parte,

    ahizpari dagokio nire betebeharra.

    Pena da, baina c’est la vie!

    Orain ez dut eskutitz magikorik jasotzen.

    Normalean…

    Lehengoan bai ordea!

    Cambrigetik postala!

    Ahizpak eman zidan,

    hura  poza nirea!!!

    Ez zen Eibarkoa,

    Baina bai urruti zegoen eibartar batena…

    Berriz ere umetako magia sentitu nuen…

    Ume sentitu nintzen…

    barrea


    2007 - 11.07

    Barre urduria,
    barre lasaia,
    barre ixila,
    barre zaratatsua,
    barre alaia,
    barre tristea,
    barre bitxia,
    barre arrunta,
    barre argia,
    barre iluna,
    barre atsegina,
    barre amorragarria,
    barre berria,
    barre zaharra…

    barrea

    Den modukoa dela, barrea…

    Treneko basajaun edo olentzeroa…


    2007 - 11.03

    Trena hartzen dudan bakoitzean gogo bat etortzen zait,
    pareko jarlekuan hankak jartzeko gogoa
    eta batzuetan,
    ezin izaten dut alde batera utzi.

    Egun horietan ikusten dut treneko pika,
    edo ikuskaria,
    edo dena delakoa.

    Gizon hori txikitatik ikusi izan dut
    eta aipatu dudan gogo hori aspalditik datorkit…

    Behin baino gehiagotan harrapatu izan nau hankak pareko jarlekuaren gainean ditudala gizon bizardun horrek.

    “Arratsaldeon, hankak jaitsi, mesedez” esaten dit bere ahots lodiaz,
    kaso egin eta txartela erakusten diot.

    “Agur” elkarri esan eta hurrengo batean berriz ikusteko gogoa uzten dit, hurrengo egun horretan hankak jarlekuaren gainean ez ditudala ikus dezan. Baina gogoarekin baino ez naiz gelditzen, izan ere, hurrengo ikusten dudanean, berriz ere hankak pareko jarlekuaren gainean ditut…

    Egunen batean ikusiko al nau ganoraz eserita?


    Tresna-barrara saltatu