• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for maiatza, 2008

    Axolagabetasuna.


    2008 - 05.18

    Askotan egunen aspergarritasunaz kexatzen naiz, zerbait berria bizi nahi izaten dut, besteak ahaztu eta neure munduan egon (nahiz eta zein den jakin ez…), nik nahi dudana egin, telefono mugikorraz ahaztu, ez dela existitzen pentsatu. Egoista samarra beharbada, baina halakoxea naiz ni.

    Gutxitan egin dut ihes, nahi baino gertuagora eta nahi baino gutxiagotan, baina ihes. Urrunago joatea gustatuko litzaidake eta sarriago, leku ezezagun eta galdu batera. Han pasa eguna edo gehiago agian… Nire buruarekin bakarrizketan. Liburuak irakurri. Xomorroak eta txoriak zenbatu. Zelai batean zuhaitz baten gerizpean etzanda egon, eguzki epeletan, beroegia ez da ona…

    Leku idilikoa edo utopikoa beharbada…

    Askotan ez dut ihes egiterik lortzen eta lortzen dudanean ez dut arrakasta handiegirik izaten…Askotan sartzen naiz arazoetan… Besteak ahazten ditut eta ez naiz arduratzen beraiek uste dutenaz edo beraiei sor dakiekeen ezinegonaz edo urduritasunaz… Ez diet esaten non nagoen ez bainaiz errealitatearen eta denboraren jabe. Nire munduan murgilduta nago, galduta, baina gustura ziurrenik. Nire axolagabetasunean gustura, besteez gogoratu gabe eta gogoratuz gero, baliteke instant bateko gauza besterik ez izatea, tamalez ala zorionez?

    Halakoxea naiz ni, axolagabea, axolagabetasunaren errudun sentitzen dena, baina era berean, axolagabe izateaz arro dagoena…

    Errudun eta arro…


    Tresna-barrara saltatu