• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for azaroa, 2009

    Good bye


    2009 - 11.24

    Beste behin ere zinemara joan ginen. Jarleku gorriek eta pantaila zuriak magiko bihurtzen zuten momentu hura. Garai batean, eskutik helduta egoten ginen eta begirada konplizeak zeuden gure artean. Aspaldi hasi zen higatzen gure harremana. Irudi haiei begira, oraindik, begirada konplize gutxi batzuk baziren, baina gure artean mila tonako eta mila metroko glaziarra ikus zitekeen.

    Pelikula hasi zen. Good bye Lenin, alemanez. Hizkuntza ezezaguna, pelikula ezezaguna eta aldamenean zegoena ere arrotza zitzaidan. Zer gertatu zitzaion gureari? Alemania bitan banatzen zuen harresia bota egin zuten. Gure artean, berriz, amaierarik gabeko harresia eraiki genuen. Munduan dagoen ezerk bota ezin dezakeen harresia. Gogorra. Beldurgarria. Negargarria. Hotza.

    Good bye Lenin izan zen elkarri good bye esateko bide.

    harresia

    Hotz.


    2009 - 11.18

    Egoeraren hoztasuna apurtzeko “kaixo” esatea ez da erraza izaten askotan. Baina agurrak are zailagoak izan ohi dira.

    Garai batean guztia ikusten genuen koloretsu, dena zen argia. Eguzkiak argitzen zituen gure bizitzak, baita elkarri genion maitasunak.

    Baina eguna gau bihurtzen den bezala, gure artekoa ere ilun bilakatu zen. Ostadarraren koloreen ordez zuri beltzak genituen.

    sua

    Nola berreskuratu zuri-beltzetik gorri, laranja, hori, berde, urdin eta moreak? Argia eta ura behar. Ura soberan, baina argia faltan… Lehen erreala zena orain utopiko bilakatu da. Eta zuri-beltzaz kexu baginen, oraingo belztasun ikaragarri hau ez da hobe.

    Hoztasuna berriro ere gure artean. Inguruko epeltasunak ez digu eragiten hotzago bihurtzeko edo gure iluntasunean gehiago murgiltzeko ez bada. Sua itzaltzen denean ez dago argitasunik ezta ere inolako epeltasunik…

    Hasierako “kaixo”, amaierako “agur”.


    Tresna-barrara saltatu