• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for uztaila, 2010

    10 egun


    2010 - 07.30

    Zer dira gure bizitzako hamar egun? Galdetuko luke baten batek. Egia esan gure bizitzako parte nimiño bat baino ez da. Hala ere, hamar egun horietan bizitza osoan baino beteago senti zaitezke.

    Leku ezezagun batera jende ezezagunarekin joan beharrak urduritasuna, ardura eta beldurra sor ditzake zugan. Gizakiak beti izan baititu ezezagunarekiko sentimendu horiek.

    Egunak igaro ahala, jende ezagutzen hasi eta hasierako sentimenduak aldatu eta konfiantza, poza, bromak, barreak eta abar sortzen hasten dira. Pixkanaka-pixkanaka ezezagun taldea ezagun bihurtzen da. Ezagun eta lagun.

    10 egun, 240 ordu, 14400 minutu, 86400 segundo. Zer dira gure bizitzan? Niretzat altxor bat, nire bihotzeko kutxatxoan gordeko dudan altxor ikaragarria.

    Alazne morena, Alazne rubia, Alex, Julen, Iñigo, Sergio, Belai eta Ander. Izen hauen atzean asko dago. Nire barrea aipatu duzue askok dedikatorietan, baina nire barrea ez da berezkoa. Ni pozik egoteko arrazoiren bat egon behar da eta arrazoi hori zuek izan zarete.

    Hau idaztean malkoak gorde beharrean aurkitzen naiz. Izan ere, pasa diren 864000 segundo horietan oso zoriontsu izan naiz zuen ondoan. Istripua izan nuela guztiz ahaztu nuen, etxeko giro tristea ahaztu nuen, nire arazoak lurrun bilakatu eta hegan alde egin zuten.

    Orain, ordea, gogorra egiten zait zuen laguntza eta euskarria hain urrun izanda Arotz-Eneia ontzian nuen irribarrea berreskuratzea.

    Mila esker Alazne morena,

    Mila esker Alazne rubia,

    Mila esker Alex ñoños,

    Mila esker Julen Ibarra Tolosa da,

    Mila esker Iñigo kaka,

    Mila esker Sergio “de dairector”,

    Mila esker Belai zoro,

    Mila esker Ander Travolta.

    Eskerrik asko guztioi Arotz-Eneako esperientzia perfektu bihurtu duzuelako eta egunero ni irribartsu jaikitzeko arrazoi izan zaretelako.

    Ez zaituztet sekula ahaztuko. Izarrei begira jarraituko dut bertan ikusiko baitzaituztet.

    begiraleak

    loretxoa eta hodeia


    2010 - 07.02

    Bazen behin muino batean beti gora begira egoten zen loretxo bat. Gauetan lo egiteko baino ez zuen burua jaisten. Berdin zitzaion negua, udaberria, uda edo udazkena izan. Berdin zitzaion euria, eguzkia, elurra, ekaitza edo kazkabarra. Berak gogor eusten zion bereari. Egunero, huts egin gabe bere hitzordura agertzen zen.

    Zergatik egiten zuen hori loretxoak? Maitemindurik zegoelako. Orduak igarotzen zituen zerura begira. Zehatz esateko, hodeiari begira. Hodeia zen bere energiaren, zorionaren, irribarrearen eta pozaren sortzailea.

    Ez zen erraza horren banaturik bizitzea. Ez ziren samurrak zeru urdinak bera han ez bazegoen. Behe-lainoa noiz egongo desiratzen egoten zen, hodeia beragandik oso gertu egoteko eta goiz haietako freskotasuna hodeiak uxa zezan. Horrelakoa zen beraien harremana hodeitxoak loretxoa salbatu zuenetik. Loretxoa erabat eskerturik zegoen hodeiak itotzetik salbatu zuelako. Eurite handiak izan ziren eta loretxoak ez zekien ur haietan igeri egiten. Hau ikusita, hodeitxoak loretxoa bere bizkarrean hartu eta euririk ez zen muino garai batera eraman zuen.

    Egun hartatik aurrera, euria baretzen joan zen eta bien arteko harremana sendotzen maitasuna ernetzen zihoan heinean. Egunak joan, egunak etorri, biak zoriontsuago ziren eta egunen batean biak elkarrekin nahi beste denbora egoteko aukera izango zuten itxaropenarekin agertzen ziren eguneroko hitzordura.

    Hala bazan edo ez bazan,

    sar dadila kalabazan,

    eta irten dadila Lisboako plazan!

    eguzkilorea


    Tresna-barrara saltatu