• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for abendua, 2010

    Txori Hood


    2010 - 12.30

    Neguko egun hotz hauetan habiatik ez naiz askotan irten, nahiz eta bertan egoteak aspertzea eta bakartasunean murgiltzea dakartzan. Kanpoan freskoegi dago nire lumentzat, baina goseagatik bidaia txikiren bati hasiera ematea pentsatu nuen. Pentsatu eta egin. Baina nora joan ahoa goxotzeko jatekoaren bila?

    Gabon giroa zela-eta etxebizitzetako leihoetara gerturatzea bururatu zitzaidan, inozentziaz eta ilusioz beteriko haurren batek ogi zatiren bat emango zidalakoan. Halaxe, nire hegoak astindu eta nire habiatik gertu zegoen etxe handi eta argitsu batera hurbildu nintzen. Leihotik begiratu eta bazkari oparoa zuten mahai gainean. Urdaiazpikoz beteriko platerak, zainzuriak, patea, pintxo ugariak, saldaz beteriko zopa-ontzi handi bat, kolore desberdinetako barazkiz beteriko ontzia, labetik ateratako arrain samurra eta plantxan egindako haragi xerra ikaragarriak nituen begi aurrean. Codorniu eta Chateau botilak ziren janarien laguntzaile. Baina nik ogi apur bat baino ez nuen nahi.

    Ume kolore-gorri alai bat ikusi nuen korrika mahai inguruan, hari begira gelditu nintzen, eta halako batean, han nengoela konturatu zen. Jolaserako gogoa zuen antza denez eta niregana hurbildu zen mahaian eserita zegoen jendeaz ahaztuz. Eskuan ogi kozkor bat zuen. Birrindu, leihoa ireki eta eman egin zidan.

    Etxe hartatik nahikoa lortu nuela-eta beste batera joatea pentsatu nuen. Halaxe, hegoak lanean jarri eta beste norabait abiatu nintzen. Oraingo honetan, etxe txikitxo batera heldu nintzen, ez zegoen argi handirik. Leihora gerturatu eta barruan ia ez zen ezer ikusten. Bi kandela zituen mahaitxo bat ikus nezakeen. Mahaiaren inguruan lau pertsona burumakur, eta tartean, azal zuriko bi neskatxa, poztasunik gabeak, tristuraz josiak. Mahai gainean bi kandela eta lau plater zituzten eta plateretan hori koloreko pasta sendo antzeko zerbait. Pena sentitu nuen. Ez nekien zer egin euren aurpegiak alaitzeko. Batzuek hainbeste eta beste batzuek hain gutxi…

    Gaua lanean jardun nuen. Ezin nuen ezer egin gabe habiara lotara joan. Aberatsei hartu eta behartsuei ematen igaro nuen gaua. Hotza pasa nuen, noski. Baina hurrengo egunean, beraien etxeko leihoaren ondoan esnatu nintzen eta pertsona haien aurpegia (bi neskatxena batez ere) ikusi nuenean, jasandako hotz guztiak joan zitzaizkidan. Beren irribarreek bete eta berotu baitzuten nire bihotza.

    Harriturik gelditu ziren. Ez zekiten nola bete zen janariz beren egongela. Halako batean, neskatxa txikienak leihora begiratu eta hantxe ikusi ninduen. Hark ni izan nintzela pentsatu zuen. Gurasoek, berriz, beren buru karratua zela-eta, ezinezkotzat jo zuten. Hala ere, neskatxa gazteenak niregana egin zuen, leihoa ireki eta besoetan hartu ninduen. Bere zuritasunean epela zegoen. Maitasunez beteriko besarkada bat eman zidan. Ni bere maskota izatea nahi zuen. Gurasoek ordea, ezin zuten beste aho bat mantendu, nahiz eta nire laguntzaz jateko pixkat bazuten. Hala ere, umetxoari egun batzuk baino ez nituela igaroko esan zioten. Jatekoa murrizten zitzaienean, alde egin beharko nuela.

    Horrela, egun batzuk beraiekin igaro nituen, eta joateko eguna iritsi baino lehen, ideia bat bururatu zitzaidan. Nik ez nuen handik joaterik nahi. Izan ere, habian bakarrik, aspertuta, gosez eta hotzez egoten nintzen. Familia hark jateko beharra zuen, zergatik ez nintzen beraien Txori Hood bihurtzen? Eta halaxe egin nuen. Nik beraiei jatekoa eta osasuna nekarzkien eta beraiek epeltasuna eta maitasuna.

    Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila Elgoibarko plazan.


    Tresna-barrara saltatu