• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for otsaila, 2011

    argazkia


    2011 - 02.18

    Bilobak korrika zebiltzan baserriko atarian, iji ajaka udazkeneko egun eguzkitsu batean. Zerua urdin, eguzkia epel eta hodei zuri eder gutxi batzuk eguzkia estali nahian. Barruan aiton-amonak beren adinean aurrera, baina biloben ahotsek egiten zituzten zoriontsu. Gogoan zituzten hankak horren arinak zituzteneko garaiak. Haurtzaroa eta gaztaroa bizitzaren harribitxi.

    Aitonak begi urdin lasaiak zituen, itsaso barearen antzekoak, haiei begiratuz gero, gaitz eta urduritasun guztiak kentzen zituztenak. Bere irribarre baketsuak ere bere eragin terapeutikoa zuen. Amonak begi berde lagunkoiak zituen, konfiantza ematen duten horietakoak. Oraindik igartzen zitzaizkion gaztetako masail gorrixkak uda kutsuko eguraldiaren ondorioz.

    –          Haizea, Haizea! Begiratu zer aurkitu dudan! -esan zuen Xubanek ganbarako ilunetan.

    –          Zer da? -galdetu zion arrebak iluntasunean tentuz ibiliz.

    –          Egurrezko kutxa bat! Oso polita da eta nahiko zaharra, dirudienez. -erantzun zion nebak begiak ilusioz beterik zituela.

    –          Ireki! Beharbada altxorren bat egongo da barruan!

    –          Bai zera! Baserri honetan altxor bat? Txoratuta zaude ala?

    –          Zergatik ez? Baliteke urre mordoa edo aspaldiko txanponak egotea…

    –          Zerbait egotekotan hautsa eta arratoi hilen bat!

    –          Ez esan horrelakorik! Ireki ezazu behingoz! -Haizeak ezinegonez.

    Kostatu zitzaion, baina azkenean, mutikoak ireki zuen aurkitutako kutxa. Irudiak baino ez. Aspaldikoak. Eskuetan hartu eta argazki haiek biltzen zuten istorioan barneratu ziren nahi gabe. Ez zekiten nortzuk ziren argazkietako gaztetxoak. Paisaia politak eta pertsona atseginak agertzen ziren bertan. Ez zen espero zuten altxorra, baina, behintzat, ez zuten aurkitu nazkagarria zen ezer.

    –          Nortzuk dira? Neska honek ez al du gure amaren antza? -esan zuen Haizeak.

    –          Ba ez dakit. Baina amaren antza badu, bai…

    Tximista baino azkarrago jaitsi ziren ganbaratik.

    –          Amona, amona! Ikusi zer aurkitu dugun! -neskatilak.

    Amonak kutxa hartu eta ireki egin zuen. Argazkiak ikusi zituen eta aitonari eztiki begiratu zion. Argazki batzuk hartu eta aitonari erakutsi zizkion. Aitonak begirada samurra eskaini zien argazkietan azaltzen zirenei.

    –          Nortzuk dira? –Xubanek jakin-minez.

    –          Gu gara. -erantzun zion aitonak.

    –          Zer? -Haizeak harriduraz.

    –          Bai, urte dezente igaro dira, baina gu geu gara. Gu ere gazteak izan ginen! -amonak irribarrez.

    Aiton-amonek eta bilobek arratsaldea pasa zuten argazkien azalpenak eta agertzen ziren pertsonen bitxikeriak eta xelebrekeriak kontatuz eta entzunez. Xubanek eta Haizeak ez zuten uste hain ondo pasako zutenik aiton-amonei gaztetako kontuak entzunez. Telebistaren edo ordenagailuaren falta ez zuten igarri ere egin!



    Haurrak lotara joan ostean, aiton-amonak sukaldeko aulkietan eserita gelditu ziren, elkarri begira. Itsasoak eta mendiak bat egiten zuten haien begiradetan. Berrogeita hamar urte inguru atzera egiteak nekatu egin zituen. Ohean sartu ziren, elkarri besarkaturik, gaztaroko lagunak eta uneak gogoan. Begiak itxi aurretik elkarri musu samur bat eman zioten.

    Huraxe izan zen bilobek aiton-amonekin pasa zuten azken eguna.


    Tresna-barrara saltatu