• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for martxoa, 2011

    Bizitzaren goxokiak


    2011 - 03.20

    Gauza goxoak eta maitagarriak ikusten, sentitzen edo bizi ditudanetan eskerrak ematen dizkiot bizitzari. Momentu horiek ezin dira munduko urre guztiarekin ere ordaindu. Jendeari arruntak edo garrantziarik gabekoak iruditzen zaizkionak dira asko. Baina ni bizitzako txikikeria horiekin pozten naiz eta bizitzak balio duela ohartzen naiz. Huskeriak edo memelakeriak izango dira batzuentzat, baina niretzat hortxe dago zoriontasunaren gakoa.

    Oraingo honetan hiru bikoteren, gehienez ere, hogeita hamar segundoko kontuak aipatuko ditut. Lerro hauetako pertsonaiak hiru amona eta hiru aitona dira. Herri, ingurune, ohitura eta adin desberdinetakoak.

    Lehenengo bikotearekin trenean egin nuen topo. Ni irakurtzen nindoan, baina liburuko orrialdeetatik begirada altxatu eta ondoan  nituen aitonarengana eta amonarengana joan zitzaizkidan begiak. Adinean aurrera egindako aitona-amonak ziren. Amonak hotza sentitu zuen irekita zegoen leihoaren ondoan baitzegoen. Bere hezurrek ez zioten nahi bezala jertsea janzten uzten. Gazte batentzat gauza erraza dena laurogei urteak gertu dituenarentzat zortzi milako bat igotzea bezain zaila bihur daiteke. Emakumea trakets moldatzen zela ikusirik, aitona jatorra altxatu eta amonari jertsea egoki janzten lagundu zion, samurtasun eta maitasun osoz.

    Bigarren bikotea etxekoa da. Lagunok ospakizun bat izan genuen gutariko baten urteak izan zirela-eta. Palotes-ak behar baino gehiago erosi genituen eta batzuk etxera eraman nituen familia-bazkariaren ostean jateko. Amona gozozalea izanik, hartzeko esan nion. Berak haur baten antzera, ilusio osoz, hartu zuen goxokia. Baina haurren inozentzia berarekin eskaini zion erdia aitonari eta aitonak, beste haur baten antzera, gonbita begi distiratsuz onartu zuen.

    Hirugarren eta azken bikoteari berriz, kostaldeko herri batean egin nuen topo beraiekin. Zain zeuden. Autobusa iritsiko zain, markesinako jarlekuan. Baina ez zeuden zutik edo elkarren ondoan. Amona, bere haur-denbora gogoratu nahian, aitonaren belaunetan eserita zegoen. Berak zuen plastikozko poltsan goxoki bila zebilela zirudien. Pozik zegoen aitonaren altzoan, momentu goxoaz goxatzen eta ahosabaia gozatzeko gozoki bila.

    Honelakoak baitira bizitzaren goxoki…

    eskuak


    Tresna-barrara saltatu