• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for urtarrila, 2012

    2012-01-18, balizko ezkontzarako hitzalditxoa


    2012 - 01.18

    Kaixo guztioi,

    Gaurkoa egun berezia dugu oso; Aintzane eta Julen ezkontzen zaizkigu. Zorionak bioi! Urteak dira jada elkar ezagutzen dugula, eta mila abentura eta komeria bizi izan ditugu elkarrekin. Zenbat oroitzapen! Txiki-txikiak ginenetik elkarrekin, zenbat negar eta zenbat barre elkarrekin! Baina gaur emozioaren emozioaz negar egitea tokatzen zaigu. Egun garrantzitsua eta polita da zuentzat, eta baita ingurukoontzat ere. Ospatu besterik ezin dugu egin. Ospatu, zorionak hitza behin eta berriz esanez. Horixe opa dizuet: zori ona. Zorte ona. Elkarrekin zoriontsu izan zaitezte¬la; orain artean beste, edo gehiego, ahal baldin bada. Eta elkar maite dezazuela, indar eta gogo biziz, onean eta txarrean, barreetan eta negarretan.
    Zori ona opa dizuet, bai; baina eskerrik asko ere esan nahi dizuet, eta bide batez, gure adiskidetasunaren laburpentxoa egin. Izan ere, zenbat urte genituen elkarrekin jolasean hasi ginenean? Sei inguru, oker ez banago. Zenbat momentu on zuekin eta zuei esker! Elkarrekin jolastu, haserretu, eta hazi gara; elkarri lagundu diogu, eta elkar maitatu gara. Jakingo bazenute zenbat lagundu didazuen momentu txarretan! Askotan, momentu gogorrak bizi ditugunean, gure burbuilan sartzen gara, eta munduko izakirik zorigaiztokoenak sentitzen gara; eta, azkenerako, zorigaiztoko bihurtzen gara. Baina inguruan ditugun erletxoei esker aurrera egiteko indarra lortzen dugu.
    Zenbat laguntzen duten ingurukoek! Lagunek batez ere. Esaten da lagunak direla guk hautatutako familia. Gure kasuan, halaxe dela ziurta dezaket. Lagunak gara, baina neba-arreben arteko harremana egon dela esan daiteke. Neba-arreba baino gehiago izan gara, eta horrela segitzea espero dut. Zuek izan zarete nire erletxo eta familia. Mila esker ditut zuei emateko, mila arrazoirengatik. Mila? Mila gutxi dira. Eskerrik asko, beraz.
    Puntu honetara heldurik, ez dakit nola bukatu; hortaz, aurrekoa laburbilduz, hauxe esaten dizuet: eskerrik asko, zorionak, eta nire maitasun eta desiorik onenak zuen bizimodu berrirako. Izan zoriontsu, bikote!

    Vikingoen sorterrira, Xabier Mendiguren Elizegi, hautatua


    2012 - 01.16

    Xabier Mendiguren

    (…)

    Ilun-orduak zetozenean H.rengana joaten zitzaidan gogoa, eta zeru lainotuan argi-izpi bat sumatzea bezala izaten zen niretzat, konparazioa onartzen badidazu. Erreakzio automatikoa zen, ihesbide askatzailea: egunean eguneko une txarra tokatzen zenean, H.aren aldarte baikorra gogoratu, eta bitamina batek edo tila-urak egingo zukeen lana egiten zidan hark nire barren ahulduan. Alabaina, ez zen nahikoa.  (…)

    Ez nengoen lasai, hala ere. Banekien zer esan nahi nion. Banekien esan egin nahi niola ere. Baina ez nekien nola. (…) Nik bera maite nuen; eta berak ni? Hori falta zitzaidan jakiteko.

    Horrelako hitzez esan beharrik ez dagoela entzun izan dut behin baino gehiagotan, igarri egiten direla. Hala ote? Igarri ote zidan H.k zer esan nahi nion, zer sentitzen nuen? Batetik, ukaezina zen begikotasun-seinaleak igortzen nizkiola, baina, bestetik, ni emakume serioa nintzen, ezkondua, lanean arduratsua… beharbada ez zuen imajinatuko nire adierazpen txeratsu haiek sinpatiatik harago zihoazela. Era berean, nola interpretatu behar nituen nik H.ren keinuak? Jatorra zen nirekin, atsegina, adeitsua… beste zerbait ezkutatzen ote zuen jokabide horren atzean? Ala nire gogo sukartsuaren iruzurra zen halakorik imajinatzea? Ez nekien eta ez neukan jakiteko modurik, ahoz esanda ez bazen.

    (…)

    Oso gogorra izan zen. Ni ez zapuzteko jokatuko zuen horrela: erreakzio diplomatikoa, ez entzunarena egitea autodefentsa-maniobra gisa. Baina ni nahiko jota gelditu nintzen.

    (…)

    Berandu arte egon ginen han, oheko jolasak eta oheko solasak tartekatuz (…)

    Familia


    2012 - 01.16

    Gure gurasoen garaiko familiak eta oraingoak ezin dira alderatu. Egia da beti egon direla familia onak eta txarrak, baina gaur egun ikusten diren familiak garai batekoak baino xelebreagoak dira dudarik gabe. Ez dut jo nahi familia osatzen dutenen aldetik, -aldaketei eskerrak, ugaritasuna baitago familia moldeetan-, baizik eta familiakoen jokabideetatik.
    Beti egon izan dira kaleko umeak, egun osoa kalean pasatzen zutenak. Horrek badu bere alde ona; izan ere, autonomia lortzen dute, eta baita beren kabuz erlazionatzeko eta moldatzeko gaitasuna ere. Hala ere, bere alde txarra ere izan dezake: erabat kaleko bihurtzea. Hau da, guztiz lotsagabetzea, kalea beraiena dela pentsatzea, eta etxekoenganako inolako loturarik ez sentitzea.
    Nire haur garaian ere baziren kaleko umeak, eta guztiz lotsagabeak ziren batzuk; guztiak ez, orokortzea ez baita ona. Nahi zutena lor zezaketela uste zuten, eta beraien ongizateari baino ez zioten erreparatzen, besteak kontuan izan gabe. Eskaleen antzera, kaleko legera ohituak zeudela zirudien, eta ez zutela inolako araurik onartzen.
    Bestalde, baziren betiko ume mimatuak: etxeko errege-erreginak zirenak, munduaren zilborra zirela uste zutenak. Nahi zuten guztia lortzen zutenak ziren, negar pixkat egin, eta gurasoak gaizki sentitzen zirelako, minutu bat igaro baino lehen, umeari nahi zuena ematen zioten. Mundua beraien zerbitzura zegoela ikusten zuten. Handitan auskalo zer egin duten beraien heziketari esker!
    Oraingo familiak eta garai batekoak alderatuz, lehengoek familiatasun handiagoa zutela iruditzen zait; batasun handiagoa zuten. Beharbada, batzuk diziplinatuegiak ziren; baina oraingoak, batasunik gabeko taldeak direla ematen du. Izan ere, askok kapritxoagatik izaten dituzte seme-alabak –hala dirudi behintzat–, eta gero, ezin izaten dituzte hezi; irakasleen, zaintzaileen edo aitonen-amonen eskuetan uzten dituzte haiek hezi ditzaten.
    Zer dira seme-alabak? Haragi zati bat? Ez dut uste. Beharrak eta eskubideak dituzten gizakitxoak dira. Arreta behar dute, baina baita heziketa on bat ere. Zer da haurra izan, eta inolako interesik ez jartzea haur horren heziketan? Batzuek loreontziak direla uste dutela iruditzen zait, beraien zeregin bakarra haurra izatea balitz bezala jokatzen baitute.
    Familiak eta familiak daude eta egon dira, baina oreka bat behar da beti. Eskubideak, betebeharrak eta mugak dituztela esan, azaldu eta ulertarazi behar zaie etxeko txiki eta gazteei, bestela ez goaz inora. Ohitura onak etxetik hartu behar dira, etxekoek eurek eman behar dizkiete. Irakaskuntza eta hezkuntza ez da ikastetxeetara mugatzen, talde lana da; baina oinarria familia da, gurasoak batik bat. Gurasoen, familiakoen, zaintzaileen eta irakasleen arteko elkarlana dela esan daiteke. Hortaz, oinarria kolokan baldin badago, gurasoek ez badizkiete arau batzuk jartzen beren seme-alabei, alferrik da taldeko beste kideek ahaleginak egitea, nekez lortuko baitute etxean lortzen ez dena.
    Beste kontu bati helduko diogu orain: teknologiaren eraginari. Mesedegarri izan daitekeen arren, kasu batzuetan, kaltegarri eta suntsigarri bihur daiteke. Izan ere, familia askotan telebistek, ordenagailuek eta kontsolek kalte handia egiten dute. Guraso batzuek beraien denbora lortzeko haurrak horien aurrean uzten dituzte. Horixe da errazena, bakean uzteko gugandik urrunaraztea; baina horrek ekar ditzakeen ondorioez ez gara jabetzen beranduegi den arte. Ohitura batzuk sortzen zaizkie haur edo gaztetxoei, eta ondoren, horiek kentzea oso zaila da. Etxeko errege edo erregina bihur daitezke telebista, ordenagailua edo kontsola; gurasoek baino garrantzia handiagoa hartuz, gurasoak eurak ordezkatzera heltzeraino. Teknologia horien seme-alaba, esklabo edo yonki bihurtzen dira.
    Bai, gauza asko izan behar dira kontuan haur bat hezterako garaian, baina ezin gaitezke axolagabetasunean eror. Esatea erraza da, baina seme-alabei behar bezalako heziketa eskaintzea oso zaila. Dena dela, ahaleginak egin behar ditugu, inork ez baitu egingo guk egin beharrekoa.

    errege

    Joxe Arregi, Urteberri on! (2007-01-03), hautatua


    2012 - 01.09

    (…)

    Daukaguna estreinatu orduko baztertu eta berriaren bila abiatzen gara. Berriaren premia eroak garamatza, eta beldur naiz ez ote dugun berriaren berriz eta berri-beharrez dena zahartzen, dena hondatzen. Zaharberritzen baino trebeagoak gara berrizahartzen. Erabili eta bota bizi gara, berriaren aseezineko egarriz, Corte Inglesetik Eroskira. Zeinen arin zahartuko zaigun urte berria!

    “Urteberri on!” halere bihotzez! Baina zer opa diogu elkarri urte berrirako? Zer opa gaur zuri eta neure buruari? Adiskidea, ez dizut opa berri-gosea areagotu besterik egingo ez dizun gauza berri handirik. Ez dizut opa zure amets guztiak aseko lituzkeela iruditzen zaizunik ezer. Ez dizut opa loteriarik, loteria handirik behintzat ez. Ez dizut opa behar duzun baino gehiago irabazterik. Ez dizut opa lehian aurrena izaterik. Ez dizut opa gure mundualdi honetako urte berri guztiek inori eman ezin diotenik. Ez dizut opa, beraz, sasoi beterik. Eta, barkatu, ez dizut opa osasun osorik ere. Ez dizut opa lausorik gabeko bizitzarik. Ez dizut opa zalantzarik gabeko federik. Ez dizut opa ezertan perfektu izaterik, ezta zorion perfekturik ere. Ez sinesmen perfekturik, ez itxaropen perfekturik, ez maitasun perfekturik. Nahiago nuke hori guztia zuretzat eta guztiontzat posible balitz, baina ez da posible, eta ez dizut opa, adiskidea.


    Zer opa dizut, bada, urte berrian? Zarena izaten jakin dezazula opa dizut, ezinaren saminik gabe. Duzuna gozatzen jakin dezazula, dena izateko irrikarik gabe. Datorrena hartzen jakin dezazula, erresumindu gabe. Daukazunarekin aski izaten jakin dezazula, eta gehiago esango nizuke, jakin dezazula gutxirekin aski izaten. Egunero on pixka bat, pixka bat bakarrik, egiten jakin dezazula opa dizut, on guztia egin ezaren damurik gabe. Zure inguruko edo mundu zabaleko pobre bati, pobre bakar bati, laguntza apur bat eskaintzen jakin dezazula. Gure herriko bakearen alde hitz bat edo keinu bat egiten jakin dezazula. Etxekoekin eta auzokoekin bakean bizi izateko zeure bake-aletxoa jar dezazula. Zeure zauriekin eta besteenekin errukior izan zaitezela opa dizut. Zeure akatsekin eta besteenekin barkabera izan zaitezela. Egun berri bakoitzari ongi etorri egin diezaiozula opa dizut, ekarriko duen itzal eta guzti. Gauero bakean lotaratzen jakin dezazula, egunak pilatu dizun nahigabe eta guzti. Eguneroko fede argi-ilunari eta eguneroko itxaropen hauskorrari eta eguneroko maitasun-ahalegin erorkorrari eusten jakin dezazula opa dizut. Eta egunero behar dugun bizipoz galkorra gordetzen jakin dezazula. Eta opa dizut, estuasunak estuasun, arnasa hartzen jakin dezazula (…).

    Megaupload eta FBI zein baino zein piratago.


    2012 - 01.09

    Askotan entzuten ditugu pirateria eta pirata hitzak. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa kontuan harturik, pirateria dei geniezaioke ontzi baten edo bertako pertsonen edo gauzen kontra itsasoan eginiko erasoari; ontzi bereko edo beste bateko tripulatzaileek edo pasaiariek egindakoari. Pirata, bestalde: piraterian diharduen pertsonari, edo legalitatetik at edo klandestinitatean egiten denari.
    Definizioak azaldu ostean: zer da gure ustez pirateria? Nor da pirata? Azken egunotan bueltaka dabilen gaia da Megauploaden kontra FBIk egindako erasoa. Kontu asko irakurri, entzun eta ikusi ahal izan ditugu horren harira: Megaupload pirateriagatik itxi dela, pirateriaren aurkako kolpea izan dela, AEBek pirateriari eraso egin diola, etab. Pirateria hitza erabili dute, zergatik ordea?
    Zinemaren, telebistaren, musikaren eta argitaletxeen industriak negozio-eredu berrietara moldatzeko zailtasunak jartzen ditu, tradizioko moldeekin jarraitu nahi dute, eta hori erabiltzaileentzako kaltegarria izan daiteke, baita kulturarentzat berarentzat ere. Erabiltzaileen eskura egon beharko lukete gauzek, erabiltzaileek gauza erosoak nahi izaten baitituzte, eta ahal dela, gauzarik merkeenari heltzen diote; debalde bada hobe. Megauploadek aipatutako baldintzak betetzen zituen –ordaindutako kontua ez zen oso garestia, eta debaldekoa are gutxiago–.
    Duela sei urte jaio zen kultura munduan berritzaile izan nahi zuen Megaupload enpresa, baina, dirudienez, zenbait pertsonek ezin ikusia diote horrelako webguneei. Iratxe Esnaola informatikari ingeniariak GARAn Mega-itxiera artikuluan dioenaren arabera: “Gaur egun, oraindik ere, tradizioko ekoizpen, edizio eta banaketa prozesuekin jarraitu nahi dute, garai, ziklo eta baliabide berrietara egokitu gabe. (…) Hain zaila zaie egoera berria onartzea, hain zaila baliabide eta kontsumo-eredu berrietara egokitzea, ezen legearen indarra ezinbestekoa baitute euren urteetako atzerapenaren dimentsioa murrizteko”.
    Egindakoak badu izenik? Nor da pirata? Megaupload ala FBI? SOPA (AEBen), Sinde (Espainian), Hadopi (Frantzian); horrelako legeak kultura hedatzeko modu berrien aurka sortu dira; negozio-eredu berriak legez kanpokotzat hartzeko; haiei pirateria leporatzeko. Tradizioan egin denari jarraitu nahi zaio erabiltzaileen edo herriaren onurari begiratu gabe.
    Baina Megaupload itxi arren, lortuko al dute eredu berriak gelditzea? Internetek eta teknologiak eskaintzen duen aukera zabala kontuan izanda, zalantza dut. Megaupload bat zen, baina hori erabiltzen zutenek badakite beste hainbat modu daudela artxiboak igo edo jaisteko, eta guztiak ixten badituzte ere, beste batzuk sortzen joango direla pentsatzen dut.
    Bukatzeko, zerbitzari edo webgune horietan egoten den guztia ez da ilegala, zilegi diren dokumentuak ere badira bertan –kasu askotan, gainera, egileek eurek igotzen dituzte–, baita Megauploaden ere; hortaz, zer gertatzen da han tesia gordea zuenarekin? Adituen diotenez, ezingo dira dokumentuak berreskuratu. Megaupload jabetza intelektualaren etsai baldin bazen, badirudi orain kontua aldatu egin dela. Hasierako definizioetara itzuliz, pertsonen edo gauzen kontra itsasoan eginiko erasoa baldin bada pirateria, oraingo honetan nor dabil pirata-lanetan?

    A eta B


    2012 - 01.04


    Bihotza eta burua,

    burua eta bihotza;

    beroa eta hotza,

    hotza eta beroa.

    Bien arteko oreka

    ez da batere erraza;

    ezinezko ez bada.

    Beti dabiltza bateratu ezinda.

    Bihotzak A nahi,

    buruak B dio.

    Buruak A esan,

    bihotzak B nahi.

    Baina bada beste zerbait,

    gogoa-edo

    A eta B biak nahi.

    Bada A eta B lortzeko aukerarik?

    Osasungarria al da?

    Bideragarria ote?

    Ala zirt edo zart,

    bata edo bestea aukeratu behar?


    Tresna-barrara saltatu