• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Megaupload eta FBI zein baino zein piratago.

    2012 - 01.09

    Askotan entzuten ditugu pirateria eta pirata hitzak. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa kontuan harturik, pirateria dei geniezaioke ontzi baten edo bertako pertsonen edo gauzen kontra itsasoan eginiko erasoari; ontzi bereko edo beste bateko tripulatzaileek edo pasaiariek egindakoari. Pirata, bestalde: piraterian diharduen pertsonari, edo legalitatetik at edo klandestinitatean egiten denari.
    Definizioak azaldu ostean: zer da gure ustez pirateria? Nor da pirata? Azken egunotan bueltaka dabilen gaia da Megauploaden kontra FBIk egindako erasoa. Kontu asko irakurri, entzun eta ikusi ahal izan ditugu horren harira: Megaupload pirateriagatik itxi dela, pirateriaren aurkako kolpea izan dela, AEBek pirateriari eraso egin diola, etab. Pirateria hitza erabili dute, zergatik ordea?
    Zinemaren, telebistaren, musikaren eta argitaletxeen industriak negozio-eredu berrietara moldatzeko zailtasunak jartzen ditu, tradizioko moldeekin jarraitu nahi dute, eta hori erabiltzaileentzako kaltegarria izan daiteke, baita kulturarentzat berarentzat ere. Erabiltzaileen eskura egon beharko lukete gauzek, erabiltzaileek gauza erosoak nahi izaten baitituzte, eta ahal dela, gauzarik merkeenari heltzen diote; debalde bada hobe. Megauploadek aipatutako baldintzak betetzen zituen –ordaindutako kontua ez zen oso garestia, eta debaldekoa are gutxiago–.
    Duela sei urte jaio zen kultura munduan berritzaile izan nahi zuen Megaupload enpresa, baina, dirudienez, zenbait pertsonek ezin ikusia diote horrelako webguneei. Iratxe Esnaola informatikari ingeniariak GARAn Mega-itxiera artikuluan dioenaren arabera: “Gaur egun, oraindik ere, tradizioko ekoizpen, edizio eta banaketa prozesuekin jarraitu nahi dute, garai, ziklo eta baliabide berrietara egokitu gabe. (…) Hain zaila zaie egoera berria onartzea, hain zaila baliabide eta kontsumo-eredu berrietara egokitzea, ezen legearen indarra ezinbestekoa baitute euren urteetako atzerapenaren dimentsioa murrizteko”.
    Egindakoak badu izenik? Nor da pirata? Megaupload ala FBI? SOPA (AEBen), Sinde (Espainian), Hadopi (Frantzian); horrelako legeak kultura hedatzeko modu berrien aurka sortu dira; negozio-eredu berriak legez kanpokotzat hartzeko; haiei pirateria leporatzeko. Tradizioan egin denari jarraitu nahi zaio erabiltzaileen edo herriaren onurari begiratu gabe.
    Baina Megaupload itxi arren, lortuko al dute eredu berriak gelditzea? Internetek eta teknologiak eskaintzen duen aukera zabala kontuan izanda, zalantza dut. Megaupload bat zen, baina hori erabiltzen zutenek badakite beste hainbat modu daudela artxiboak igo edo jaisteko, eta guztiak ixten badituzte ere, beste batzuk sortzen joango direla pentsatzen dut.
    Bukatzeko, zerbitzari edo webgune horietan egoten den guztia ez da ilegala, zilegi diren dokumentuak ere badira bertan –kasu askotan, gainera, egileek eurek igotzen dituzte–, baita Megauploaden ere; hortaz, zer gertatzen da han tesia gordea zuenarekin? Adituen diotenez, ezingo dira dokumentuak berreskuratu. Megaupload jabetza intelektualaren etsai baldin bazen, badirudi orain kontua aldatu egin dela. Hasierako definizioetara itzuliz, pertsonen edo gauzen kontra itsasoan eginiko erasoa baldin bada pirateria, oraingo honetan nor dabil pirata-lanetan?

    Tags: , , , , ,

    Your Reply


    Tresna-barrara saltatu