• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Psikologoari…

    2013 - 06.28

    Nire psikologo pertsonal maitea,

     

    Orain hilabete batzuk, hamar edo, esan zenidan airez aldatzeak mesede egingo zidala, eta ez zinen guztiz oker. Bihozkada zenuela gaineratu zenuen. Eta gaur, uda usainarekin eta batzuen ikasturte bukaerarekin batera, atzerabegirakoa egitea pentsatu dut.

    Nola laburbildu ikasturte hau? Bizitza ikas prozesu etengabea dela ikasi dut. Horrelaxe laburbilduko nuke. Oraingoan, uste dut, benetan ikasi dudala. Jende berria ezagutu, gauza berriak ikusi, ikasi eta bizi.

    Une zailetan edo negatiboetan musikak zenbat laguntzen duen ikusi dut, jende berria ezagutzeak eta haien esperientzien berri izatea oso aberasgarria dela. Bakardadea beldurgarria da batzuetan, eta horri aurre egiteko sendagai ezin hobea jendez inguratuta egotea da. Bai, baina ez. Neurrian, guztia bezala. Izan ere, jendez inguratuta egoteak ere ito gaitzake. Gure arazoetatik ihes egiten laguntzen digu, baina beste arazo batzuk ere sor ditzake. Guztia orekatu behar da, eta horixe da zaila bizitzan. Pilatesen orekari eusteko gai ez nintzela eta desorekatu bat nintzela esaten nion begiraleari, eta halaxe dela uste dut, desorekatu bat naiz, orekaren bila dabilen desorekatua. Apurka-apurka orekatzen doan (edo doala uste duen) desorekatua. Baina orekatuegi izatea ona ote? Ez al da hobe desoreka onartu eta norbere burua onartuta aurrera egitea? Beste ikasgai bat.

    Adjektibo bat aukeratu behar izanez gero, itzela erabiliko nuke urte izenari jarraiturik.

    Uste dut ez naizela gai izango nahiko nukeen guztia idazteko, ezta nire buruan dagoen guztia islatzeko ere. Eta beste asko neure golkorako gordeko ditut, neure bakarrik izan daitezen. Gure buruarekin ditugun sekretutxoak. Garai batean, uste nuen guztia kontatu behar nuela, gardena izan behar nuela. Bai, batzuek esango dute banaizela, eta datorkidan guztia botatzen dudala. Baina zer izango litzateke benetan guztia botako banu? Ez omen daukat filtrorik, baina uste dut ikasi dudala nolabaiteko filtroa izaten, zenbait kontutan, behintzat.

    Hainbeste jenderi eman nahiko nizkioke eskerrak, eta hainbeste jende dut gogoan lerro hauek idazterakoan… Ziur naiz baten bat ahaztuko zaidala… Barkatuko dit.

    Marikixkur trikitilaria, Mariglori abeslaria, Akerbeltz lasaia, Txita  zuhaitz zalea, Pistatxo morea, Behor menderakaitza, Lore nafarra, Lanbro leiala, Ratatouille futbolzalea, Ostadar urdina, Bela artista, Kimu jakintsua, Sorgin bihurria, eta nire ibilbidean gurutzatu zareten guztioi, mila esker.

    Tags: , , , , , , , , ,

    3 Responses to “Psikologoari…”

    1. kri kri(e)k dio:

      Haize guztiak izan daitezke berriak, arnasa hartzen asmatzen badugu. Eta gogoratu fisikoki, desoreka eta erorketa oreka berri bat bilatzeko modua direla.

      Edonola ere, jakizu haize berriok pozten garela zure arnasa freskatu baldin badugu.

      Azken hausnarketa: agian haize berria erorketan zehar airea zeharkatzean sentitzen dena da. Haize berria oreka berria da beraz.

      • Kri kri,

        Azken hausnarketa horretan, “erorketa” hitza “negua” edo “heriotza” bezala hartu behar dut, ala beste zerbait adierazi nahi zenuen?

        Eta kontuan izango dut esandako guztia, desoreka eta erortzea ezinbesteko direla hurrengo oreka lortzeko garaian.

    2. Psikologoa(e)k dio:

      Somatzen nuen airez aldatzeak on egingo zizula. Ingurunez aldatzean zure buruari beste zu bat izateko aukera emango zeniolakoan “bultzatu” zintudan abentura berrira. Ingurune berriak aukera berriak dakartza eta aukera berriek esperientzia eta ikaskuntza berriak. Dena ez da aldapa behera izan, eta gorputz eta gogamenaren arteko talkak jasan behar izan dituzu, honek zugan bolada batez erein zuen haize zakarra ekarriz ondorioz. Baina ekaitzaren ostean beti omen dator barea (eguraldiak ere aplikatuko balu…) eta haize zakarra, haize leun bilakatu da berriro. Ikasiz zoaz (ikasiz goaz) esperientzietan busti eta datorrena zerbaitengatik datorrela. Orain artean ikasi dut (eta ikasten nabil oraindik) funtsezkoa dela norbere buruari fidela izatea, norbera izatea, besteen eta batez ere gure buruaren aurrean. Zaindu eta maitatu zure burua, zugandik hasten baita eta zorte on zure bidean!

    Your Reply


    Tresna-barrara saltatu