• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for uztaila, 2013

    GIZON OREKATUA


    2013 - 07.31

    Indiako barnealdeko herri batean, herritarrek asko maite zuten gizon on bat bizi zen. Tamalez, emaztea galdu zuen urte batzuk lehenago, eta semearen kargu bera bakarrik gelditu zen. Nekazaritza lanetan aritzen zen, eta bere laguntzailerik finena zaldi zuri bat zen. Goiz batean, ohi bezala ukuilura animaliari jaten ematera joan zenean, ihes egin zuela ohartu zen. Berria azkar iritsi zen auzokideen belarrietara, eta bere etxera jo zuten:

    –         Zeinen zorte txarra izan duzun! Zaldi bakarra izan, eta harexek alde egin!

    –         Bai, egia da… joan egin da –erantzun zuen gizonak.

    Gizonak bere ohiko lanekin jarraitu zuen. Hala ere, egun batzuk igarotakoan, etxetik irteterakoan, etxeko sarreran zamaria zain zuela ohartu zen. Baina ez zegoen bakarrik, beste bat ekarri zuen berarekin. Berri onaren aurrean, auzokoak joan zitzaizkion berriz:

    –         Zelako zorte ona izan duzun! Zaldia berreskuratzea bakarrik ez, bi izatea ere lortu duzu!

    –         Bai, egia da… –erantzun zuen gizonak.

    Gizonak bi zaldi zituen, eta horrek bere semearekin denbora gehiago igarotzeko aukera ematen zion, eta semearekin herrixka inguruak zaldiz ikusteko aukera ere bai. Baina egun batean, semeak zalditik erori eta hanka bat hautsi zuen. Auzokideak joan zitzaizkion berriro ere:

    –         Zeinen zorte txarra izan duzun! Bigarren zaldia etorri ez balitz, zure semea orain onik egongo zen.

    –         Bai, egia da. –erantzun zuen gizonak soseguz.

    Bi aste igaro ziren, eta gerra hasi zenez, gazte guztiak deitu zituzten armadaren parte izateko. Denak, guztiek maite zuten gizonaren semea izan ezik, ohean baitzen oraindik hanka euskarri batetik zintzilik zuela. Oraingoan ere egin zioten bisita auzokoek eta zera esan zioten:

    –         Zelako zorte ona izan duzun! Zure semeak ez du gerrara joan behar!

    Bai, egia da… –erantzun zuen gizon orekatuak soseguz.

     caballo_blanco_2-1280x800

    Moldaketaren iturria: Mahan, A. eta González, M. (2011). Cuentos Hindues, Sabiduria Ancestral bilduma, Madril: Karma 7, 117-118. or.

    ZU NAIZ


    2013 - 07.26

    Indiako barrualdeko herritxo batean ikasle bat bizi zen, eskuzabala, errukiorra, eta batez ere, zintzoa. Jaiotzezko apaltasunagatik maite zuten guztiek. Bihotz handiduna eta adeitsua. Perfekzioa bilatu nahiak galarazten zion moralki garatzea.

    Arratsalde batean, eguzkia urrunean sartzen ari zenean, zeruak kolore morexka hartu zuen, mutila bere maisuaren etxe xumera joan zen. Irakaslea gizon apala zen eta oso jakintsua eta ulerkorra. Atea jo zuen eta yogiak zera galdetu zuen:

     

    – Nor da? Nor dabil ordu hauetan ate-joka?

    – Ni naiz, maisu ohoragarri hori. Zu ikustera etorri naiz espiritualki hezi nazazun.

    – Ikasle maitea, ez zara behar bezain heldua –erantzun zion mistikoak atea irekitakoan–. Egon urtebetez kobazulo batean eta medita ezazu. Gogoeta egin atsedenik gabe. Ondoren, itzuli eta emango dizut irakaspena.

     

    Hasieran, ikasleak hitz horiek entzun zituenean, gogogabetu egin zen; hala ere, egiazko bilatzailea zenez, etsitzen ez duten horietakoa eta egia beraien bizitza arriskuan jarrita jarraitzen duten horietakoa, yogiari kasu egin eta haren esana betetzea erabaki zuen.

     

    Hainbat egun pasa zituen babesteko eta meditatzeko kobazuloaren bila. Baina, azkenean, mendi baten magalean aurkitu zuen bat. Hantxe egon zen urtebetez, maisuak proposatu bezala, gogoeta sakonak egiten. Denbora horretan, gazteak bere buruarekin egoten ikasi zuen, bere burua entzuten, haratago begiratzen; baina, batez ere, izatea lantzen.

     

    Urtebete geroago berriz ere montzoiaren euriak etorri zirenean, gaztetxoak urtebete pasa zela jakin zuen. Haitzuloa uzteko prestatu, eta bere hezitzailearengana abiatu zen. Hiru egun geroago iritsi zen herrixkara, etxera gerturatu eta atea jo zuen berriz ere.

     

    –         Nor da? Nor dabil ate-joka ordu hauetan? –galdetu zuen mistikoak.

    –         Zu naiz –erantzun zuen ikasleak.

    –         Horrela bada, sartu –esan zuen yogiak–. Ez zegoen tokirik bi nirentzat.

     

     

    Moldaketaren iturria: Mahan, A. eta González, M. (2011). Cuentos Hindues, Sabiduria Ancestral bilduma, Madril: Karma 7, 39-40. or.

     

    YogaWomanSilhouette-850x567


    Tresna-barrara saltatu