• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for urtarrila, 2016

    LAGUNEN ZUHAITZA


    2016 - 01.10

    Badira gure bizitzan gure bidean kasualitatez gurutzatu izanarekin bakarrik zoriontsu egiten gaituzten pertsonak.

    Batzuek bidea gure ondoan egiten dute, ilgora eta ilbehera asko ikusiz, eta badira beste batzuk urrats baten eta bestearen artean ia ikusi ere egiten ez ditugunak. Guztiei deitzen diegu lagun, eta askotariko lagunak daude.

    Agian zuhaitz baten hosto bakoitzak gure lagunetako bat irudikatzen du. Lehenengo kimutik sortzen direnak gure lagun gurasoak dira, bizitza zer den erakusten digutenak. Ondoren, lagun anai-arrebak datoz, horiekin gure espazioa elkarbanatzen dugu gu bezala loratu daitezen, eta horien ondoren ezagutzen ditugu errespetatu eta ona opa diogun gainerako hosto-familia.

    Baina patuak beste lagun batzuk ere badakarzkigu, gure bidean gurutzatuko zirela ez genekien horiek. Horietako askori lagun-min eta bihotzeko lagun deitzen diegu. Zintzoak dira, benetakoak. Esan gabe badakite noiz gauden gaizki, zerk egiten gaituen zoriontsu eta zer behar dugun. Batzuetan, lagun-min horietako batek gure bihotzean eztanda eragin, maitemindu eta lagun maitemindua daukagu. Lagun horrek distira sorrarazten digu begietan; musika, gure ezpainetan eta jauziak, gure oinetan.

    Horiez gain, badira denboraldi baterako lagunak, oporraldi batekoak, egun batzuetakoak edo ordu batzuetakoak. Horiek, gertu gauden denbora horretan, irribarre asko sorrarazten die gure aurpegiei.

    Badira baita lagun urrunak ere, adarren gainetan dauden horiek, baina haizeak putz egiten duenean, hosto baten eta bestearen artean agertzen dira, eta nahiz eta ez ditugun sarri ikusten, gure bihotzetik gertu daude.

    Denborak aurrera egiten du, uda igaro egiten da, udazkena gerturatu egiten da eta gure hostoetariko batzuk galdu egiten ditugu, batzuk beste uda batean jaiotzen dira eta beste batzuek urtaro askotan zehar irauten dute. Hala ere, eroritako hostoek gertu jarraitzen dutenez, gure sustraiak pozez elikatzen, zoriontsu gara. Gure bizitzan gurutzatu zireneko une zoragarrien oroitzapen dira.

    Gure bizitzan gurutzatzen den pertsona bakoitza bakarra da eta beti, beti, uzten du bere zerbait gugan eta gure zerbait darama berarekin.

    Nire zuhaitzeko hosto, bakea, maitasuna eta osasuna opa dizkizut, orain eta beti. Guregandik asko eramango dutenak egongo dira, baina ez da egongo ezer utziko ez digunik. Hori da gure bizitzako erantzukizun handiena eta bi arima kasualitatez ez direla elkartzen erakusten duen froga.

    El árbol de los amigos, Jorge Luis Borges (moldapena).

    Serendipiaz, serenitateaz eta serenitate ezaz


    2016 - 01.07

    Orain hiru urte serendipiaz egin nuen topo serendipia hitzarekin, zer zen jakin nuenean, maitemindu egin nintzen hitzaz eta munduaz. Agian ez da izango munduko hitzik ederrena, baina berarekin dakarrena gustatzen zait. Egongo da kasualitate hitzaren aldekoagoa denik, baina niri kasualitatea hitza serendipia baino kakofonikoagoa, arruntagoa eta zentzugabeagoa (kausalitatean sinisten baitut) iruditzen zait, beharbada, sibarita naizela pentsatuko duzue, baina serenitate hitza gogorarazten didan suge txistulariaren hitz hori garunean iltzatuta geratu zait. Egunerokotasunean ez dut sarri erabiltzen, baina berba hori ezagutu nuenetik, ez naiz pertsona bera eta nahiago dut gertatu zaizkidan kasualitateak serendipia direla sinetsi.

    Agian, Arkimedes bezain famatu eta aurreratu izan nahiko dut nire barren-barrenean. Auskalo! Bai, aitortzen dut, aurkikuntza ikaragarriak egiteko gai izan ez arren, Eureka! esateko aukera txikienak ere aprobetxatzen ditut, denok ez baikara berritzaile eta zientzialari apart izateko jaio. Nik baino lehenago, batek baino gehiagok hitz egin du horren inguruan, oraingo honetan ere ez dut aurkikuntza bikainik egiteko aukerarik izango, beranduegi, beti bezala.

    Behinola, lankide batek esan zidan liburu jakin batzuk irakurtzeko munduratu garela, eta liburu batek ez badigu ezer esaten, ez sentitzeko beldurrik erakartzen ez gaituen liburu bat albo batera uzteko. Hortxe ditut gaueko mahaitxoaren gainean sei liburu. Guztiak ere serendipiaz niregana etorriak, baina, momentuz, ez naute guztiek beren besoetan harrapatu. Frank McCourt idazlearen Teacher Man liburuak bere barruan dituen serendipia izpitxoek egiten dute dirdir nire begietan eta garunean negu nahastu edo tropikaleko egun hauetan.

    Bai, irakasle ari naiz ikasle batzuei laguntza eskolak ematen eta irakasle askori gertatuko zaion bezala, baliabideak eta estrategiak falta ditudala sentitzen dut. Beraz, oraintxe bertan, Frank McCourt-en, domina eta bere omenezko eskultura merezi duen irakasle zailduaren orriak eta esanak munduko kristaurik kristauenarentzat Biblia den bezalakotxeak dira niretzat. Gainera, serendipiaz iritsi da niregana!

    Oraingoan ere ez dut esango esan gabe dagoen ezer, baina kontu batzuk gogorarazi eta horren inguruan hausnarketa egitea baino ez dut nahi.

    Kids watch, scrutinize, judge. They know body language, tone of voice, demanor in general”. (14. or)
    Lost Children of the Lost Children of the Lost Generation (…) Fathers say, Oh, shaddup. Don’t bodder me”. (15. or)
    There’s nothing sillier in the world than a teacher telling you don’t do it after you already did it (…) Professors of education at New York University (…) they talked about theories and philosophies of education, about moral and ethical imperatives, about the necessity of dealing with the whole child, the gestalt, if you don’t mind, the child’s felt needs, but never about critical moments in the classroom”. (19. or)
    In any classroom, something is always happening. They keep you on your toes, They keep you fresh. You’ll never grow old, but the danger is you might have the mind of an adolescent forever. That’s a real problem.” (39. or).
    The way you meet and greet your first class might determine the course of your whole career. Your whole career. (…) you have to know who you are. (…) Never let them invade your territory. Never. And remember: teachers who sit or even stand behind their desks are essentially insecure and should try another line of work. (…) We’d notice how adolescent temperatures rose, blood raced and there was enough adrenaline to poer a battleship. (…) teachers must observe how students present themselves. (…) So much — so much, I say — depends on how they enter a room. Observe their entrances. (…) To enter a room is to move frome one environment to another and that, for the teenager, can be traumatic.” (47, 48, 49. or)

    Beraz, ezin esan gabe utzi, nire ikasle horiek nola tratatu, nola motibatu eta duten gaitasunez nola konbentzitu ahal ditudan esango didan pertsona serendipiaz aurkitu eta nire ondoan izan nahi dudala, nire nirik onena atera ahal izateko eta ikasle horiei behar duten guztia eman ahal izateko. Baina hori guztia serendipiaren esku ezin dudanez utzi, apurka-apurka ingurukoen laguntzaz eta nire kabuz ikasten joan beharko dut. Zeinen erraza den spa itxura duten ikastetxeetan eskolak ematea! Eta behar bereziak eta motxila astunegiak dituzten ikasleen aurrean zer-nolako gabeziak ditugun irakasle xumeok! Irakaslea moldatu behar zaio ikasleari, ez alderantziz. Serendipia hitzak serenitatea gogorarazten duen arren, ezin utzi serenitatea hausten duen serenitate eza serendipia soilaren eskuetan.serendipity


    Tresna-barrara saltatu