• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for the ‘Idatzitakoak’ Category

    Psikologoari…


    2013 - 06.28

    Nire psikologo pertsonal maitea,

     

    Orain hilabete batzuk, hamar edo, esan zenidan airez aldatzeak mesede egingo zidala, eta ez zinen guztiz oker. Bihozkada zenuela gaineratu zenuen. Eta gaur, uda usainarekin eta batzuen ikasturte bukaerarekin batera, atzerabegirakoa egitea pentsatu dut.

    Nola laburbildu ikasturte hau? Bizitza ikas prozesu etengabea dela ikasi dut. Horrelaxe laburbilduko nuke. Oraingoan, uste dut, benetan ikasi dudala. Jende berria ezagutu, gauza berriak ikusi, ikasi eta bizi.

    Une zailetan edo negatiboetan musikak zenbat laguntzen duen ikusi dut, jende berria ezagutzeak eta haien esperientzien berri izatea oso aberasgarria dela. Bakardadea beldurgarria da batzuetan, eta horri aurre egiteko sendagai ezin hobea jendez inguratuta egotea da. Bai, baina ez. Neurrian, guztia bezala. Izan ere, jendez inguratuta egoteak ere ito gaitzake. Gure arazoetatik ihes egiten laguntzen digu, baina beste arazo batzuk ere sor ditzake. Guztia orekatu behar da, eta horixe da zaila bizitzan. Pilatesen orekari eusteko gai ez nintzela eta desorekatu bat nintzela esaten nion begiraleari, eta halaxe dela uste dut, desorekatu bat naiz, orekaren bila dabilen desorekatua. Apurka-apurka orekatzen doan (edo doala uste duen) desorekatua. Baina orekatuegi izatea ona ote? Ez al da hobe desoreka onartu eta norbere burua onartuta aurrera egitea? Beste ikasgai bat.

    Adjektibo bat aukeratu behar izanez gero, itzela erabiliko nuke urte izenari jarraiturik.

    Uste dut ez naizela gai izango nahiko nukeen guztia idazteko, ezta nire buruan dagoen guztia islatzeko ere. Eta beste asko neure golkorako gordeko ditut, neure bakarrik izan daitezen. Gure buruarekin ditugun sekretutxoak. Garai batean, uste nuen guztia kontatu behar nuela, gardena izan behar nuela. Bai, batzuek esango dute banaizela, eta datorkidan guztia botatzen dudala. Baina zer izango litzateke benetan guztia botako banu? Ez omen daukat filtrorik, baina uste dut ikasi dudala nolabaiteko filtroa izaten, zenbait kontutan, behintzat.

    Hainbeste jenderi eman nahiko nizkioke eskerrak, eta hainbeste jende dut gogoan lerro hauek idazterakoan… Ziur naiz baten bat ahaztuko zaidala… Barkatuko dit.

    Marikixkur trikitilaria, Mariglori abeslaria, Akerbeltz lasaia, Txita  zuhaitz zalea, Pistatxo morea, Behor menderakaitza, Lore nafarra, Lanbro leiala, Ratatouille futbolzalea, Ostadar urdina, Bela artista, Kimu jakintsua, Sorgin bihurria, eta nire ibilbidean gurutzatu zareten guztioi, mila esker.

    Pazientzia


    2013 - 04.30

    Gaur, aspaldiko partez, orri zuriaren aurrean jarri naiz. Asko bizi izan dut azkeneko idatzitik, asko ikusi dut azkeneko bizipenetik, asko irakurri dut azkeneko ikustalditik eta asko maitatu dut azkeneko irakurralditik.

    Maitemindu egin naiz.

    Maitemindu egin naiz bizitzaz, naturaz, serendipiaz, kasualitateez eta kausalitateez. Eta nola ez, maitemindu egin naiz maitasunaz.

    Pila bat ikasi dut.

    Eta beste pila bat ikasiko dudala ikasi dut, asko dudala ikasteko eta ikusteko. Eta bizitzeko. Pazientzia dela zientziaren ama, eta maitasunaren amona.

     

    three-turtles

    dordokak turtles

    Aitormen bat


    2012 - 11.18

    Aitortzen dut: inbidia ematen didate bikote zoriontsuek. Baina bikoteak ikusitakoan, batzuen antzera marmarrean hasi edo aurpegi goibela jarri beharrean, irribarre egitea aukeratu nuen orain dela hilabete batzuk. Guk erakartzen omen dugu heltzen zaigun guztia, beraz, hobe baikor izatea. Ez da erraza zain egotea. Baina lagun batek esan zidan bezala, etorriko dena oraingoa baino hobea izango da ziur. Itxaropen hori dut, eta ez dut hori ahaztu behar, nahiz eta egun batzuetan hori gogoratzea ez den erraza.

     

    Etorri ahala


    2012 - 07.09

    Gaur teklatu aurrean jarri eta datorkidana idazten hastea erabaki dut. Zentzugabe, baina zentzuz era berean.

    Leihotik begiratu. Musika. Bizitzan atzera begiratu. Kaixo eta agur. Agur eta kaixo. Ate bat itxi, beste bat ireki. Bidelagunak. Helmuga. Bidaideak helmugarako herraminta. Bidea eta helmuga. Egoera txarrak eta onak. Igarotakoan, ekaitzaren osteko barea. Hobea datorrela ez ahaztu.

    Ahaztu egiten zaigu gertatutakoarekin indartzen garela, esperientzia lortzen dugula, ikasten dugula, geure burua gehiago ezagutzen dugula, gure barreneko indarrak atera eta ura leporaino dugunean ere indartsu ateratzen dugula lepoa uretatik.

    Indarra. Bizitzaren indarra. Naturaren indarra. Musika. Bizitzaren eta naturaren musika. Txoriak, haizea, errekako ura. Ingurukoak indartzen gaitu. Bai, ahuldu ere bai, baina ahultzen gaituen horri aurre egiteko gai izan behar dugu. Gai gara. Indarra badugu. Gogoa eta prestutasuna dira gakoa.

    pad camino

    Sufrimendua


    2012 - 04.21

    Sufrimendurik gabe ez omen dago ezer.

    Non dago sufrimenduaren muga?

    Gozamena eta sufrimendua,

    tamalez, txanponaren bi aldeak.

    Bata ez da ezer bestea gabe.

    Egia ala gezurra?:

    Zenbat eta handiagoa sufrimendua, orduan eta handiagoa gozamena.

    Sufritzaileentzako pozoi itxurako antidotoa ala antidoto itxurako pozoia?

     

    bihotza esku artean

    Iraganeko kateak.


    2012 - 03.10

    Ahaztu.

    Bai, erraza da esaten. 

    Baina zer gertatzen da hezurretaraino sartzen zaizunean?

    Hezurretako gaitza bezain txarra bihurtzen da.

    Nahi eta ezin.

    Ibili nahi eta ezin.

    Bidean aurrera egin nahi eta ezin.

    Lau hankatan ibiltzen saiatzen zara, umeen antzera.

    Tentuz.

    Hala ere, haurren indarrarekin egiten duzu negar.

    Barrenak askatzeko.

    Iraganeko kateak ezin baitituzu oraindik askatu.

    Ezin duzu ahaztu.

    Ematen duzun pauso bakoitzeko iraganeko zerbait agertzen da.

    Eta negar egiten duzu.

    Malkoek kateak urtuko dituzten itxaropenez.

     

    2012-01-18, balizko ezkontzarako hitzalditxoa


    2012 - 01.18

    Kaixo guztioi,

    Gaurkoa egun berezia dugu oso; Aintzane eta Julen ezkontzen zaizkigu. Zorionak bioi! Urteak dira jada elkar ezagutzen dugula, eta mila abentura eta komeria bizi izan ditugu elkarrekin. Zenbat oroitzapen! Txiki-txikiak ginenetik elkarrekin, zenbat negar eta zenbat barre elkarrekin! Baina gaur emozioaren emozioaz negar egitea tokatzen zaigu. Egun garrantzitsua eta polita da zuentzat, eta baita ingurukoontzat ere. Ospatu besterik ezin dugu egin. Ospatu, zorionak hitza behin eta berriz esanez. Horixe opa dizuet: zori ona. Zorte ona. Elkarrekin zoriontsu izan zaitezte¬la; orain artean beste, edo gehiego, ahal baldin bada. Eta elkar maite dezazuela, indar eta gogo biziz, onean eta txarrean, barreetan eta negarretan.
    Zori ona opa dizuet, bai; baina eskerrik asko ere esan nahi dizuet, eta bide batez, gure adiskidetasunaren laburpentxoa egin. Izan ere, zenbat urte genituen elkarrekin jolasean hasi ginenean? Sei inguru, oker ez banago. Zenbat momentu on zuekin eta zuei esker! Elkarrekin jolastu, haserretu, eta hazi gara; elkarri lagundu diogu, eta elkar maitatu gara. Jakingo bazenute zenbat lagundu didazuen momentu txarretan! Askotan, momentu gogorrak bizi ditugunean, gure burbuilan sartzen gara, eta munduko izakirik zorigaiztokoenak sentitzen gara; eta, azkenerako, zorigaiztoko bihurtzen gara. Baina inguruan ditugun erletxoei esker aurrera egiteko indarra lortzen dugu.
    Zenbat laguntzen duten ingurukoek! Lagunek batez ere. Esaten da lagunak direla guk hautatutako familia. Gure kasuan, halaxe dela ziurta dezaket. Lagunak gara, baina neba-arreben arteko harremana egon dela esan daiteke. Neba-arreba baino gehiago izan gara, eta horrela segitzea espero dut. Zuek izan zarete nire erletxo eta familia. Mila esker ditut zuei emateko, mila arrazoirengatik. Mila? Mila gutxi dira. Eskerrik asko, beraz.
    Puntu honetara heldurik, ez dakit nola bukatu; hortaz, aurrekoa laburbilduz, hauxe esaten dizuet: eskerrik asko, zorionak, eta nire maitasun eta desiorik onenak zuen bizimodu berrirako. Izan zoriontsu, bikote!

    Familia


    2012 - 01.16

    Gure gurasoen garaiko familiak eta oraingoak ezin dira alderatu. Egia da beti egon direla familia onak eta txarrak, baina gaur egun ikusten diren familiak garai batekoak baino xelebreagoak dira dudarik gabe. Ez dut jo nahi familia osatzen dutenen aldetik, -aldaketei eskerrak, ugaritasuna baitago familia moldeetan-, baizik eta familiakoen jokabideetatik.
    Beti egon izan dira kaleko umeak, egun osoa kalean pasatzen zutenak. Horrek badu bere alde ona; izan ere, autonomia lortzen dute, eta baita beren kabuz erlazionatzeko eta moldatzeko gaitasuna ere. Hala ere, bere alde txarra ere izan dezake: erabat kaleko bihurtzea. Hau da, guztiz lotsagabetzea, kalea beraiena dela pentsatzea, eta etxekoenganako inolako loturarik ez sentitzea.
    Nire haur garaian ere baziren kaleko umeak, eta guztiz lotsagabeak ziren batzuk; guztiak ez, orokortzea ez baita ona. Nahi zutena lor zezaketela uste zuten, eta beraien ongizateari baino ez zioten erreparatzen, besteak kontuan izan gabe. Eskaleen antzera, kaleko legera ohituak zeudela zirudien, eta ez zutela inolako araurik onartzen.
    Bestalde, baziren betiko ume mimatuak: etxeko errege-erreginak zirenak, munduaren zilborra zirela uste zutenak. Nahi zuten guztia lortzen zutenak ziren, negar pixkat egin, eta gurasoak gaizki sentitzen zirelako, minutu bat igaro baino lehen, umeari nahi zuena ematen zioten. Mundua beraien zerbitzura zegoela ikusten zuten. Handitan auskalo zer egin duten beraien heziketari esker!
    Oraingo familiak eta garai batekoak alderatuz, lehengoek familiatasun handiagoa zutela iruditzen zait; batasun handiagoa zuten. Beharbada, batzuk diziplinatuegiak ziren; baina oraingoak, batasunik gabeko taldeak direla ematen du. Izan ere, askok kapritxoagatik izaten dituzte seme-alabak –hala dirudi behintzat–, eta gero, ezin izaten dituzte hezi; irakasleen, zaintzaileen edo aitonen-amonen eskuetan uzten dituzte haiek hezi ditzaten.
    Zer dira seme-alabak? Haragi zati bat? Ez dut uste. Beharrak eta eskubideak dituzten gizakitxoak dira. Arreta behar dute, baina baita heziketa on bat ere. Zer da haurra izan, eta inolako interesik ez jartzea haur horren heziketan? Batzuek loreontziak direla uste dutela iruditzen zait, beraien zeregin bakarra haurra izatea balitz bezala jokatzen baitute.
    Familiak eta familiak daude eta egon dira, baina oreka bat behar da beti. Eskubideak, betebeharrak eta mugak dituztela esan, azaldu eta ulertarazi behar zaie etxeko txiki eta gazteei, bestela ez goaz inora. Ohitura onak etxetik hartu behar dira, etxekoek eurek eman behar dizkiete. Irakaskuntza eta hezkuntza ez da ikastetxeetara mugatzen, talde lana da; baina oinarria familia da, gurasoak batik bat. Gurasoen, familiakoen, zaintzaileen eta irakasleen arteko elkarlana dela esan daiteke. Hortaz, oinarria kolokan baldin badago, gurasoek ez badizkiete arau batzuk jartzen beren seme-alabei, alferrik da taldeko beste kideek ahaleginak egitea, nekez lortuko baitute etxean lortzen ez dena.
    Beste kontu bati helduko diogu orain: teknologiaren eraginari. Mesedegarri izan daitekeen arren, kasu batzuetan, kaltegarri eta suntsigarri bihur daiteke. Izan ere, familia askotan telebistek, ordenagailuek eta kontsolek kalte handia egiten dute. Guraso batzuek beraien denbora lortzeko haurrak horien aurrean uzten dituzte. Horixe da errazena, bakean uzteko gugandik urrunaraztea; baina horrek ekar ditzakeen ondorioez ez gara jabetzen beranduegi den arte. Ohitura batzuk sortzen zaizkie haur edo gaztetxoei, eta ondoren, horiek kentzea oso zaila da. Etxeko errege edo erregina bihur daitezke telebista, ordenagailua edo kontsola; gurasoek baino garrantzia handiagoa hartuz, gurasoak eurak ordezkatzera heltzeraino. Teknologia horien seme-alaba, esklabo edo yonki bihurtzen dira.
    Bai, gauza asko izan behar dira kontuan haur bat hezterako garaian, baina ezin gaitezke axolagabetasunean eror. Esatea erraza da, baina seme-alabei behar bezalako heziketa eskaintzea oso zaila. Dena dela, ahaleginak egin behar ditugu, inork ez baitu egingo guk egin beharrekoa.

    errege

    Megaupload eta FBI zein baino zein piratago.


    2012 - 01.09

    Askotan entzuten ditugu pirateria eta pirata hitzak. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa kontuan harturik, pirateria dei geniezaioke ontzi baten edo bertako pertsonen edo gauzen kontra itsasoan eginiko erasoari; ontzi bereko edo beste bateko tripulatzaileek edo pasaiariek egindakoari. Pirata, bestalde: piraterian diharduen pertsonari, edo legalitatetik at edo klandestinitatean egiten denari.
    Definizioak azaldu ostean: zer da gure ustez pirateria? Nor da pirata? Azken egunotan bueltaka dabilen gaia da Megauploaden kontra FBIk egindako erasoa. Kontu asko irakurri, entzun eta ikusi ahal izan ditugu horren harira: Megaupload pirateriagatik itxi dela, pirateriaren aurkako kolpea izan dela, AEBek pirateriari eraso egin diola, etab. Pirateria hitza erabili dute, zergatik ordea?
    Zinemaren, telebistaren, musikaren eta argitaletxeen industriak negozio-eredu berrietara moldatzeko zailtasunak jartzen ditu, tradizioko moldeekin jarraitu nahi dute, eta hori erabiltzaileentzako kaltegarria izan daiteke, baita kulturarentzat berarentzat ere. Erabiltzaileen eskura egon beharko lukete gauzek, erabiltzaileek gauza erosoak nahi izaten baitituzte, eta ahal dela, gauzarik merkeenari heltzen diote; debalde bada hobe. Megauploadek aipatutako baldintzak betetzen zituen –ordaindutako kontua ez zen oso garestia, eta debaldekoa are gutxiago–.
    Duela sei urte jaio zen kultura munduan berritzaile izan nahi zuen Megaupload enpresa, baina, dirudienez, zenbait pertsonek ezin ikusia diote horrelako webguneei. Iratxe Esnaola informatikari ingeniariak GARAn Mega-itxiera artikuluan dioenaren arabera: “Gaur egun, oraindik ere, tradizioko ekoizpen, edizio eta banaketa prozesuekin jarraitu nahi dute, garai, ziklo eta baliabide berrietara egokitu gabe. (…) Hain zaila zaie egoera berria onartzea, hain zaila baliabide eta kontsumo-eredu berrietara egokitzea, ezen legearen indarra ezinbestekoa baitute euren urteetako atzerapenaren dimentsioa murrizteko”.
    Egindakoak badu izenik? Nor da pirata? Megaupload ala FBI? SOPA (AEBen), Sinde (Espainian), Hadopi (Frantzian); horrelako legeak kultura hedatzeko modu berrien aurka sortu dira; negozio-eredu berriak legez kanpokotzat hartzeko; haiei pirateria leporatzeko. Tradizioan egin denari jarraitu nahi zaio erabiltzaileen edo herriaren onurari begiratu gabe.
    Baina Megaupload itxi arren, lortuko al dute eredu berriak gelditzea? Internetek eta teknologiak eskaintzen duen aukera zabala kontuan izanda, zalantza dut. Megaupload bat zen, baina hori erabiltzen zutenek badakite beste hainbat modu daudela artxiboak igo edo jaisteko, eta guztiak ixten badituzte ere, beste batzuk sortzen joango direla pentsatzen dut.
    Bukatzeko, zerbitzari edo webgune horietan egoten den guztia ez da ilegala, zilegi diren dokumentuak ere badira bertan –kasu askotan, gainera, egileek eurek igotzen dituzte–, baita Megauploaden ere; hortaz, zer gertatzen da han tesia gordea zuenarekin? Adituen diotenez, ezingo dira dokumentuak berreskuratu. Megaupload jabetza intelektualaren etsai baldin bazen, badirudi orain kontua aldatu egin dela. Hasierako definizioetara itzuliz, pertsonen edo gauzen kontra itsasoan eginiko erasoa baldin bada pirateria, oraingo honetan nor dabil pirata-lanetan?

    A eta B


    2012 - 01.04


    Bihotza eta burua,

    burua eta bihotza;

    beroa eta hotza,

    hotza eta beroa.

    Bien arteko oreka

    ez da batere erraza;

    ezinezko ez bada.

    Beti dabiltza bateratu ezinda.

    Bihotzak A nahi,

    buruak B dio.

    Buruak A esan,

    bihotzak B nahi.

    Baina bada beste zerbait,

    gogoa-edo

    A eta B biak nahi.

    Bada A eta B lortzeko aukerarik?

    Osasungarria al da?

    Bideragarria ote?

    Ala zirt edo zart,

    bata edo bestea aukeratu behar?


    Tresna-barrara saltatu