• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for the ‘Idatzitakoak’ Category

    2011ri agur.


    2011 - 12.30

    Hamaika gau eta egun,

    hamaika hizketaldi eta isilune,

    hamaika laztan eta begirada,

    hamaika irri eta negar.

    Hamaika ilargi eta eguzki,

    hamaika itsaso eta mendi,

    hamaika ekaitz eta barealdi.

    Hamaika sendagai eta dolore,

    hamaika hodei eta lore.

    Zuretzat hamaika muxu,

    baita hamaika koloredun agur bero bat ere.

    Agurrak.


    2011 - 12.21

    Agur, adio, aio, adeu, adios, adieu, bye

    Samurrak eta gozoak batzuetan;

    gordinak eta gogorrak besteetan.

    Baina guztiek uzten dute zuloa sabelean,

    gogoan eta bihotzean.


    Tristura barne-barnean iltzatzen da.

    Oroitzapenak etortzen dira.

    Malkoak masailetan behera,

    mendietan barrena doazen erreken antzera.

    Tristura uxatzea oso zaila izaten da.


    Oroitzapen onak gorde eta gogoratu behar omen dira.

    Horren erraza balitz,

    mundua beste modu batekoa litzateke.

    Berriz bueltatzen gara

    “inork ez du esan erraza izango denik”esapidera

    eta bizitzako zuloz beteriko errepidera.

    bye

    Erlojuari begira.


    2011 - 12.06

    Badirudi erlojuak jai hartu duela edo nagi dabilela.

    Erdi lo.

    Lan egiteko gogorik gabe.

    Tik…

    tak…

    tik…

    tak…

    entzuten da.

    Inoiz baino motelago.

    Tik…

    tak…

    tik…

    tak…


    Zain egotea besterik ez da gelditzen.

    Tik…

    tak…

    tik…

    tak…

    Ez naiz zure mirabea.


    2011 - 10.09

    Irriaren ostean bekaitza,

    barearen ostean ekaitza.

    Jator zinen baina

    zital bihurtu zara.

    Ez zaitut ulertzen,

    non dira garai bateko laztanak?

    Garai bateko muxuak?

    Gure arteako doa zimeltzen.

    Zer egin dut nik?

    Ez dut merezi zigorrik.

    Non dago garai bateko ene laztana?

    Bihurtu da erabat zakarra,

    ezpainak ditu lakarrak.

    Erraz zauritzen naute.

    Izugarri mintzen dute.

    Horren aldean, arantza koroa

    litzateke oso goxoa.

    Har itzazu zure hitzak,

    zure gezurrak, zure garrasiak,

    joan zaitez etor zinen bidetik!

    Utz nazazu bakean!

    Alde hemendik!

    Urrundu nigandik!

    Ahaztu nirekin!

    Pentsa ezazu hilda nagoela,

    niretzat halaxe zaude-eta!

    Utz nazazu bakarrik,

    zure ondoan ez dut bakerik,

    jarraitu nahi dut bizirik,

    zugandik urruti!

    Ondoan ezin zaitut ikusi!

    Utzi didazu bihotza mindurik!

    Izana zauriturik!

    Ez zaitut behar,

    ez naiz zure neskamea,

    gutxiago zure mirabea!

    Zoaz etorritako bidetik,

    zoaz! Eman bakea,

    lasaitzeko nire barnea,

    berreskuratzeko nire izatea.


    min

    Mila galdera eta erantzun bakarra.


    2011 - 10.08

    Nork errespetatzen nau?

    Nork ematen dit behar dudan espazioa?

    Nork estutzen nau behar dudanean?

    Nork maite nau egun txarrak ditudanetan?

    Nork entzuten ditu nire penak?

    Nork lehortzen dizkit malkoak?

    Nork sortzen dit irribarrea?

    Nork betetzen nau pozez goiz, arratsalde, zein gau izan?

    Nork ateratzen du nire onena?

    Nork maite nau naizen bezalako?

    Nork muxukatzen eta laztantzen nau goxo-goxo?

    Nork ematen dit behar dudana?

    Nork sentiarazten nau munduko ederrena?

    Nork sentiarazten nau ipuineko printzesa?

    Nork maite nau ilargiraino eta buelta?

    Zugatik edozer emango nuke

    zu baitzara dudan altxorrik preziatuena.

    Eta beste behin, ez bainaiz aspertzen izugarri maite zaitudala esaten.



    Ilunabarra


    2011 - 10.04

    A: Non egoten da hau?

    E: Beheko kaxoian.


    A: Non dago ama?

    E: Kalean.

    A: Lan asko izango du amak…

    E: Ez dago lanean, ile-apaindegira joan da.


    A: Mutila duzu?

    E: Bai, urtebete pasa eta zuk ezagutzen duzu.

    A: A bai? Eta nolakoa da?

    E: (…)


    A: Non egiten du lo osabak?

    E: Osabak?

    A: Bai.

    E: Osabak???

    A: Bai, beti bisitatzekotan, beti bisitatzekotan…

    E: Orain dela urte eta erdi hil zen osaba…

    A: Nire buru hau…


    Ez da samurra ingurukoentzat.

    Ez da samurra berarentzat.

    Ilunabarra gerturatzen ari dela ikusita

    negargura etortzen zaie,

    negargura etortzen zaio.

    ilunabar

    Babestuta: Behin batean…


    2011 - 09.21

    Edukia pasahitzarekin babestuta dago. Ikusteko, idatzi ezazu zure pasahitza:

    Jeloskortasuna


    2011 - 09.13

    Gaurkoan jeloskortasuna hartu behar hizpide. Zer da jeloskortasuna? Hiztegiren batean begiratuz gero, honelako definizioren bat aurkituko dugu:

    1- Maite duen pertsonaren amodioa osoa ez duenean, edo ez duela uste duenean, pairatzen duen sentimendu mingarria.

    2. Ardura, arta.

    3. Bekaitza.

    Baina hori al da benetan? Hainbat iritzi entzun eta irakurri ditut horren gainean eta aitortu behar dut ez nautela konbentzitu batek ere ez. Jeloskorrek zer esaten dute jeloskorrak direla justifikatzeko? Jeloskortasuna maite duzun pertsona maite duzula erakusten duen sentimendua dela. Jeloskorrak ez direnek, ordez, zer? Gaixotasun antzeko zerbait dela, ez dela batere ona mamuak ikusten baitira ez dauden tokian.

    Eta zer gertatzen da jeloskortasuna arrazoi edo gertaera baten ostean sortzen bada? Hirugarren pertsona batek aurrekariak dituelako konfiantzarik ematen ez badigu?

    Nire ustez, jeloskorra izatea ez da muga batekoa edo bestekoa. Noski, beti daude jeloskorragoak diren pertsonak, baina, hein batean, ez al dute erakusten pertsona bat maite duzula? (bai, egia da beste jeloskortasun mota batzuk ere badaudela, inbidiaren antzekoagoak direnak). Hala ere, sentimendu honen arrazoi nagusiak ziurtasun falta eta autoestimu baxua direla uste dut.

    Hau jakinda, nola saihestu sentimendu mingarri hau? Zer egin daiteke pertsona batek pentsamendu hauek uxatzeko?

    jeloskor

    Nik ez daukat erantzunik, baina eskertuko nuke baten batek balu. Beste behin ere galdera gehiegi, baina guztiak erantzun bila.

    Eskalea


    2011 - 09.04

    Lehengo egunean, aspaldiko partez Gasteizera itzuli nintzen. Betiko martxa etorriko zela iradoki zidan bidaia hark. Joan etorria baino ez zen izan, baina egia esan, horrelako egunetan izaten dira bitxikeriak edo gogoeta dakarkizuten gertakariak.

    Orduko hartan, etxera itzultzeko autobusa hartzeko ordu erdi gelditzen zitzaidan. Bazkaltzeko garaia zen eta goseak nengoenez, jateko eta edateko zerbait erosi nuen eta autobus geltokian bidaia-txartela hartu eta banku batean eseri nintzen. Banku hutsen zalea izaten naiz normalean, baina egun hartan, gizon bat eserita zegoen jarlekuan eseri nintzen.

    Larruazala beltzarana zuen, berrogeita hamar urteak pasata zituela zirudien, kamiseta arrunt bat, praka bakeroak eta zapatila batzuk zituen. Horrez gain, giltzarrapo erraldoi bat zuen maleta urdin iluna zuen hanka artean babesturik. Bankuaren punta banatan geunden. Zerbait arraroa sumatu nion, baina nire paranoiak izango zirela-eta beste zerbait pentsatzen hasi nintzen. Baina begira igartzen nuen begiaren izkinatik. Halako batean, hizketan hasi zitzaidan. Gaztelania ez oso garbian, baina ahalegintzen zen. Portugalera joateko billetea behar zuela eta ez zuela zentimo bat bera ere eta ea zerbait emango nion. Ni neu ez naiz dirua erraz ematen duen horietarikoa, ez baitaukat soberan (lanik ez, ikasketak bukatu berri, etab.). Ez zitzaidan gustatu bere jokatzeko era eta entzungor egin nuen. Begira gelditu zitzaidan eta ea ulertu nion galdetu zidan. Nik ez dakit zer aurpegi jarriko nion, ez nekien zer aurpegi jarri-eta.

    Portugalerako bidaia-txartelak 32€ balio zituela, 2 hilabete zeramatzala Euskadin, lanik, sosik eta aterperik gabe zegoela eta ea lagunduko nion txanponen bat emanez. Nire bihotza erraz biguntzen da, eta azkenean, amore eman eta txanpon batzuk eman nizkion. Ez neukan askorik eta ezin askorik eman, nahi ere ez. Bai, neurekoia naiz… Baina eman ostean, etorri zitzaizkidan berari egiteko galderak, eta ez nintzen isilik gelditu. Bera ez zen lotsatu dirua eskatzen eta ni ez nintzen lotsatu galdetzen. Ea familiarik zuen galdetu nion. Baietz, banandua zegoela, baina ama Portugalen bazuela. Galdetu nion ea zergatik ez zion Correos bidez dirua bidaltzeko eskatu. Pentsatua zuela, baina oraingoz (noiz ba!?) ez zuela arduratu nahi.

    Ez dakit nik zer egingo nukeen bere egoeran eta bere adinean. Baina uste dut, ama beti izango dela ama. Lana eskaini didatelako beste herrialde batera joan ostean, lana faltsua dela, iruzur egin didatela kontatuz gero, laguntzen ahaleginduko litzakeela pentsatzen dut. Egoa askotan gure etsai bihurtzen dela, gero! Baina zergatik iritsi horrelako muturreko egoerara? Nola gelditu zen txanponik gabe? Maleta bazuen, esan zidanez, arropa zikinez betea (jantzia zeramana ere ez zen guztiz garbia). Eta dirua ateratzeko txartela lapurtu egin zioten? Nola iritsi zen egoera hartara bi hilabetean? Orain hotzean pentsatuta, gaizki pentsatzen hasita nago.

    Oso atsegina izan zen nirekin. Portugalez hitz egiten jardun genuen aurreko urtean Lisboan eta Cabo da Rocan izan bainintzen eta bera Ourensetik gertuko herri portugaldar batekoa zelako. Elkarrizketa batzuk izan genituen: krisia, politika, hizkuntzak eta baita erlijioari buruzkoa ere! (Eskerrak ordu erdi baino ez zen izan, bestela…). Baina hasierako nire eskuzabaltasuna azkarregia ez ote zen izan?

    Gainera, autobusera igotakoan, eskuetan papertxo batzuk zituela konturatu nintzen. Ez dakit ziur zer izango ziren. Hasiera batean, diru-billeteak zirela iruditu zitzaidan eta kontatzen zebilela. Baina ezin dut ziurtasun osoz esan. Nahiago dut pentsatu beste zerbait zirela eta nire txanponek pertsona zintzo bati lagundu ziotela, beharbada, iruzur ez didatela egin sinetsi nahian

    Nire susmoekin ez dut adierazi nahi eskale guztiek merezi dutela mesfidantza. Zoritxarrez, eskale ugari daude eskean ibili ondoren, lortutako dirua droga edo alkohola erosteko erabiltzen dutenak. Eskalearen edo etxerik gabekoaren bizimodua ez da samurra izan behar, baina zintzoagoa eta garbiagoa izanda ez da hobe izango? Ez dut erantzunik edo konponbiderik aterako teklak sakatu bitartean; galderak, hipotesiak eta zalantzak baino ez.

    Hortaz, honako hau gehituko diot sarrera honi:

    gaiarekin lotura izan dezakeen audio bat.

    eskalearen eskuak

    Teknologiak


    2011 - 05.28

    Oso erabilgarri eta beharrezko bihurtu diren honetan, ez gara ezer mugikorra izorratzen bazaigu, ezta posta elektronikoa blokeatu badigute ere.

    Pentsamolde bat hedatu dela agerikoa da, uste dugu, denok dugula mugikorra, eta baita helbide elektronikoa ere. Zer gertatzen da ez duten horiekin? Non geratu dira eskutitz bidezko komunikazioa eta kabinetako deiak?

    Zer egin kalean gaueko 1oetan bateria gabe geldituz gero? Bakarrik zaude, herriko kale apartatu batean eta etxea periferian baduzu? Nola deitu? Norengana jo? Nire aukera kabina batetik deitzea izango litzateke. Ja! Txanponik ez dute onartzen denek! Izorrai! Txartelak bakarrik, eta zuk txartelik ez… Hala! Etxera oinez, oinak erreta dituzula eta zu zeu ere erre egiten zara… enfin… Zertarako hainbeste teknologia eta aurrerakuntza, azkenean aldapa gora oinez igo behar baldin baduzu?

    telefono kabina


    Tresna-barrara saltatu