• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Archive for the ‘Sailkatugabeak’ Category

    MENDIZABAL-MUNILLA AUZIA


    2017 - 01.13

    Aldez aurretik barkamena eskatzen dut hau guztia mingarria izan baitaiteke.

    Azken egunetan, Euskal Herritik Bordeleraino iritsi den notizia bat dabil komunikabideetan zehar. Gai delikatua da, baina ezin dut ezer egin gabe gelditu. Eta oraintxe bertan, egin dezakedan gauza bakarra idaztea dela uste dut.

    Nola ez, Mendizabal auziaz ari naiz. 36 urteko M. A.ren testigantzaren berri ere izan dut: “Ezin nuen sinetsi. Norbait arnasestuka sentitu nuen denda barruan, beste eskuarekin masturbatzen ari zen bitartean. Berehala jakin nuen bera zela. Jakin nuen, besterik gabe, aurpegira begiratu behar izan gabe.” Egoera latza hori bizi duen edonorentzat. Baina nola zekien bera zela?

    Nahiz eta bataioa, jaunartzea eta sendotza eginak ditudan, ez naiz oso elizazalea, ezta Elizazalea ere. 18 urterekin kristau fedean sendotzeko erabakia hartu izanaren damu izan naiz behin baino gehiagotan. Izan ere, Elizaren (Erromako Eliza atzerakoia) eta Herriaren Elizaren (Eliza modernoagoa posible dela erakusten duten pertsonen) jokamoldeak ez datozelako bat, eta nire iritzien kontrako hainbat erabaki, jarrera eta ekintza ikusi ditudalako erakunde horren barruan, elizgizonak eta pederastia, adibidez.

    Orain artean, pederastia kasuen berri izan dudanean, ni neu izan naiz elizgizon horiei harria (ahalik eta handiena hobe) botatzen nien lehena, pederastia kasuak barren-barrenetik gaitzesten baititut. Baina oso zaila egiten zait Juan Kruz Mendizabal jaunari, Kakuxi buruz esan duten guztia sinestea. Mendizabal auziaren anonimotasunak, sekretutasunak eta ez dudan informazioak “Munillakeria” dela pentsarazten dit (gogora dezagun Mendizabal izan zela Munilla gotzain izendatzearen kontra sinatu zuen apaizetako bat).

    Bestalde, nire ez-jakintasunaren ondorioz beharbada, ez dut ulertzen salatu dituzten gertaera guztiek zergatik hartu duten eliza bidea eta ez bide zibila. Anonimotasunagatik bakarrik? Ala zerbait gehiago dago atzean? Antza denez, apezpikuak berarengana iristen den informazio guztiaz (egia ala gezurra izan) informatzeko betebeharra du.

    Baten batek Kakuxekin nolabaiteko hartu-emana izan dudala eta ez naizela erabat objektiboa leporatuko dit, eta hala izango da agian; izan ere, aisialdia dela eta, oker ez banago, birritan (denbora tarte txikian bada ere) gurutzatu gara mundu horretako ekintzetan.

    Ados, hipotesi eta ikerketa on baterako, informazio ona behar da. Objektiboa. Informazio onarekin, hipotesi ona irtengo da. Egia absolutua hortxe dago, izan da, gertatu da, baina egiaren bertsioak jasotzen, entzuten eta bizi ditugu. Zer da Mendizabalek bere gain hartu duena? “Jarrera desegokiak”, “ukitu desegokiak”, “sexu abusuak”? Eta gertatu dena zein testuingurutan gertatu da? Bere gain hartu ditu gertaerak ala bere gain hartzera behartu dute? Terminologia eta testuingurua beti da garrantzitsua.

    Lehenengo aldiz hilekoa jaitsi zaiola eta, 12 urteko haur bati tanpoia nola jarri erakusteko biluzten den begiralea exhibizionista da? Amesgaiztoa dela eta, besarkada goxo bat eman dion begiraleak ukitu desegokiak egin dizkio? Gauean etxemina zuen haurrarekin lo egin duen begiraleak nahi gabe besoa gainean jarrita ukitu desegokiak egin dizkio haurrari?

    Ez naiz bikario ohiaren gertu-gertukoa, ez ditut bere barneko gauza guztiak ezagutzen. Askotan ardiz mozorrotutako otsoak daude munduan. Baina badakit bera zela Herriaren Eliza (fededunek hainbeste maite duten Jesusen Eliza) posible zela erakusten zuen gutxietariko bat: hurbila eta sinplea. Eta gaur-gaurkoz, (beharbada aurrerago nire hitzak jan beharko ditut), haren aurka egin dutela (ez dakit nork eta ez dakit zein arrazoirengatik) eta Jesus bezala gurutziltzatu dutela sentitzen dut nire barren-barrenean.

    Eta zergatik ez, Santa Kruz apaizak gogorarazi dit historian zehar euskal apaizek izan dituzten arazo eta zailtasunak. Bukatzeko, aproposa iruditzen zait Kakuxen beraren Goienako Puntuan hitz hauek ekartzea: “Eliza eta epaileak bat eginda daude eta ez dago zirrikiturik elkarri laguntzeko”.

    Babestuta: Behin batean…


    2011 - 09.21

    Edukia pasahitzarekin babestuta dago. Ikusteko, idatzi ezazu zure pasahitza:

    Gnomeo eta Julieta


    2011 - 09.01

    Gure ume sena ez delako sekula galdu behar.

    Shakespearek bere lanaren bertsio hau ikusiko balu, beharbada ez luke guk bezain ongi hartuko, baina kasu honetan, dramaren garraztasunari agur esan eta bukaera polita duen istorioa dugu honakoa.

    Haurrentzat eta bukaera atseginak maite dituzten ez hain haurrentzat aproposa.

    BSO Gnomeo & Juliet

    Bizitzaren goxokiak


    2011 - 03.20

    Gauza goxoak eta maitagarriak ikusten, sentitzen edo bizi ditudanetan eskerrak ematen dizkiot bizitzari. Momentu horiek ezin dira munduko urre guztiarekin ere ordaindu. Jendeari arruntak edo garrantziarik gabekoak iruditzen zaizkionak dira asko. Baina ni bizitzako txikikeria horiekin pozten naiz eta bizitzak balio duela ohartzen naiz. Huskeriak edo memelakeriak izango dira batzuentzat, baina niretzat hortxe dago zoriontasunaren gakoa.

    Oraingo honetan hiru bikoteren, gehienez ere, hogeita hamar segundoko kontuak aipatuko ditut. Lerro hauetako pertsonaiak hiru amona eta hiru aitona dira. Herri, ingurune, ohitura eta adin desberdinetakoak.

    Lehenengo bikotearekin trenean egin nuen topo. Ni irakurtzen nindoan, baina liburuko orrialdeetatik begirada altxatu eta ondoan  nituen aitonarengana eta amonarengana joan zitzaizkidan begiak. Adinean aurrera egindako aitona-amonak ziren. Amonak hotza sentitu zuen irekita zegoen leihoaren ondoan baitzegoen. Bere hezurrek ez zioten nahi bezala jertsea janzten uzten. Gazte batentzat gauza erraza dena laurogei urteak gertu dituenarentzat zortzi milako bat igotzea bezain zaila bihur daiteke. Emakumea trakets moldatzen zela ikusirik, aitona jatorra altxatu eta amonari jertsea egoki janzten lagundu zion, samurtasun eta maitasun osoz.

    Bigarren bikotea etxekoa da. Lagunok ospakizun bat izan genuen gutariko baten urteak izan zirela-eta. Palotes-ak behar baino gehiago erosi genituen eta batzuk etxera eraman nituen familia-bazkariaren ostean jateko. Amona gozozalea izanik, hartzeko esan nion. Berak haur baten antzera, ilusio osoz, hartu zuen goxokia. Baina haurren inozentzia berarekin eskaini zion erdia aitonari eta aitonak, beste haur baten antzera, gonbita begi distiratsuz onartu zuen.

    Hirugarren eta azken bikoteari berriz, kostaldeko herri batean egin nuen topo beraiekin. Zain zeuden. Autobusa iritsiko zain, markesinako jarlekuan. Baina ez zeuden zutik edo elkarren ondoan. Amona, bere haur-denbora gogoratu nahian, aitonaren belaunetan eserita zegoen. Berak zuen plastikozko poltsan goxoki bila zebilela zirudien. Pozik zegoen aitonaren altzoan, momentu goxoaz goxatzen eta ahosabaia gozatzeko gozoki bila.

    Honelakoak baitira bizitzaren goxoki…

    eskuak

    Kaixo berriz!


    2010 - 11.12

    MSNko space famatua ezabatuko dela-eta WordPress delakora igarotzeko aukera ikusi eta horixe egin dut. Aspaldiko (erlatiboa da hitz hau) idatziak ez nituen ezabatu nahi, eta gordetzeaz gain, Interneteko txokoren batean egotea nahi nuenez, hementxe jartzen ditut berriz, besteon begi bistan.

    Bai, beste gunetxo bat ere badut, baina idatzi hauek esan daiteke blogak.com-en ditudanak idatzi aurretik idatzitakoak direla, aurreko garai batekoak.

    Beno ba, horixe, kaixo berriz eta laster arte.

    STIK STAK

    10 egun


    2010 - 07.30

    Zer dira gure bizitzako hamar egun? Galdetuko luke baten batek. Egia esan gure bizitzako parte nimiño bat baino ez da. Hala ere, hamar egun horietan bizitza osoan baino beteago senti zaitezke.

    Leku ezezagun batera jende ezezagunarekin joan beharrak urduritasuna, ardura eta beldurra sor ditzake zugan. Gizakiak beti izan baititu ezezagunarekiko sentimendu horiek.

    Egunak igaro ahala, jende ezagutzen hasi eta hasierako sentimenduak aldatu eta konfiantza, poza, bromak, barreak eta abar sortzen hasten dira. Pixkanaka-pixkanaka ezezagun taldea ezagun bihurtzen da. Ezagun eta lagun.

    10 egun, 240 ordu, 14400 minutu, 86400 segundo. Zer dira gure bizitzan? Niretzat altxor bat, nire bihotzeko kutxatxoan gordeko dudan altxor ikaragarria.

    Alazne morena, Alazne rubia, Alex, Julen, Iñigo, Sergio, Belai eta Ander. Izen hauen atzean asko dago. Nire barrea aipatu duzue askok dedikatorietan, baina nire barrea ez da berezkoa. Ni pozik egoteko arrazoiren bat egon behar da eta arrazoi hori zuek izan zarete.

    Hau idaztean malkoak gorde beharrean aurkitzen naiz. Izan ere, pasa diren 864000 segundo horietan oso zoriontsu izan naiz zuen ondoan. Istripua izan nuela guztiz ahaztu nuen, etxeko giro tristea ahaztu nuen, nire arazoak lurrun bilakatu eta hegan alde egin zuten.

    Orain, ordea, gogorra egiten zait zuen laguntza eta euskarria hain urrun izanda Arotz-Eneia ontzian nuen irribarrea berreskuratzea.

    Mila esker Alazne morena,

    Mila esker Alazne rubia,

    Mila esker Alex ñoños,

    Mila esker Julen Ibarra Tolosa da,

    Mila esker Iñigo kaka,

    Mila esker Sergio “de dairector”,

    Mila esker Belai zoro,

    Mila esker Ander Travolta.

    Eskerrik asko guztioi Arotz-Eneako esperientzia perfektu bihurtu duzuelako eta egunero ni irribartsu jaikitzeko arrazoi izan zaretelako.

    Ez zaituztet sekula ahaztuko. Izarrei begira jarraituko dut bertan ikusiko baitzaituztet.

    begiraleak

    Hodei artetik eguzkia


    2010 - 03.27

    Poza eragiten du iluntasunetik argitasunera goazela ikusteak. Atsegina da oso eguzkiaren izpien berotasuna masailetan sentitzea.

    Zure begiak bi zeru direlako.
    Zu zeu nire eguzki zarelako.
    Eskerrik asko

    zenbat denbora…


    2009 - 05.29
    Oin dala milla urte hemen ez dotela idatzi! Interneten hainbeste gauza dittutenez ba espazixua argazkixetarako, gaiñera iñok ere ez dau idazten asike ez dau merezi… tuenti, facebook, bloga, fotologa, espazixua… dana ezin da ondo zaindu! Dana ezin da egunerauta euki! Hemendik baiño hobeto tuenti edo facebook-etik komunikatzia edo paranoiak irakurri nahi izanez gero, bloga…

    Bueno ba, ondo segi danok!

    barrea


    2007 - 11.07

    Barre urduria,
    barre lasaia,
    barre ixila,
    barre zaratatsua,
    barre alaia,
    barre tristea,
    barre bitxia,
    barre arrunta,
    barre argia,
    barre iluna,
    barre atsegina,
    barre amorragarria,
    barre berria,
    barre zaharra…

    barrea

    Den modukoa dela, barrea…

    Urtaroak


    2007 - 10.28

    Urtaro bakoitzari ezar dakiokeen sustantzia

    erabaki dut:

    Udaberria argia da, goizeko freskuran margotua.

    Uda airea da, bero astunaren arnasa.

    Udazkena usaina da, lurrak isurtzen duena.

    Negua laztana da, izotzaren laztana.

    Huaoraniek, ordea, beste egutegi bat daukate.

    Haien aroak dira:

    txonta loratzen den aroa,

    suge dantzariaren aroa,

    errekaren gorakadarena,

    tximua gizen dagoen aroa.

    Gure aroak nekazarien izendegitik hartuak dira.

    Huaotarrenak ehiztarien hiztegiko harrapakinak dira.

    Urtaroak dira nekazariaren pausokera astunaren

    eta ehiztarien ibilera arinaren lehen borroka-gune.

    Hau izan da milaka urtetan giza belaunaldien arteko

    dualitate nagusia:

    etorriko denaren beldur nekazaria,

    datorrena garaitu beharrean ehiztaria.

    Haiek nomadak dira euren hamaketan zabuka.

    Gu lur maite geldoak geure ohe sendoetan.

    Haiek pobreak dira eta gu aberatsak.

    Halere guk liburuak egiten dizkiegu mirespenez,

    eta haiek eskuekin aurpegiak estalita agertzen dira,

    ez gaituztelako ezta argazki haietatik ere ikusi nahi.


    Tresna-barrara saltatu