• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Erasoak

    2014 - 05.31

    Hitzezko erasoak eraso fisikoak bezain kaltegarriak dira, edo kaltegarriagoak. Badira desagertzen ez diren zauri moralak; eta nahi izan arren, ez dugu ezabatzerik lortuko. Gure izaerak bestea mintzen badu, baliteke zauri hori sekula ere ez sendatzea eta eraso dugunaren laguntasuna galtzeaz gain, gure ekintzen arrazoia ere galduko dugu.

     

    Indiako mendebaldeko familia batek jenio txarra zuen seme bat zuen. Odolberoa zen eta beti zegoen tentsioan eta haserre, baina inork ez zekien zergatik. Hori horrela, egun batea, aita gerturatu eta hauxe esan zion:

    Seme, ikusten al duzu iltze poltsa hau? Pazientzia galtzen duzun bakoitzean iltze hauetako bat ate atzean sartzea nahiko nuke.

    Semeak erdeinuz begiratu zion, baina, azkenean, onartu egin zuen.

    Lehen egunean 47 iltze iltzatu zituen. Baina asteak pasa ahala eta izaera kontrolatzen ikasi ahala, iltze gutxiago sartzen zituen.

    Azkenean, iritsi zen semeak iltze bat ere sartu ez zuen eguna. Aita berriarekin pozik, bere izaera kontrolatzen zuen egun bakoitzeko iltze bat kentzeko eskatu zion.

    Egunak pasa ahala, semea ateko iltze guztiak kentzeko gai izan zen. Lortu eta berehala, aitarengana joan eta horren berri eman zion. Aitak iltzerik gelditzen ez zela ikusita, semeari begiratu, eskua hartu, atera eraman eta zera esan zion:

    Seme, gogor aritu zara, oso gogor. Baina begiratu zenbat zulo dauden atean. Ez da sekula bera izango. Pazientzia galtzen duzun bakoitzean, hemen ikusten dituzun zaurien antzekoak eragiten dituzu.

    Esaera jakintsu batek dio haizeak ereiten dituenak ekaitzak jasotzen dituela. Ez da gutxiagorako; izan ere, zer espero dezakegu bestearen galderaren aurrean gure erantzuna eraso edo irain bat bada? Ezer onik ez, ziur. Norbait eraso edo iraindu ostean, esandakoa erretiratu arren, esateko moduak kalte ikaragarria eragin eta bestearen barnean mina erein badu, agian ez du esandakoa sekula ahaztuko.

    Motiborik gabe, umiliatzearren soilik, ez dugu gure hitzezko gaitasunekin inor laidotu edo iraindu behar. Norbere buruarekin eta besteekin zintzoa izatea ezinbestekoa da. Pentsatzen duguna esatea beharrezkoa da, baina esateko moduak ez du zertan oldarkorra izan. Izan ere, arrazoiak ez du laidorik ezagutzen eta irainik ere ez egiak.

     

    Moldaketaren iturria: Mahan, A. eta González, M. (2011). Cuentos Hindues, Sabiduria Ancestral bilduma, Madril: Karma 7, 105-107. or.

     

    madera2

    Asaldura

    2014 - 05.26

    EPIKTETO:

    Pertsonak ez dira gertaerengatik asaldatzen, gertaera horietaz pentsatzen dutenagatik baizik.

    [ in Bisquerra, 2009; moldatua]

    dejar_de_fumar

    Ikasketa prozesu etengabea

    2014 - 04.22

    Bai, horixe da bizitza: ikasketa prozesu etengabea. Zergatik jaio nintzen? Ikasteko, hainbat ikasgai barneratzeko. Zer ikasteko? Datorrena, bizitzak dakarkiguna, eskaintzen diguna.

    Eroriz ikasten da oinez. Hark esaten zuen: “zazpi aldiz eroriz gero, zortzi aldiz altxa zaitez”.

    Aitona isil eta gogorra, amona urduri eta atsegina, segurtasuna falta duen ama kementsua, erraietako sentimenduek gainezka egiten dioten aita bohemioa, ahizpa burugogor indartsua, etab. Ispilu dira. Bizitzak ispilua eskaini dit, nire alde onak eta txarrak landu eta neutraliza ditzadan (ahal badut), nire erdigunea topa dezadan, neure indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diren ikus dezadan, eta horretatik abiatuta zerbait egin dezadan benetako nia aurki dezadan.

    Geldi egotea ez da ona. Uraren antzeko izan behar gara: moldaerrazak, zirrikituak aurkitu eta bide berrietatik abiatzeko gai. Baina batzuetan, tamalez, urmael lokaztu bihurtzen gara, edo okerrago, harea mugikor.

    Be water my friend,bidean ikusitakoaz ikasi.

    EGIA AL DA EGIA?

    2013 - 08.04

    Nire egia ez da zure egia. Zure egia ez da nire egia. Ala bai? Egia absolutua existitzen al da? Hauek dira gizakiak bere buruari egiten dizkion zenbait galdera gertaera baten inguruko kontrako bertsioak dituenean. Nork du arrazoia? Hurrengo kontakizunak horren inguruan hitz egiten digu:

    Ehunka urte dira India hegoaldea leienda batek zeharkatzen duela, istorio tristea eskaintzen digu, zorigaiztoko sentitzen zen errege batena, hain zuzen. Denbora zen sultanak bere buruari gizakiak zergatik ez ziren hobeak galdetzen ziola, zergatik gailendu zen gaizkia pentsamentuetan eta zergatik irabazi zion gezurrak egiari. Hiru galdera horiek arduratzen zuten, baina batez ere azkenak, gau eta egunez zuen buruan bueltaka. Bere ezinegona zela eta, handik gertuko baso batean bizi zen eta meditazioan urteak zeramatzan ermitau bat deitzeko eskatu zuen. Jakintsua eta zintzoa zenez, hark argituko zion enigma.

    –          Jauna, zergatik deitu nauzu? Zertan lagun zaitzaket? –galdetu zion errege pentsakorrari.

    –          Asko entzun dut zuri buruz –esan zuen erregeak–. Badakit ia ez duzula hitzik ere esaten, ihes egiten diezula era guztietako plazerei eta erreberentziei, ez duzula desberdintasunik ikusten urre zati baten eta buztin zati baten artean… Baina guztiek diote jakintsu bat zarela.

    –          Jendeak asko hitz egiten du, jauna –erantzun zuen ermitau asaldagaitzak.

    –          Hain zuzen ere jendearen inguruan zerbait garrantzitsua galdetu nahi dizut –esan zuen erregeak–. Jendea hobea izatea lor daiteke?

    –          Jauna, lege gehiago sortuta, ez da inondik ere lortzen herri bat hobea izaterik –erantzun zion aszetak–. Gizakiak berak bakarrik landu behar ditu egia gorena ezagutaraziko dioten jarrera eta gaitasunak. Hori ulertzen badugu soilik jakinaraziko zaizkigu egia arrunta eta egia gorena desberdintzeko metodoak.

    Erregeak zalantzati begiratu zion anakoretari eta zera erantzun zion:

    –          Hala ere, eremita, nik jendeari egia esanarazi diezaioket, edo, behintzat, egiazale izan daitezen lor dezaket.

    Erudituak hitz haiek entzun ostean, irribarre egin eta isilik geratu zen. Ez zuen gehiago hitz egin.

    Zenobitarekin izan zuen hizketaldiak erregearen ekimen hau ekarri zuen: ordutik aurrera, hiriko sarrera guardia talde batek zainduko zuen, erreinuan sartzen ziren guztiak aztertuko zituzten. Hiriko sarrerako atean, eta erreinuaren kanpoaldea eta barrualdea lotzen zituen zubiaren gainean urkabe bat jarriarazi zuen, eta baita lege hau ere: «Hirian sartu nahi duen oro galdekatua izango da. Egia esaten badu, sartu ahal izango du. Gezurra esanez gero, urkabera eramana izango da eta urkatua».

    Eguna zabalatzen ari zen, eta ermitaua hirirantz abiatu zen. Gau osoa meditatzen igaro zuen hainbeste gustatzen zitzaion baso baketsu hartan. Bere pausoa motela zen, ia parsimoniatsua. Zubirantz zihoan guardietako batek gelditu eta zera galdetu zionean:

    –          Nora zoaz?

    –          Urkamendira bidean noa urka nazazuen –erantzun zuen eremitak.

    Kapitainak baieztatu zuen:

    –          Ez dut uste, oker zaude.

    –          Ongi da, gezurra esan badut, urka nazazu.

    –          Gezurra esateagatik urkatzen bazaitugu, esan duzuna egia bihurtuko dugu, eta kasu horretan, ez zaitugu gezurra esatearren urkatu izango, baizik eta egia esateagatik.

    –          Hori da –baieztatu zuen ermitauak–. Orain badakizu zer den egia… Zure egia!

    Kontakizun honek ohartarazten digu bestearen iritzi-egia deuseztatzeak, eta gurea egiatzat jotzeak dakarren arriskuaz. Kontua, desadostasunaren zergatia eta jarrera hori hobeto ulertzeko nola joka dezakegun ongi jakin eta sakondu gabe epaitzen dugu.

    Era berean, batzuetan identifiktauta senti gaitezkeen bi pertsonaia kontrajarri aurkezten dizkigu. Alde batetik, erregea, bere egiaz itsuturik beste errealitate bat, berea bezain baliozkoa, ikusteko gai ez dena. Eta bestetik, ermitaua, bizitzaren irakaspenari eta ulertzeko gaitasunari esker erregearen iritzia onartzen duena.

    Erregeak jakintsuari «nik jendeari egia esanarazi diezaioket, edo, behintzat, egiazale izan daitezen lor dezaket» esaten dionean, ziurtzat jotzen du zuzena bere egia, bere errealitatea dela eta horretatik kanpo dagoena faltsutasunari eta gezurrari dagokiola.

    Ikuspuntu bakarrari eusteak traba mentala bakarrik ez, espirituala ere badakar, uneren batean denok egin behar dugun barneko bidaia hori kaltetzen eta oztopatzen baitu.

    Bestea alde batera uzteak, kondenatzeak eta epaitzeak atzerapausoa dakar giza harremanetan, batez ere lagunurkoak gu uler gaitzala eta gure jarrera onar dezala nahi badugu. Egia absolutua berea dela uste duena oker dago. Egia gorena iritzi arrunten multzoak osatzen du.

     

     

    Moldaketaren iturria: Mahan, A. eta González, M. (2011). Cuentos Hindues, Sabiduria Ancestral bilduma, Madril: Karma 7,  156-159. or.

     

    PENTAX Image

    IZAN HILDAKO BAT BEZALAKOA

    2013 - 08.02

    Gertaerek India iparraldera garamatzate, Sherpur Kham izeneko herrixka batera. Bertan, maisu agurgarri bat bizi zen, eta egunak Ojayit izeneko ikasleari irakaspen espiritualak ematen igarotzen zituen. Mistiko ohoragarriak lasaitasun handia hedatzen zuen, eta gerturatzen zitzaion edonori kutsatzen zion. Bere ontasun eta umiltasun handiagatik zen eskualdeko aholkulari maitatuenetakoa.

    Arratsalde batean, eguzkia Sherpur mendien ostean ezkutatu baino lehentxeago, Kham maisuak, lasaitasunez ikasleari irakaspen mistikoak irakasten aritu zenak, ikaslearengana joan eta zera agindu zion:

    –         Ojayit maitea, arratsalde honetan hilerrira joan behar duzu, eta bertan, edozelako lausenguak bota behar dizkiezu hilei.

    Ikasleak buruarekin baietz egin, eta gertuen zegoen hilerrira abiatu zen. Kanposantura iritsi zenean, zegoen isiltasun beldurgarriaz ohartu zen, eta nahiz eta errespetuak dardara eragin, hezitzaileak agindutakoa betetzen hasi zen. Bat-batean, Ojayiten garrasi eta lausenguek hautsi zuten bertako isiltasuna.

    Horren ostean, ikaslea hilerritik irten zen irakaslearengana itzultzeko.

    Ikaslea ikusi bezain laster, zera galdetu zion:

    –         Seme, zer erantzun dizute hilek?

    –         Ez dute ezer esan, maisu.

    –         Orduan, Ojayit maitea, itzuli hilerrira eta lausenguak bota beharrean, bota era guztietako irainak.

    Bigarrenez hartu zuen bide bera ikasleak, eta nekropoli isilera jo zuen. Bertara heldutakoan, edozelako irainak bota zizkien hildakoei. Minutu gutxiren buruan, eztarria urratu zuen gazteak. Amaitutakoan, maisuarengana itzuli zen.

    Ikaslea heldu bezain laster, mistikoak zera galdetu zion jarraitzaile gazteari:

    –         Ojayit, zer erantzun dizute hilek oraingoan?

    –         Ezer ere ez, maisu; oraingoan ere ez dute ezer esan –erantzun zuen ikasleak.

    Azkenik, honela adierazi zion maisuak:

    Ojayit, ikasle maitea, horrelakoa izan behar duzu zuk: besteen lausenguen eta irainen aurrean, hildako bat bezain hotza.

     

     

    Moldaketaren iturria: Mahan, A. eta González, M. (2011). Cuentos Hindues, Sabiduria Ancestral bilduma, Madril: Karma 7,  135-136. or.

    Diwali_Diya

     

     

    GIZON OREKATUA

    2013 - 07.31

    Indiako barnealdeko herri batean, herritarrek asko maite zuten gizon on bat bizi zen. Tamalez, emaztea galdu zuen urte batzuk lehenago, eta semearen kargu bera bakarrik gelditu zen. Nekazaritza lanetan aritzen zen, eta bere laguntzailerik finena zaldi zuri bat zen. Goiz batean, ohi bezala ukuilura animaliari jaten ematera joan zenean, ihes egin zuela ohartu zen. Berria azkar iritsi zen auzokideen belarrietara, eta bere etxera jo zuten:

    –         Zeinen zorte txarra izan duzun! Zaldi bakarra izan, eta harexek alde egin!

    –         Bai, egia da… joan egin da –erantzun zuen gizonak.

    Gizonak bere ohiko lanekin jarraitu zuen. Hala ere, egun batzuk igarotakoan, etxetik irteterakoan, etxeko sarreran zamaria zain zuela ohartu zen. Baina ez zegoen bakarrik, beste bat ekarri zuen berarekin. Berri onaren aurrean, auzokoak joan zitzaizkion berriz:

    –         Zelako zorte ona izan duzun! Zaldia berreskuratzea bakarrik ez, bi izatea ere lortu duzu!

    –         Bai, egia da… –erantzun zuen gizonak.

    Gizonak bi zaldi zituen, eta horrek bere semearekin denbora gehiago igarotzeko aukera ematen zion, eta semearekin herrixka inguruak zaldiz ikusteko aukera ere bai. Baina egun batean, semeak zalditik erori eta hanka bat hautsi zuen. Auzokideak joan zitzaizkion berriro ere:

    –         Zeinen zorte txarra izan duzun! Bigarren zaldia etorri ez balitz, zure semea orain onik egongo zen.

    –         Bai, egia da. –erantzun zuen gizonak soseguz.

    Bi aste igaro ziren, eta gerra hasi zenez, gazte guztiak deitu zituzten armadaren parte izateko. Denak, guztiek maite zuten gizonaren semea izan ezik, ohean baitzen oraindik hanka euskarri batetik zintzilik zuela. Oraingoan ere egin zioten bisita auzokoek eta zera esan zioten:

    –         Zelako zorte ona izan duzun! Zure semeak ez du gerrara joan behar!

    Bai, egia da… –erantzun zuen gizon orekatuak soseguz.

     caballo_blanco_2-1280x800

    Moldaketaren iturria: Mahan, A. eta González, M. (2011). Cuentos Hindues, Sabiduria Ancestral bilduma, Madril: Karma 7, 117-118. or.

    ZU NAIZ

    2013 - 07.26

    Indiako barrualdeko herritxo batean ikasle bat bizi zen, eskuzabala, errukiorra, eta batez ere, zintzoa. Jaiotzezko apaltasunagatik maite zuten guztiek. Bihotz handiduna eta adeitsua. Perfekzioa bilatu nahiak galarazten zion moralki garatzea.

    Arratsalde batean, eguzkia urrunean sartzen ari zenean, zeruak kolore morexka hartu zuen, mutila bere maisuaren etxe xumera joan zen. Irakaslea gizon apala zen eta oso jakintsua eta ulerkorra. Atea jo zuen eta yogiak zera galdetu zuen:

     

    – Nor da? Nor dabil ordu hauetan ate-joka?

    – Ni naiz, maisu ohoragarri hori. Zu ikustera etorri naiz espiritualki hezi nazazun.

    – Ikasle maitea, ez zara behar bezain heldua –erantzun zion mistikoak atea irekitakoan–. Egon urtebetez kobazulo batean eta medita ezazu. Gogoeta egin atsedenik gabe. Ondoren, itzuli eta emango dizut irakaspena.

     

    Hasieran, ikasleak hitz horiek entzun zituenean, gogogabetu egin zen; hala ere, egiazko bilatzailea zenez, etsitzen ez duten horietakoa eta egia beraien bizitza arriskuan jarrita jarraitzen duten horietakoa, yogiari kasu egin eta haren esana betetzea erabaki zuen.

     

    Hainbat egun pasa zituen babesteko eta meditatzeko kobazuloaren bila. Baina, azkenean, mendi baten magalean aurkitu zuen bat. Hantxe egon zen urtebetez, maisuak proposatu bezala, gogoeta sakonak egiten. Denbora horretan, gazteak bere buruarekin egoten ikasi zuen, bere burua entzuten, haratago begiratzen; baina, batez ere, izatea lantzen.

     

    Urtebete geroago berriz ere montzoiaren euriak etorri zirenean, gaztetxoak urtebete pasa zela jakin zuen. Haitzuloa uzteko prestatu, eta bere hezitzailearengana abiatu zen. Hiru egun geroago iritsi zen herrixkara, etxera gerturatu eta atea jo zuen berriz ere.

     

    –         Nor da? Nor dabil ate-joka ordu hauetan? –galdetu zuen mistikoak.

    –         Zu naiz –erantzun zuen ikasleak.

    –         Horrela bada, sartu –esan zuen yogiak–. Ez zegoen tokirik bi nirentzat.

     

     

    Moldaketaren iturria: Mahan, A. eta González, M. (2011). Cuentos Hindues, Sabiduria Ancestral bilduma, Madril: Karma 7, 39-40. or.

     

    YogaWomanSilhouette-850x567

    Psikologoari…

    2013 - 06.28

    Nire psikologo pertsonal maitea,

     

    Orain hilabete batzuk, hamar edo, esan zenidan airez aldatzeak mesede egingo zidala, eta ez zinen guztiz oker. Bihozkada zenuela gaineratu zenuen. Eta gaur, uda usainarekin eta batzuen ikasturte bukaerarekin batera, atzerabegirakoa egitea pentsatu dut.

    Nola laburbildu ikasturte hau? Bizitza ikas prozesu etengabea dela ikasi dut. Horrelaxe laburbilduko nuke. Oraingoan, uste dut, benetan ikasi dudala. Jende berria ezagutu, gauza berriak ikusi, ikasi eta bizi.

    Une zailetan edo negatiboetan musikak zenbat laguntzen duen ikusi dut, jende berria ezagutzeak eta haien esperientzien berri izatea oso aberasgarria dela. Bakardadea beldurgarria da batzuetan, eta horri aurre egiteko sendagai ezin hobea jendez inguratuta egotea da. Bai, baina ez. Neurrian, guztia bezala. Izan ere, jendez inguratuta egoteak ere ito gaitzake. Gure arazoetatik ihes egiten laguntzen digu, baina beste arazo batzuk ere sor ditzake. Guztia orekatu behar da, eta horixe da zaila bizitzan. Pilatesen orekari eusteko gai ez nintzela eta desorekatu bat nintzela esaten nion begiraleari, eta halaxe dela uste dut, desorekatu bat naiz, orekaren bila dabilen desorekatua. Apurka-apurka orekatzen doan (edo doala uste duen) desorekatua. Baina orekatuegi izatea ona ote? Ez al da hobe desoreka onartu eta norbere burua onartuta aurrera egitea? Beste ikasgai bat.

    Adjektibo bat aukeratu behar izanez gero, itzela erabiliko nuke urte izenari jarraiturik.

    Uste dut ez naizela gai izango nahiko nukeen guztia idazteko, ezta nire buruan dagoen guztia islatzeko ere. Eta beste asko neure golkorako gordeko ditut, neure bakarrik izan daitezen. Gure buruarekin ditugun sekretutxoak. Garai batean, uste nuen guztia kontatu behar nuela, gardena izan behar nuela. Bai, batzuek esango dute banaizela, eta datorkidan guztia botatzen dudala. Baina zer izango litzateke benetan guztia botako banu? Ez omen daukat filtrorik, baina uste dut ikasi dudala nolabaiteko filtroa izaten, zenbait kontutan, behintzat.

    Hainbeste jenderi eman nahiko nizkioke eskerrak, eta hainbeste jende dut gogoan lerro hauek idazterakoan… Ziur naiz baten bat ahaztuko zaidala… Barkatuko dit.

    Marikixkur trikitilaria, Mariglori abeslaria, Akerbeltz lasaia, Txita  zuhaitz zalea, Pistatxo morea, Behor menderakaitza, Lore nafarra, Lanbro leiala, Ratatouille futbolzalea, Ostadar urdina, Bela artista, Kimu jakintsua, Sorgin bihurria, eta nire ibilbidean gurutzatu zareten guztioi, mila esker.

    Pazientzia

    2013 - 04.30

    Gaur, aspaldiko partez, orri zuriaren aurrean jarri naiz. Asko bizi izan dut azkeneko idatzitik, asko ikusi dut azkeneko bizipenetik, asko irakurri dut azkeneko ikustalditik eta asko maitatu dut azkeneko irakurralditik.

    Maitemindu egin naiz.

    Maitemindu egin naiz bizitzaz, naturaz, serendipiaz, kasualitateez eta kausalitateez. Eta nola ez, maitemindu egin naiz maitasunaz.

    Pila bat ikasi dut.

    Eta beste pila bat ikasiko dudala ikasi dut, asko dudala ikasteko eta ikusteko. Eta bizitzeko. Pazientzia dela zientziaren ama, eta maitasunaren amona.

     

    three-turtles

    dordokak turtles

    Aitormen bat

    2012 - 11.18

    Aitortzen dut: inbidia ematen didate bikote zoriontsuek. Baina bikoteak ikusitakoan, batzuen antzera marmarrean hasi edo aurpegi goibela jarri beharrean, irribarre egitea aukeratu nuen orain dela hilabete batzuk. Guk erakartzen omen dugu heltzen zaigun guztia, beraz, hobe baikor izatea. Ez da erraza zain egotea. Baina lagun batek esan zidan bezala, etorriko dena oraingoa baino hobea izango da ziur. Itxaropen hori dut, eta ez dut hori ahaztu behar, nahiz eta egun batzuetan hori gogoratzea ez den erraza.

     


    Tresna-barrara saltatu