• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘aipu’

    Asaldura


    2014 - 05.26

    EPIKTETO:

    Pertsonak ez dira gertaerengatik asaldatzen, gertaera horietaz pentsatzen dutenagatik baizik.

    [ in Bisquerra, 2009; moldatua]

    dejar_de_fumar

    Ikasketa prozesu etengabea


    2014 - 04.22

    Bai, horixe da bizitza: ikasketa prozesu etengabea. Zergatik jaio nintzen? Ikasteko, hainbat ikasgai barneratzeko. Zer ikasteko? Datorrena, bizitzak dakarkiguna, eskaintzen diguna.

    Eroriz ikasten da oinez. Hark esaten zuen: “zazpi aldiz eroriz gero, zortzi aldiz altxa zaitez”.

    Aitona isil eta gogorra, amona urduri eta atsegina, segurtasuna falta duen ama kementsua, erraietako sentimenduek gainezka egiten dioten aita bohemioa, ahizpa burugogor indartsua, etab. Ispilu dira. Bizitzak ispilua eskaini dit, nire alde onak eta txarrak landu eta neutraliza ditzadan (ahal badut), nire erdigunea topa dezadan, neure indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diren ikus dezadan, eta horretatik abiatuta zerbait egin dezadan benetako nia aurki dezadan.

    Geldi egotea ez da ona. Uraren antzeko izan behar gara: moldaerrazak, zirrikituak aurkitu eta bide berrietatik abiatzeko gai. Baina batzuetan, tamalez, urmael lokaztu bihurtzen gara, edo okerrago, harea mugikor.

    Be water my friend,bidean ikusitakoaz ikasi.

    EGIA AL DA EGIA?


    2013 - 08.04

    Nire egia ez da zure egia. Zure egia ez da nire egia. Ala bai? Egia absolutua existitzen al da? Hauek dira gizakiak bere buruari egiten dizkion zenbait galdera gertaera baten inguruko kontrako bertsioak dituenean. Nork du arrazoia? Hurrengo kontakizunak horren inguruan hitz egiten digu:

    Ehunka urte dira India hegoaldea leienda batek zeharkatzen duela, istorio tristea eskaintzen digu, zorigaiztoko sentitzen zen errege batena, hain zuzen. Denbora zen sultanak bere buruari gizakiak zergatik ez ziren hobeak galdetzen ziola, zergatik gailendu zen gaizkia pentsamentuetan eta zergatik irabazi zion gezurrak egiari. Hiru galdera horiek arduratzen zuten, baina batez ere azkenak, gau eta egunez zuen buruan bueltaka. Bere ezinegona zela eta, handik gertuko baso batean bizi zen eta meditazioan urteak zeramatzan ermitau bat deitzeko eskatu zuen. Jakintsua eta zintzoa zenez, hark argituko zion enigma.

    –          Jauna, zergatik deitu nauzu? Zertan lagun zaitzaket? –galdetu zion errege pentsakorrari.

    –          Asko entzun dut zuri buruz –esan zuen erregeak–. Badakit ia ez duzula hitzik ere esaten, ihes egiten diezula era guztietako plazerei eta erreberentziei, ez duzula desberdintasunik ikusten urre zati baten eta buztin zati baten artean… Baina guztiek diote jakintsu bat zarela.

    –          Jendeak asko hitz egiten du, jauna –erantzun zuen ermitau asaldagaitzak.

    –          Hain zuzen ere jendearen inguruan zerbait garrantzitsua galdetu nahi dizut –esan zuen erregeak–. Jendea hobea izatea lor daiteke?

    –          Jauna, lege gehiago sortuta, ez da inondik ere lortzen herri bat hobea izaterik –erantzun zion aszetak–. Gizakiak berak bakarrik landu behar ditu egia gorena ezagutaraziko dioten jarrera eta gaitasunak. Hori ulertzen badugu soilik jakinaraziko zaizkigu egia arrunta eta egia gorena desberdintzeko metodoak.

    Erregeak zalantzati begiratu zion anakoretari eta zera erantzun zion:

    –          Hala ere, eremita, nik jendeari egia esanarazi diezaioket, edo, behintzat, egiazale izan daitezen lor dezaket.

    Erudituak hitz haiek entzun ostean, irribarre egin eta isilik geratu zen. Ez zuen gehiago hitz egin.

    Zenobitarekin izan zuen hizketaldiak erregearen ekimen hau ekarri zuen: ordutik aurrera, hiriko sarrera guardia talde batek zainduko zuen, erreinuan sartzen ziren guztiak aztertuko zituzten. Hiriko sarrerako atean, eta erreinuaren kanpoaldea eta barrualdea lotzen zituen zubiaren gainean urkabe bat jarriarazi zuen, eta baita lege hau ere: «Hirian sartu nahi duen oro galdekatua izango da. Egia esaten badu, sartu ahal izango du. Gezurra esanez gero, urkabera eramana izango da eta urkatua».

    Eguna zabalatzen ari zen, eta ermitaua hirirantz abiatu zen. Gau osoa meditatzen igaro zuen hainbeste gustatzen zitzaion baso baketsu hartan. Bere pausoa motela zen, ia parsimoniatsua. Zubirantz zihoan guardietako batek gelditu eta zera galdetu zionean:

    –          Nora zoaz?

    –          Urkamendira bidean noa urka nazazuen –erantzun zuen eremitak.

    Kapitainak baieztatu zuen:

    –          Ez dut uste, oker zaude.

    –          Ongi da, gezurra esan badut, urka nazazu.

    –          Gezurra esateagatik urkatzen bazaitugu, esan duzuna egia bihurtuko dugu, eta kasu horretan, ez zaitugu gezurra esatearren urkatu izango, baizik eta egia esateagatik.

    –          Hori da –baieztatu zuen ermitauak–. Orain badakizu zer den egia… Zure egia!

    Kontakizun honek ohartarazten digu bestearen iritzi-egia deuseztatzeak, eta gurea egiatzat jotzeak dakarren arriskuaz. Kontua, desadostasunaren zergatia eta jarrera hori hobeto ulertzeko nola joka dezakegun ongi jakin eta sakondu gabe epaitzen dugu.

    Era berean, batzuetan identifiktauta senti gaitezkeen bi pertsonaia kontrajarri aurkezten dizkigu. Alde batetik, erregea, bere egiaz itsuturik beste errealitate bat, berea bezain baliozkoa, ikusteko gai ez dena. Eta bestetik, ermitaua, bizitzaren irakaspenari eta ulertzeko gaitasunari esker erregearen iritzia onartzen duena.

    Erregeak jakintsuari «nik jendeari egia esanarazi diezaioket, edo, behintzat, egiazale izan daitezen lor dezaket» esaten dionean, ziurtzat jotzen du zuzena bere egia, bere errealitatea dela eta horretatik kanpo dagoena faltsutasunari eta gezurrari dagokiola.

    Ikuspuntu bakarrari eusteak traba mentala bakarrik ez, espirituala ere badakar, uneren batean denok egin behar dugun barneko bidaia hori kaltetzen eta oztopatzen baitu.

    Bestea alde batera uzteak, kondenatzeak eta epaitzeak atzerapausoa dakar giza harremanetan, batez ere lagunurkoak gu uler gaitzala eta gure jarrera onar dezala nahi badugu. Egia absolutua berea dela uste duena oker dago. Egia gorena iritzi arrunten multzoak osatzen du.

     

     

    Moldaketaren iturria: Mahan, A. eta González, M. (2011). Cuentos Hindues, Sabiduria Ancestral bilduma, Madril: Karma 7,  156-159. or.

     

    PENTAX Image


    Tresna-barrara saltatu