• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘berandu’

    “Bart”, “bidaia” eta “Bordele” bez hasten direlako…


    2016 - 09.10

    Osteguna

    14:00

    Blablacarrean bi europar eta bi amerikar Bordele eta Nantesera bidean.

     

    17:30

    Bordelera iritsi. Hitz egin zidan lehenengo frantsesak bere bidaia txartela eman zidan musu-truk. Ordubeteko balioa zuela eta, nahi banuen, niretzat zela, bestela, bota egingo zuela eta. Esker onez eta atsegin handiz hartu egin nion. Pozik eta iritsi berri. Magiaz hartu ninduen hiriak.

    Lankidearen eta haren bikote kidearen etxera iritsi eta ostatu ezin hobea. Paradisu txikia eta konpainia bikaina. Lagun eta zaindari bikainak.

    Berandu arte pantaila aurrean iragarki, hitz eta izenen artean.

     

    Ostirala

    10:00

    Pisukide izango zenarekin hitzordua nuen, baina aurreko egunean, nik idatzi ostean, azkenean astelehen arte ez zela iritsiko esan zidan. Bai, apur bat haserretu egin nintzen. Hona iritsi baino lehen, nire zalantzak erakutsi nizkion lagun bati eta zalantza horiek egia bilakatuta ikusi nituen. Bion artean pisua bilatzea zaila izango zela eta, bakoitzak bere aldetik aurkitzea izango da onena.

    Goizean Interneta erre beharrean mezuak bidali eta bidali, erantzunen bat inoiz jasotzeko zain… Unibertsitateetara bidaia iragarki-tauletan 4 iragarki zahar… erdiak uztaileko data zuen. Oinez eta metroz, nekatu nintzen, erre nintzen, mentalki erre nintzen. Laguntzeko prest izan ziren informazio bulegoetakoak, agentziakoak, unibertsitatekoak. Ez zen alferrik izan, baina garaipen mingotsaren sentipena gailendu zitzaidan.

    Gozotu zidaten behin-behineko etxean. Esker hitzak gutxi dira.

     

    Larunbata

    9:00

    Goiz jaikitzen denari Jainkoak laguntzen omen diola diote aiton-amonek. Goizegi ere ez da komeni 🙂

    Atzoko mingostasuna gozatu dit bart zure aurpegia ikusteak. Irribarrea sortu dit zurekin amestu izanak, hain urruti eta hain gertu sentitu izanak. Zu berriz noiz ikusiko zain oheratuko naiz egunero ziurrenik.

    Bizikleta askatasunaren ikur bilakatu da Parc Bordelais izenekoaren bidean eta barruan. Bilboko Casilda Iturrizar Parkearen eta Municheko Englischer Garten izenekoaren arteko hibrido interesgarri bezain polita.

    12:06

    Ikusteko nuen lehenengo apartamentura iritsi naiz. 6 minutu berandu 18 minutuko bidea nahi gabe luzatuta, galduta, Ariane labirintoan bueltaka sentitu naiz, nahiz eta nik GPSa eskuragarri nuen… uste dut hobe zela haria erabiltzea… Txileztarra eta frantsesa, lehengusuak biak eta katua. Norbaiti ostatua emateko prest. Itxura ederra zuen etxeak, txukuna, literaturaz eta musika klasikoaz betea, leku askotako oroigarriekin, Txile eta Frantzia uztarturik.

    13:15

    Berandu bazkaltzera.

    Berandu 14:30etako hitzordura,

    … ondorioz, baita 15:30etakora ere.

    Ordubeteko atzerapena edo gehiagokoa, hegaldirik arazotsuenek ere ez dute horrenbeste atzerapen… bizikletan nindoan, baina inguru horiek ez nituen ezagun.

    Arratsaldeko lehenengo pisuan 3 katu, txakur bat eta alabak kanpoan dituen ama. Gauzaz betetako etxea, egongela, gela eta terraza handiduna. Asteka funtzionatzeko prest. Astea 50 euroan, formaltasunik ez, B&B estilora. Ez dago gaizki. Baina alabak datozenean, ihes egitea balditza.

    Bigarrenean, argentinar batekin eta frantses batekin elkarbanatzeko pisu moderno eta lasaia. Lorategi eta inguru lasai eta horian. Bordele neguan hotza omen da, nahiz eta aurtengo udak tomate landareak majo erre dituen, negua beti negu. Hala ere, orain dela 8 urte ikusi zuten elurra azkenekoz hemen.

    18:00

    Douce maison bordelaise… Aske bai, baina zalantzazko bideetan hara eta hona ibili ondoren, 30 kilometro inguru (gehiago ez badira izan) egin ostean, gurpilik ez zuen eserlekua gustura hartu du, baita te hotza ere. Litro erdi konturatu gabe eran dut dzanga-dzanga. Behin-behineko pisukideekin tertuliatxo bat petit paradis izendatu dudan horretan. Gaurko gorabeherak eta zalantzak norbaitekin elkarbanatzea ederki dago, alaitasuna areagotzeko eta urduritasuna baretzeko.

    20:30

    Nire urdaila frantsestu da. Gose zen. Pisukideak kanpoan eta niri afaria utzi didate. Janariz betetako paradisua ere bada. Astea ordaindu nahi diet, ez dutela ezer behar, ezetz. Cité du Vinera bisita egin eta hango izen handiko ardoren bat ekartzea ez litzateke ideia txarra…

    Afalostean pisu kontuen mezuak idatzi / erantzun eta WhatsAppeko zeresanei erantzun.

    22:00

    Kanpoko ateak itxita. Katu pintxo ezezaguna sukaldean. Eta harridura nire aurpegian (nik dakidala, behin-behineko etxean ez zegoen katurik, eta nik ez dut ekarri gaur bisitatuko etxeetan zeudenetako bat ere ez). Ulertu du nire aurpegiaren mezua. Nik ezer esan gabe, buelta hartu, eta etorri den bezalaxe, ixil-ixilik bere etxera joan da, edo hori pentsatu nahi dut. Agian gauean zurekin amesten ari naizen bitartean gainera salto egin eta zu zarela pentsatuko dut!

    Biharko hitzordu bat finkatuta, erdigunetik gertuago.

    00:50

    Bada garaia berriz ere zurekin amesten hasteko.

    13620060_10208112587786401_8672083089711194578_n


    Tresna-barrara saltatu