• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘bizi’

    Bilatzailea


    2015 - 08.27

    Garai batean irakurri eta gaur halabeharrez niregana itzuli den testuaren euskarazko nire moldapentxoa:

     

    Bilatzaile definituko nukeen gizon baten istorioa da hau. Bilatzailea bilatzen duen norbait da; ez da ezinbestean aurkitzen duen norbait. Bilatzen ari dena zer den nahitaez dakiena ere ez da. Bere bizitza bilaketa bat den norbait da soilik.

    Egun batean, bilatzaileak Kammir herrirantz joan behar zuela sentitu zuen. Bere baitako leku ezezagun batetik zetozen sentipen horiei kasu hertsia egiten ikasi zuen. Beraz, guztia utzi eta joan egin zen.

    Hautsez betetako bideetan barrena bi egunez ibili ondoren, urrunean Kammir ikusi zuen. Herrira iritsi baino pixka bat lehenago, bidearen eskuinean zegoen tontor bat oso deigarria iruditu zitzaion. Berdetasun ederraz tapizaturik zegoen eta zuhaitz, hegazti eta lore xarmagarri piloa zegoen. Erabat inguratzen zuen egurrezko hesi txiki disdiratsu batek. Brontzezko atexka batek sartzeko gonbita egiten zion. Bat-batean, herria ahazten zuela sentitu zuen eta leku hartan atseden hartzeko tentazioan erori zen. Bilatzaileak atea pasa eta zoriak banatutakoak ziruditen harri zurien artean oinez ibiltzen hasi zen zuhaitzen artean. Bere begiei koloreanitzeko paradisu hartako detaile bakoitzean tximeleten antzera pausatzen utzi zien. Bere begiak bilatzaile batenak ziren, eta beharbada horregatik aurkitu zuen inskripzio hura harrietako baten gainean:

    Abdul Tareg, 8 urte, 6 hilabete, 2 aste eta 3 egun bizi izan zen.

    Hunkitu egin zen apur bat harri hura harri soil bat ez zela konturatzean: hilarri bat zen. Pena sentitu zuen hain adin txikiko haur bat leku hartan hilobiratuta zegoela pentsatzean. Ingurura begiratuta, gizona ondoko harriak ere inskripzio bat zuela konturatu zen. Irakurtzera gerturatu zen. Hauxe zioen:

    Yamir Kalib, 5 urte, 8 hilabete, 3 aste bizi izan zen.

    Bilatzailea izugarri hunkiturik sentitu zen. Leku eder hura hilerri bat zen, eta harri bakoitza hilobi bat zen. Banan bana oroitarriak irakurtzen hasi zen. Guztiek zituzten antzeko inskripzioak: izen bat eta hildakoaren bizitza-denbora zehatza. Baina ikaratu zuena denbora gehien bizi izan zuenak apenas pasatzen zituen hamaika urteak… Min izugarri batek bilduta, eseri eta negar egiten hasi zen.

    Hilerriko zaintzailea handik pasa zen eta gerturatu egin zen. Denbora batez isilik ikusi zuen negarrez eta gero familiako kideren batengatik egiten zuen negar galdetu zion.

    – “Ez, familiako kideengatik ez”, esan zuen bilatzaileak. “Zer gertatzen da herri honetan? Zer gauza ikaragarri dago herri honetan? Zergatik daude hainbeste ume hil leku honetan hilobiratuta? Zein izan da jende honen gainean erori den eta haurren hilerri bat eraikitzera behartu dituen maldizioa?”

    Agureak irribarre egin eta esan zuen:

    – “Lasai zaitezke. Ez dago horrelako maldiziorik. Gertatzen dena da hemen aspaldiko ohitura bat dugula. Kontatuko dizut…: gazte batek hamabost urte betetzen dituenean, gurasoek hemen daukadan libreta baten antzekoa oparitzen diote, lepoan zintzilika dezan. Gure artean ohitura da, momentu horretatik aurrera, zerbaitetaz intentsitate handiz gozatzen dugun bakoitzean, libreta zabaldu eta hauxe idazten dugu:

    Ezkerrean gozatutakoa zer izan den, eskuinean, gozamenak zenbat denbora iraun duen.il_570xN.773833897_rv8a

    Bere neska ezagutu zuen eta maitemindu egin zen. Zenbat denbora iraun zuen pasio erraldoi horrek eta ezagutzeko plazerak? Astebete? Bi? Hiru aste eta erdi? Eta gero, lehenengo muxuaren emozioak, lehenengo muxuaren plazer zoragarriak… zenbat iraun zuen? Muxuaren minutu eta erdiak? Bi egun? Astebete? Eta lehen umearen haurdunaldiak eta jaiotzak? Eta lagunen ezkontzek? Eta gehien desiratutako bidaiak? Eta urrutiko lurraldetik itzuli den anaiarekin elkartzeak? Zenbat denbora iraun zuen egoera horiez gozatzeak? Orduak? Egunak?

    Horrela, libretan disfrutatzen dugun momentu bakoitza idazten goaz… momentu bakoitza.

    Norbait hiltzen denean, gure ohitura da bere libreta ireki eta gozatutako denbora gehitzea, bere hilobian idazteko. Izan ere, hori da gure ustez bizitako denbora bakarra eta benetakoa”.

    Jorge Bucay

     

    Iturri digitala: http://brujulacuidador.com/2014/02/16/el-buscador/ (Azken kontsulta 2015/08/27)

    Psikologoari…


    2013 - 06.28

    Nire psikologo pertsonal maitea,

     

    Orain hilabete batzuk, hamar edo, esan zenidan airez aldatzeak mesede egingo zidala, eta ez zinen guztiz oker. Bihozkada zenuela gaineratu zenuen. Eta gaur, uda usainarekin eta batzuen ikasturte bukaerarekin batera, atzerabegirakoa egitea pentsatu dut.

    Nola laburbildu ikasturte hau? Bizitza ikas prozesu etengabea dela ikasi dut. Horrelaxe laburbilduko nuke. Oraingoan, uste dut, benetan ikasi dudala. Jende berria ezagutu, gauza berriak ikusi, ikasi eta bizi.

    Une zailetan edo negatiboetan musikak zenbat laguntzen duen ikusi dut, jende berria ezagutzeak eta haien esperientzien berri izatea oso aberasgarria dela. Bakardadea beldurgarria da batzuetan, eta horri aurre egiteko sendagai ezin hobea jendez inguratuta egotea da. Bai, baina ez. Neurrian, guztia bezala. Izan ere, jendez inguratuta egoteak ere ito gaitzake. Gure arazoetatik ihes egiten laguntzen digu, baina beste arazo batzuk ere sor ditzake. Guztia orekatu behar da, eta horixe da zaila bizitzan. Pilatesen orekari eusteko gai ez nintzela eta desorekatu bat nintzela esaten nion begiraleari, eta halaxe dela uste dut, desorekatu bat naiz, orekaren bila dabilen desorekatua. Apurka-apurka orekatzen doan (edo doala uste duen) desorekatua. Baina orekatuegi izatea ona ote? Ez al da hobe desoreka onartu eta norbere burua onartuta aurrera egitea? Beste ikasgai bat.

    Adjektibo bat aukeratu behar izanez gero, itzela erabiliko nuke urte izenari jarraiturik.

    Uste dut ez naizela gai izango nahiko nukeen guztia idazteko, ezta nire buruan dagoen guztia islatzeko ere. Eta beste asko neure golkorako gordeko ditut, neure bakarrik izan daitezen. Gure buruarekin ditugun sekretutxoak. Garai batean, uste nuen guztia kontatu behar nuela, gardena izan behar nuela. Bai, batzuek esango dute banaizela, eta datorkidan guztia botatzen dudala. Baina zer izango litzateke benetan guztia botako banu? Ez omen daukat filtrorik, baina uste dut ikasi dudala nolabaiteko filtroa izaten, zenbait kontutan, behintzat.

    Hainbeste jenderi eman nahiko nizkioke eskerrak, eta hainbeste jende dut gogoan lerro hauek idazterakoan… Ziur naiz baten bat ahaztuko zaidala… Barkatuko dit.

    Marikixkur trikitilaria, Mariglori abeslaria, Akerbeltz lasaia, Txita  zuhaitz zalea, Pistatxo morea, Behor menderakaitza, Lore nafarra, Lanbro leiala, Ratatouille futbolzalea, Ostadar urdina, Bela artista, Kimu jakintsua, Sorgin bihurria, eta nire ibilbidean gurutzatu zareten guztioi, mila esker.

    Miren Agur Meabe, Zazpi orduak.


    2011 - 12.10

    (…)miren agur meabe


    Kapaz ote zara zure baitarako aipatzeko…

    – Zazpi toki eder?

    – Zazpi lagun benetako?

    – Zazpi une maitasunezko?

    – Zazpi egia baliotsu?

    – Zazpi aholku on?

    – Zazpi mesede, zuk inori egindakoak?

    – Zazpi mesede, inork zuri egindakoak?

    Horiei erantzuteko moduan bazaude, nago zure zazpi orduak asetzeko altxor nahikoa batu duzula dagoeneko.



    Ez naiz zure mirabea.


    2011 - 10.09

    Irriaren ostean bekaitza,

    barearen ostean ekaitza.

    Jator zinen baina

    zital bihurtu zara.

    Ez zaitut ulertzen,

    non dira garai bateko laztanak?

    Garai bateko muxuak?

    Gure arteako doa zimeltzen.

    Zer egin dut nik?

    Ez dut merezi zigorrik.

    Non dago garai bateko ene laztana?

    Bihurtu da erabat zakarra,

    ezpainak ditu lakarrak.

    Erraz zauritzen naute.

    Izugarri mintzen dute.

    Horren aldean, arantza koroa

    litzateke oso goxoa.

    Har itzazu zure hitzak,

    zure gezurrak, zure garrasiak,

    joan zaitez etor zinen bidetik!

    Utz nazazu bakean!

    Alde hemendik!

    Urrundu nigandik!

    Ahaztu nirekin!

    Pentsa ezazu hilda nagoela,

    niretzat halaxe zaude-eta!

    Utz nazazu bakarrik,

    zure ondoan ez dut bakerik,

    jarraitu nahi dut bizirik,

    zugandik urruti!

    Ondoan ezin zaitut ikusi!

    Utzi didazu bihotza mindurik!

    Izana zauriturik!

    Ez zaitut behar,

    ez naiz zure neskamea,

    gutxiago zure mirabea!

    Zoaz etorritako bidetik,

    zoaz! Eman bakea,

    lasaitzeko nire barnea,

    berreskuratzeko nire izatea.


    min


    Tresna-barrara saltatu