• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘bizitza’

    Bilatzailea


    2015 - 08.27

    Garai batean irakurri eta gaur halabeharrez niregana itzuli den testuaren euskarazko nire moldapentxoa:

     

    Bilatzaile definituko nukeen gizon baten istorioa da hau. Bilatzailea bilatzen duen norbait da; ez da ezinbestean aurkitzen duen norbait. Bilatzen ari dena zer den nahitaez dakiena ere ez da. Bere bizitza bilaketa bat den norbait da soilik.

    Egun batean, bilatzaileak Kammir herrirantz joan behar zuela sentitu zuen. Bere baitako leku ezezagun batetik zetozen sentipen horiei kasu hertsia egiten ikasi zuen. Beraz, guztia utzi eta joan egin zen.

    Hautsez betetako bideetan barrena bi egunez ibili ondoren, urrunean Kammir ikusi zuen. Herrira iritsi baino pixka bat lehenago, bidearen eskuinean zegoen tontor bat oso deigarria iruditu zitzaion. Berdetasun ederraz tapizaturik zegoen eta zuhaitz, hegazti eta lore xarmagarri piloa zegoen. Erabat inguratzen zuen egurrezko hesi txiki disdiratsu batek. Brontzezko atexka batek sartzeko gonbita egiten zion. Bat-batean, herria ahazten zuela sentitu zuen eta leku hartan atseden hartzeko tentazioan erori zen. Bilatzaileak atea pasa eta zoriak banatutakoak ziruditen harri zurien artean oinez ibiltzen hasi zen zuhaitzen artean. Bere begiei koloreanitzeko paradisu hartako detaile bakoitzean tximeleten antzera pausatzen utzi zien. Bere begiak bilatzaile batenak ziren, eta beharbada horregatik aurkitu zuen inskripzio hura harrietako baten gainean:

    Abdul Tareg, 8 urte, 6 hilabete, 2 aste eta 3 egun bizi izan zen.

    Hunkitu egin zen apur bat harri hura harri soil bat ez zela konturatzean: hilarri bat zen. Pena sentitu zuen hain adin txikiko haur bat leku hartan hilobiratuta zegoela pentsatzean. Ingurura begiratuta, gizona ondoko harriak ere inskripzio bat zuela konturatu zen. Irakurtzera gerturatu zen. Hauxe zioen:

    Yamir Kalib, 5 urte, 8 hilabete, 3 aste bizi izan zen.

    Bilatzailea izugarri hunkiturik sentitu zen. Leku eder hura hilerri bat zen, eta harri bakoitza hilobi bat zen. Banan bana oroitarriak irakurtzen hasi zen. Guztiek zituzten antzeko inskripzioak: izen bat eta hildakoaren bizitza-denbora zehatza. Baina ikaratu zuena denbora gehien bizi izan zuenak apenas pasatzen zituen hamaika urteak… Min izugarri batek bilduta, eseri eta negar egiten hasi zen.

    Hilerriko zaintzailea handik pasa zen eta gerturatu egin zen. Denbora batez isilik ikusi zuen negarrez eta gero familiako kideren batengatik egiten zuen negar galdetu zion.

    – “Ez, familiako kideengatik ez”, esan zuen bilatzaileak. “Zer gertatzen da herri honetan? Zer gauza ikaragarri dago herri honetan? Zergatik daude hainbeste ume hil leku honetan hilobiratuta? Zein izan da jende honen gainean erori den eta haurren hilerri bat eraikitzera behartu dituen maldizioa?”

    Agureak irribarre egin eta esan zuen:

    – “Lasai zaitezke. Ez dago horrelako maldiziorik. Gertatzen dena da hemen aspaldiko ohitura bat dugula. Kontatuko dizut…: gazte batek hamabost urte betetzen dituenean, gurasoek hemen daukadan libreta baten antzekoa oparitzen diote, lepoan zintzilika dezan. Gure artean ohitura da, momentu horretatik aurrera, zerbaitetaz intentsitate handiz gozatzen dugun bakoitzean, libreta zabaldu eta hauxe idazten dugu:

    Ezkerrean gozatutakoa zer izan den, eskuinean, gozamenak zenbat denbora iraun duen.il_570xN.773833897_rv8a

    Bere neska ezagutu zuen eta maitemindu egin zen. Zenbat denbora iraun zuen pasio erraldoi horrek eta ezagutzeko plazerak? Astebete? Bi? Hiru aste eta erdi? Eta gero, lehenengo muxuaren emozioak, lehenengo muxuaren plazer zoragarriak… zenbat iraun zuen? Muxuaren minutu eta erdiak? Bi egun? Astebete? Eta lehen umearen haurdunaldiak eta jaiotzak? Eta lagunen ezkontzek? Eta gehien desiratutako bidaiak? Eta urrutiko lurraldetik itzuli den anaiarekin elkartzeak? Zenbat denbora iraun zuen egoera horiez gozatzeak? Orduak? Egunak?

    Horrela, libretan disfrutatzen dugun momentu bakoitza idazten goaz… momentu bakoitza.

    Norbait hiltzen denean, gure ohitura da bere libreta ireki eta gozatutako denbora gehitzea, bere hilobian idazteko. Izan ere, hori da gure ustez bizitako denbora bakarra eta benetakoa”.

    Jorge Bucay

     

    Iturri digitala: http://brujulacuidador.com/2014/02/16/el-buscador/ (Azken kontsulta 2015/08/27)

    Ikasketa prozesu etengabea


    2014 - 04.22

    Bai, horixe da bizitza: ikasketa prozesu etengabea. Zergatik jaio nintzen? Ikasteko, hainbat ikasgai barneratzeko. Zer ikasteko? Datorrena, bizitzak dakarkiguna, eskaintzen diguna.

    Eroriz ikasten da oinez. Hark esaten zuen: “zazpi aldiz eroriz gero, zortzi aldiz altxa zaitez”.

    Aitona isil eta gogorra, amona urduri eta atsegina, segurtasuna falta duen ama kementsua, erraietako sentimenduek gainezka egiten dioten aita bohemioa, ahizpa burugogor indartsua, etab. Ispilu dira. Bizitzak ispilua eskaini dit, nire alde onak eta txarrak landu eta neutraliza ditzadan (ahal badut), nire erdigunea topa dezadan, neure indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diren ikus dezadan, eta horretatik abiatuta zerbait egin dezadan benetako nia aurki dezadan.

    Geldi egotea ez da ona. Uraren antzeko izan behar gara: moldaerrazak, zirrikituak aurkitu eta bide berrietatik abiatzeko gai. Baina batzuetan, tamalez, urmael lokaztu bihurtzen gara, edo okerrago, harea mugikor.

    Be water my friend,bidean ikusitakoaz ikasi.

    Psikologoari…


    2013 - 06.28

    Nire psikologo pertsonal maitea,

     

    Orain hilabete batzuk, hamar edo, esan zenidan airez aldatzeak mesede egingo zidala, eta ez zinen guztiz oker. Bihozkada zenuela gaineratu zenuen. Eta gaur, uda usainarekin eta batzuen ikasturte bukaerarekin batera, atzerabegirakoa egitea pentsatu dut.

    Nola laburbildu ikasturte hau? Bizitza ikas prozesu etengabea dela ikasi dut. Horrelaxe laburbilduko nuke. Oraingoan, uste dut, benetan ikasi dudala. Jende berria ezagutu, gauza berriak ikusi, ikasi eta bizi.

    Une zailetan edo negatiboetan musikak zenbat laguntzen duen ikusi dut, jende berria ezagutzeak eta haien esperientzien berri izatea oso aberasgarria dela. Bakardadea beldurgarria da batzuetan, eta horri aurre egiteko sendagai ezin hobea jendez inguratuta egotea da. Bai, baina ez. Neurrian, guztia bezala. Izan ere, jendez inguratuta egoteak ere ito gaitzake. Gure arazoetatik ihes egiten laguntzen digu, baina beste arazo batzuk ere sor ditzake. Guztia orekatu behar da, eta horixe da zaila bizitzan. Pilatesen orekari eusteko gai ez nintzela eta desorekatu bat nintzela esaten nion begiraleari, eta halaxe dela uste dut, desorekatu bat naiz, orekaren bila dabilen desorekatua. Apurka-apurka orekatzen doan (edo doala uste duen) desorekatua. Baina orekatuegi izatea ona ote? Ez al da hobe desoreka onartu eta norbere burua onartuta aurrera egitea? Beste ikasgai bat.

    Adjektibo bat aukeratu behar izanez gero, itzela erabiliko nuke urte izenari jarraiturik.

    Uste dut ez naizela gai izango nahiko nukeen guztia idazteko, ezta nire buruan dagoen guztia islatzeko ere. Eta beste asko neure golkorako gordeko ditut, neure bakarrik izan daitezen. Gure buruarekin ditugun sekretutxoak. Garai batean, uste nuen guztia kontatu behar nuela, gardena izan behar nuela. Bai, batzuek esango dute banaizela, eta datorkidan guztia botatzen dudala. Baina zer izango litzateke benetan guztia botako banu? Ez omen daukat filtrorik, baina uste dut ikasi dudala nolabaiteko filtroa izaten, zenbait kontutan, behintzat.

    Hainbeste jenderi eman nahiko nizkioke eskerrak, eta hainbeste jende dut gogoan lerro hauek idazterakoan… Ziur naiz baten bat ahaztuko zaidala… Barkatuko dit.

    Marikixkur trikitilaria, Mariglori abeslaria, Akerbeltz lasaia, Txita  zuhaitz zalea, Pistatxo morea, Behor menderakaitza, Lore nafarra, Lanbro leiala, Ratatouille futbolzalea, Ostadar urdina, Bela artista, Kimu jakintsua, Sorgin bihurria, eta nire ibilbidean gurutzatu zareten guztioi, mila esker.

    Pazientzia


    2013 - 04.30

    Gaur, aspaldiko partez, orri zuriaren aurrean jarri naiz. Asko bizi izan dut azkeneko idatzitik, asko ikusi dut azkeneko bizipenetik, asko irakurri dut azkeneko ikustalditik eta asko maitatu dut azkeneko irakurralditik.

    Maitemindu egin naiz.

    Maitemindu egin naiz bizitzaz, naturaz, serendipiaz, kasualitateez eta kausalitateez. Eta nola ez, maitemindu egin naiz maitasunaz.

    Pila bat ikasi dut.

    Eta beste pila bat ikasiko dudala ikasi dut, asko dudala ikasteko eta ikusteko. Eta bizitzeko. Pazientzia dela zientziaren ama, eta maitasunaren amona.

     

    three-turtles

    dordokak turtles

    Agurrak.


    2011 - 12.21

    Agur, adio, aio, adeu, adios, adieu, bye

    Samurrak eta gozoak batzuetan;

    gordinak eta gogorrak besteetan.

    Baina guztiek uzten dute zuloa sabelean,

    gogoan eta bihotzean.


    Tristura barne-barnean iltzatzen da.

    Oroitzapenak etortzen dira.

    Malkoak masailetan behera,

    mendietan barrena doazen erreken antzera.

    Tristura uxatzea oso zaila izaten da.


    Oroitzapen onak gorde eta gogoratu behar omen dira.

    Horren erraza balitz,

    mundua beste modu batekoa litzateke.

    Berriz bueltatzen gara

    “inork ez du esan erraza izango denik”esapidera

    eta bizitzako zuloz beteriko errepidera.

    bye

    A egun ilunak.


    2008 - 12.06

    Nora goaz? Nondik gatoz? Zertarako gaude? Zer egin behar dugu? Zer egin nahi dugu?

    Horrelako galderak egiten zizkion bere buruari bere gelako iluntasun eta hoztasunean, ilargiaren argitasunak itzalak sortzen zituen bere gelan. Hauei erreparatuz hainbat galdera zerabilkien bere buruan.

    Zer egiten ari naiz? Bide zuzena hau al da? Hau al da nik nahi dudana, ala besteek nitaz nahi dutena? Zer egingo dut? Beharbada trenari itxaron, trenean sartu eta ez dakit noraino heldu. Beharbada. Pentsatu bai, egin ez. Pentsatzen segi errealitatean gertatzen denari aurre egin ezinik… errazena…

    Horrela zirauen gau eta egun, zer egin jakin gabe, bere bizitzaren zioa zein zen jakin gabe…

    Neguko egun hotz eta ilun batean, etxerantz autobusean zihoala, zentzurik gabeko paisaiari begiratu zion, hutsik sentitu zen, bere bizitzak ez zuen zentzurik, egun bat betetik bereizi ezinik sentitzen zen, berarentzat guztiak ziren berdinak, ez zegoen egun berezirik, jaiegunak eta lanegunak berdin, ez zegoen bereizketarik. A egunak ziren, ez zegoen Z egunik…

    Nora noa? Zertara? Zer egin behar dut bertan? M hirian hobeto nengoke, M, L, R edo P hirian hobeto nengoke bai… Z egunak zeintzuk diren jakingo nuke ziurrenik… bitartean A egunak baino ezin ditut ezagutu… Z egunak zein urrun dauden ta zein ezezagun diren niretzat, ba al dago Z egunak baino ezagutzen ez dituen pertsonarik? Berarekin elkartu eta iritziak elkarbanatuko nituzke eta Z egunak ezagutzen hasiko nintzateke…

    Z egunak noiz iritsiko zain geratu zen. Zain, zain eta zain… Bere hutsunea ezin beterik… Bere egunak eta ingurunekoenak ilundu ziren arte…

    iluntasun


    Tresna-barrara saltatu