• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘burokrazia’

    Sentimendu nahasiak


    2016 - 10.04

    Nire isiltasunak asko du esateko. Modu sutilean adierazteko, lagun baten hitzak ekarriko ditut: ipurtzuloaño! Ipurtzuloraino sistema frantsesa ez ezagutzeaz eta ezin ulertzeaz, ipurtzuloraino bankuez eta agentziez, ipurtzuloraino ordainketa sistema frantsesaz, ipurtzuloraino IBAN zenbaki frantsesa ez duen kontu korronteaz, ipurtzuloraino euskaldun espainola izateaz, ipurtzuloraino ez dabiltzan fotokopiagailuez, ipurtzuloraino berandu iristen diren fotokopiez, ipurtzuloraino desertuko arraina edo itsas hondoko gamelua izateaz. IPURTZULORAINO!

    jolie fille fachée

     

    Baina aitortzen dut, ez da guztia beltza. Astuna da burokrazia, baina eskerrak eman behar dizkiet inguruan ditudan aingerutxoei :). Laguntzeko prest dauden pisukideei, lankideei, lagunei eta ikasleei. Haiei esker ari baita arintzen eta sendatzen paper arteko nire zoramena. Bizitzaren magia handitzen doa leku, bizipen eta irakaspen berriak ezagutu ahala. Mila esker bihotzez, zuei esker ari baita haur hau Bordelen hazten.

     

     

    Asterix eta Obelixen 12 probak


    2016 - 09.20

    Fakultate berean, A, B, C, D, E, F, G, H, I, J, K, L, M… atalak edo sailak.

    Orain zoaz A001-era,  orain A101-era. Orain bisitatu A2 006-a.

    Zalantzak badituzu, itaundu A100 bulegoan.

    Galdera hori egizu B101 bulegoan, beste hori M101 bulegoan jakingo dute…

     

    Berria zarenean ezezagun zaizun kodea.

    Ondoren, ikasteko erraza, logikoa.

    A-ren ostean, lehenengo zifra “0” bada, beheko solairua da; “1” bada, berriz, lehenengo solairua, eta horrela.

    Hala ere, pasiloetan zehar zoazela A sailetik B sailera konturatu gabe igarotzen zara.

    Eskerrak argigarri diren seinaleak dauden…

     

    Galia honetan,

    burokrazia Hispanian bezain motela,

    edo are motelagoa da.

    Asterixen eta Obelixen 12 probak bertatik bertara (41. minututik aurrera).

     

     

    Dalida


    2016 - 09.13

    Beren etxean hartu nauten biei esker ezagutu dut abeslari hori.

    Hiru ideia: Miss Egipto, frantziar zineman tartea egitera etorria eta gay ikonoa.

    1954. urtean, gaur egun dagoen besteko teknologiarik ez zegoen garai hartan, Frantzian bizitzeko eta lan egiteko nik baino errazago izan izango zuela espero dut. Europar izateak abantailak dituela diote, baina laster arnasa hartzeko ere baimena beharko dudan sentipena dut. Paperak kontratua egiteko, apartamentua alokatzeko eta diru-laguntzak eskatzeko. Apartamentuen kasua da konprometituena. Izan ere, norberaren eta bermatzailearen hainbat dokumentu behar dituzte: nortasun agirien fotokopiak, azken hiru hilabeteetako soldaten agiriak, azken errenta aitorpenak, eta kasu batzuetan, baita bermatzailearen hondasunei buruzko agiria ere. Bermatzailea frantziarra ez bada, bi hilabeteko fidantza ordaindu behar. Dirua eta papera, papera eta dirua. Funtsean gauza bera.

    Behin alokatzeko kontratua sinatzeko langa gaindituta eta apartamentua aurkituta, diru-laguntza lortzea da garaitzeko dudan hurrengo gaina.

    Agian modelo, antzezle eta abeslari exotiko bilakatzeak gauzak erraztuko dizkit. Agian. Bitartean, Dalilaren antzera abestuko dut ametsetan Achete moi un juke box kantuko On te fera une vraie surprise party esaldia euskal r indartsuaren omenez.

     


    Tresna-barrara saltatu