• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘buscador’

    Bilatzailea


    2015 - 08.27

    Garai batean irakurri eta gaur halabeharrez niregana itzuli den testuaren euskarazko nire moldapentxoa:

     

    Bilatzaile definituko nukeen gizon baten istorioa da hau. Bilatzailea bilatzen duen norbait da; ez da ezinbestean aurkitzen duen norbait. Bilatzen ari dena zer den nahitaez dakiena ere ez da. Bere bizitza bilaketa bat den norbait da soilik.

    Egun batean, bilatzaileak Kammir herrirantz joan behar zuela sentitu zuen. Bere baitako leku ezezagun batetik zetozen sentipen horiei kasu hertsia egiten ikasi zuen. Beraz, guztia utzi eta joan egin zen.

    Hautsez betetako bideetan barrena bi egunez ibili ondoren, urrunean Kammir ikusi zuen. Herrira iritsi baino pixka bat lehenago, bidearen eskuinean zegoen tontor bat oso deigarria iruditu zitzaion. Berdetasun ederraz tapizaturik zegoen eta zuhaitz, hegazti eta lore xarmagarri piloa zegoen. Erabat inguratzen zuen egurrezko hesi txiki disdiratsu batek. Brontzezko atexka batek sartzeko gonbita egiten zion. Bat-batean, herria ahazten zuela sentitu zuen eta leku hartan atseden hartzeko tentazioan erori zen. Bilatzaileak atea pasa eta zoriak banatutakoak ziruditen harri zurien artean oinez ibiltzen hasi zen zuhaitzen artean. Bere begiei koloreanitzeko paradisu hartako detaile bakoitzean tximeleten antzera pausatzen utzi zien. Bere begiak bilatzaile batenak ziren, eta beharbada horregatik aurkitu zuen inskripzio hura harrietako baten gainean:

    Abdul Tareg, 8 urte, 6 hilabete, 2 aste eta 3 egun bizi izan zen.

    Hunkitu egin zen apur bat harri hura harri soil bat ez zela konturatzean: hilarri bat zen. Pena sentitu zuen hain adin txikiko haur bat leku hartan hilobiratuta zegoela pentsatzean. Ingurura begiratuta, gizona ondoko harriak ere inskripzio bat zuela konturatu zen. Irakurtzera gerturatu zen. Hauxe zioen:

    Yamir Kalib, 5 urte, 8 hilabete, 3 aste bizi izan zen.

    Bilatzailea izugarri hunkiturik sentitu zen. Leku eder hura hilerri bat zen, eta harri bakoitza hilobi bat zen. Banan bana oroitarriak irakurtzen hasi zen. Guztiek zituzten antzeko inskripzioak: izen bat eta hildakoaren bizitza-denbora zehatza. Baina ikaratu zuena denbora gehien bizi izan zuenak apenas pasatzen zituen hamaika urteak… Min izugarri batek bilduta, eseri eta negar egiten hasi zen.

    Hilerriko zaintzailea handik pasa zen eta gerturatu egin zen. Denbora batez isilik ikusi zuen negarrez eta gero familiako kideren batengatik egiten zuen negar galdetu zion.

    – “Ez, familiako kideengatik ez”, esan zuen bilatzaileak. “Zer gertatzen da herri honetan? Zer gauza ikaragarri dago herri honetan? Zergatik daude hainbeste ume hil leku honetan hilobiratuta? Zein izan da jende honen gainean erori den eta haurren hilerri bat eraikitzera behartu dituen maldizioa?”

    Agureak irribarre egin eta esan zuen:

    – “Lasai zaitezke. Ez dago horrelako maldiziorik. Gertatzen dena da hemen aspaldiko ohitura bat dugula. Kontatuko dizut…: gazte batek hamabost urte betetzen dituenean, gurasoek hemen daukadan libreta baten antzekoa oparitzen diote, lepoan zintzilika dezan. Gure artean ohitura da, momentu horretatik aurrera, zerbaitetaz intentsitate handiz gozatzen dugun bakoitzean, libreta zabaldu eta hauxe idazten dugu:

    Ezkerrean gozatutakoa zer izan den, eskuinean, gozamenak zenbat denbora iraun duen.il_570xN.773833897_rv8a

    Bere neska ezagutu zuen eta maitemindu egin zen. Zenbat denbora iraun zuen pasio erraldoi horrek eta ezagutzeko plazerak? Astebete? Bi? Hiru aste eta erdi? Eta gero, lehenengo muxuaren emozioak, lehenengo muxuaren plazer zoragarriak… zenbat iraun zuen? Muxuaren minutu eta erdiak? Bi egun? Astebete? Eta lehen umearen haurdunaldiak eta jaiotzak? Eta lagunen ezkontzek? Eta gehien desiratutako bidaiak? Eta urrutiko lurraldetik itzuli den anaiarekin elkartzeak? Zenbat denbora iraun zuen egoera horiez gozatzeak? Orduak? Egunak?

    Horrela, libretan disfrutatzen dugun momentu bakoitza idazten goaz… momentu bakoitza.

    Norbait hiltzen denean, gure ohitura da bere libreta ireki eta gozatutako denbora gehitzea, bere hilobian idazteko. Izan ere, hori da gure ustez bizitako denbora bakarra eta benetakoa”.

    Jorge Bucay

     

    Iturri digitala: http://brujulacuidador.com/2014/02/16/el-buscador/ (Azken kontsulta 2015/08/27)


    Tresna-barrara saltatu