• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘egun’

    Halako batean garbigailuak botaka egingo du.


    2009 - 03.20

    Egoera baten aurrean hainbat jokabide har ditzakegu. Bat erremediorik ez duela pentsatzea izan daiteke, beste bat, gauzak bere onera itzuliko direla pentsatzea eta beste bat konponbide bila abiatzea. Azkeneko hau aukeratuz gero, konponbideak hainbat eratakoak izan daitezke, batetik, onak; bestetik, erdipurdikoak eta baita txarrak ere, edo beharbada ez dago onik?

    Guretzat konponbide onena dena aukeratzen dugu beti, baina onena ei den hori txarrena bihur dakiguke. Erabakiak eskuetatik ihes eginda edo. Orduan datorzkigu damuak, penak eta hasierako ezinegonak. Hartutako bidea konponbidea iruditzen zitzaigun eta azkenean, tortura bide bihurtu zaigu…

    Askotan jotzen dugu maite ditugun pertsonengana gure penak, buruhausteak, tristurak, arazoak eta abarrak elkarbanatzeko. Beren aholku jakintsuak ezin hobetzat hartzen ditugu, baina askotan ez dute balio gure burua eta barrenak gehiago nahasteko baino. Hasierako egoerara itzultzeko baino ez. Barrenak une horretan askatu eta primeran sentitzen gara, egin dugun gauzarik onena dela pentsatuz, erabaki perfektua dela burmuinean urrez idatzirik itzultzen gara etxera; baina berriro buruan dugunari mila bira eman ondoren, burua eta barrenak nahastu besterik ez ditugu egiten, hasierako ezinegonera itzuliz… hasierako garbigailu egoerara itzuliz…

    Eta halako batean garbigailuak botaka egingo du barruko zikinkeria guztia bota nahirik…

     

    A egun ilunak.


    2008 - 12.06

    Nora goaz? Nondik gatoz? Zertarako gaude? Zer egin behar dugu? Zer egin nahi dugu?

    Horrelako galderak egiten zizkion bere buruari bere gelako iluntasun eta hoztasunean, ilargiaren argitasunak itzalak sortzen zituen bere gelan. Hauei erreparatuz hainbat galdera zerabilkien bere buruan.

    Zer egiten ari naiz? Bide zuzena hau al da? Hau al da nik nahi dudana, ala besteek nitaz nahi dutena? Zer egingo dut? Beharbada trenari itxaron, trenean sartu eta ez dakit noraino heldu. Beharbada. Pentsatu bai, egin ez. Pentsatzen segi errealitatean gertatzen denari aurre egin ezinik… errazena…

    Horrela zirauen gau eta egun, zer egin jakin gabe, bere bizitzaren zioa zein zen jakin gabe…

    Neguko egun hotz eta ilun batean, etxerantz autobusean zihoala, zentzurik gabeko paisaiari begiratu zion, hutsik sentitu zen, bere bizitzak ez zuen zentzurik, egun bat betetik bereizi ezinik sentitzen zen, berarentzat guztiak ziren berdinak, ez zegoen egun berezirik, jaiegunak eta lanegunak berdin, ez zegoen bereizketarik. A egunak ziren, ez zegoen Z egunik…

    Nora noa? Zertara? Zer egin behar dut bertan? M hirian hobeto nengoke, M, L, R edo P hirian hobeto nengoke bai… Z egunak zeintzuk diren jakingo nuke ziurrenik… bitartean A egunak baino ezin ditut ezagutu… Z egunak zein urrun dauden ta zein ezezagun diren niretzat, ba al dago Z egunak baino ezagutzen ez dituen pertsonarik? Berarekin elkartu eta iritziak elkarbanatuko nituzke eta Z egunak ezagutzen hasiko nintzateke…

    Z egunak noiz iritsiko zain geratu zen. Zain, zain eta zain… Bere hutsunea ezin beterik… Bere egunak eta ingurunekoenak ilundu ziren arte…

    iluntasun


    Tresna-barrara saltatu