• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘eskerrak’

    Psikologoari…


    2013 - 06.28

    Nire psikologo pertsonal maitea,

     

    Orain hilabete batzuk, hamar edo, esan zenidan airez aldatzeak mesede egingo zidala, eta ez zinen guztiz oker. Bihozkada zenuela gaineratu zenuen. Eta gaur, uda usainarekin eta batzuen ikasturte bukaerarekin batera, atzerabegirakoa egitea pentsatu dut.

    Nola laburbildu ikasturte hau? Bizitza ikas prozesu etengabea dela ikasi dut. Horrelaxe laburbilduko nuke. Oraingoan, uste dut, benetan ikasi dudala. Jende berria ezagutu, gauza berriak ikusi, ikasi eta bizi.

    Une zailetan edo negatiboetan musikak zenbat laguntzen duen ikusi dut, jende berria ezagutzeak eta haien esperientzien berri izatea oso aberasgarria dela. Bakardadea beldurgarria da batzuetan, eta horri aurre egiteko sendagai ezin hobea jendez inguratuta egotea da. Bai, baina ez. Neurrian, guztia bezala. Izan ere, jendez inguratuta egoteak ere ito gaitzake. Gure arazoetatik ihes egiten laguntzen digu, baina beste arazo batzuk ere sor ditzake. Guztia orekatu behar da, eta horixe da zaila bizitzan. Pilatesen orekari eusteko gai ez nintzela eta desorekatu bat nintzela esaten nion begiraleari, eta halaxe dela uste dut, desorekatu bat naiz, orekaren bila dabilen desorekatua. Apurka-apurka orekatzen doan (edo doala uste duen) desorekatua. Baina orekatuegi izatea ona ote? Ez al da hobe desoreka onartu eta norbere burua onartuta aurrera egitea? Beste ikasgai bat.

    Adjektibo bat aukeratu behar izanez gero, itzela erabiliko nuke urte izenari jarraiturik.

    Uste dut ez naizela gai izango nahiko nukeen guztia idazteko, ezta nire buruan dagoen guztia islatzeko ere. Eta beste asko neure golkorako gordeko ditut, neure bakarrik izan daitezen. Gure buruarekin ditugun sekretutxoak. Garai batean, uste nuen guztia kontatu behar nuela, gardena izan behar nuela. Bai, batzuek esango dute banaizela, eta datorkidan guztia botatzen dudala. Baina zer izango litzateke benetan guztia botako banu? Ez omen daukat filtrorik, baina uste dut ikasi dudala nolabaiteko filtroa izaten, zenbait kontutan, behintzat.

    Hainbeste jenderi eman nahiko nizkioke eskerrak, eta hainbeste jende dut gogoan lerro hauek idazterakoan… Ziur naiz baten bat ahaztuko zaidala… Barkatuko dit.

    Marikixkur trikitilaria, Mariglori abeslaria, Akerbeltz lasaia, Txita  zuhaitz zalea, Pistatxo morea, Behor menderakaitza, Lore nafarra, Lanbro leiala, Ratatouille futbolzalea, Ostadar urdina, Bela artista, Kimu jakintsua, Sorgin bihurria, eta nire ibilbidean gurutzatu zareten guztioi, mila esker.

    Bidea.


    2009 - 03.16

    Urteak joan ahala, jendea ezagutzen dugu, jende berria. Batzuk aurrera doaz zurekin, beste batzuk atzean geratzen dira. Urteetan zehar bidean zehar lagundu gaituzten pertsonek bide desberdinak hartzen dituzte eta banatzea gogorra izaten da, ez da erraza lotura horiek alde batera utzi eta bidean aurrera bakarrik antzera egitea. Gogorra benetan. Baina bizitzaren parte da, egin beharreko zerbait. Gu geu indartzeko. Gauzak ikusteko, ikasteko. Gu izateko…

    Bidean hainbat oztopo aurkituko ditugu, baina betiko jendeari eta berriei esker, gainetik salto egin edo bidezidorretatik jarraituko dugu aurrera. Jakintsu eta indartsu bilakatzeko eta irribarrea ahotik ez galtzeko.

    bidea

    Eskerrik asko nire bidean gurutzatu zareten guztioi.


    Tresna-barrara saltatu