• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘familia’

    Familia


    2012 - 01.16

    Gure gurasoen garaiko familiak eta oraingoak ezin dira alderatu. Egia da beti egon direla familia onak eta txarrak, baina gaur egun ikusten diren familiak garai batekoak baino xelebreagoak dira dudarik gabe. Ez dut jo nahi familia osatzen dutenen aldetik, -aldaketei eskerrak, ugaritasuna baitago familia moldeetan-, baizik eta familiakoen jokabideetatik.
    Beti egon izan dira kaleko umeak, egun osoa kalean pasatzen zutenak. Horrek badu bere alde ona; izan ere, autonomia lortzen dute, eta baita beren kabuz erlazionatzeko eta moldatzeko gaitasuna ere. Hala ere, bere alde txarra ere izan dezake: erabat kaleko bihurtzea. Hau da, guztiz lotsagabetzea, kalea beraiena dela pentsatzea, eta etxekoenganako inolako loturarik ez sentitzea.
    Nire haur garaian ere baziren kaleko umeak, eta guztiz lotsagabeak ziren batzuk; guztiak ez, orokortzea ez baita ona. Nahi zutena lor zezaketela uste zuten, eta beraien ongizateari baino ez zioten erreparatzen, besteak kontuan izan gabe. Eskaleen antzera, kaleko legera ohituak zeudela zirudien, eta ez zutela inolako araurik onartzen.
    Bestalde, baziren betiko ume mimatuak: etxeko errege-erreginak zirenak, munduaren zilborra zirela uste zutenak. Nahi zuten guztia lortzen zutenak ziren, negar pixkat egin, eta gurasoak gaizki sentitzen zirelako, minutu bat igaro baino lehen, umeari nahi zuena ematen zioten. Mundua beraien zerbitzura zegoela ikusten zuten. Handitan auskalo zer egin duten beraien heziketari esker!
    Oraingo familiak eta garai batekoak alderatuz, lehengoek familiatasun handiagoa zutela iruditzen zait; batasun handiagoa zuten. Beharbada, batzuk diziplinatuegiak ziren; baina oraingoak, batasunik gabeko taldeak direla ematen du. Izan ere, askok kapritxoagatik izaten dituzte seme-alabak –hala dirudi behintzat–, eta gero, ezin izaten dituzte hezi; irakasleen, zaintzaileen edo aitonen-amonen eskuetan uzten dituzte haiek hezi ditzaten.
    Zer dira seme-alabak? Haragi zati bat? Ez dut uste. Beharrak eta eskubideak dituzten gizakitxoak dira. Arreta behar dute, baina baita heziketa on bat ere. Zer da haurra izan, eta inolako interesik ez jartzea haur horren heziketan? Batzuek loreontziak direla uste dutela iruditzen zait, beraien zeregin bakarra haurra izatea balitz bezala jokatzen baitute.
    Familiak eta familiak daude eta egon dira, baina oreka bat behar da beti. Eskubideak, betebeharrak eta mugak dituztela esan, azaldu eta ulertarazi behar zaie etxeko txiki eta gazteei, bestela ez goaz inora. Ohitura onak etxetik hartu behar dira, etxekoek eurek eman behar dizkiete. Irakaskuntza eta hezkuntza ez da ikastetxeetara mugatzen, talde lana da; baina oinarria familia da, gurasoak batik bat. Gurasoen, familiakoen, zaintzaileen eta irakasleen arteko elkarlana dela esan daiteke. Hortaz, oinarria kolokan baldin badago, gurasoek ez badizkiete arau batzuk jartzen beren seme-alabei, alferrik da taldeko beste kideek ahaleginak egitea, nekez lortuko baitute etxean lortzen ez dena.
    Beste kontu bati helduko diogu orain: teknologiaren eraginari. Mesedegarri izan daitekeen arren, kasu batzuetan, kaltegarri eta suntsigarri bihur daiteke. Izan ere, familia askotan telebistek, ordenagailuek eta kontsolek kalte handia egiten dute. Guraso batzuek beraien denbora lortzeko haurrak horien aurrean uzten dituzte. Horixe da errazena, bakean uzteko gugandik urrunaraztea; baina horrek ekar ditzakeen ondorioez ez gara jabetzen beranduegi den arte. Ohitura batzuk sortzen zaizkie haur edo gaztetxoei, eta ondoren, horiek kentzea oso zaila da. Etxeko errege edo erregina bihur daitezke telebista, ordenagailua edo kontsola; gurasoek baino garrantzia handiagoa hartuz, gurasoak eurak ordezkatzera heltzeraino. Teknologia horien seme-alaba, esklabo edo yonki bihurtzen dira.
    Bai, gauza asko izan behar dira kontuan haur bat hezterako garaian, baina ezin gaitezke axolagabetasunean eror. Esatea erraza da, baina seme-alabei behar bezalako heziketa eskaintzea oso zaila. Dena dela, ahaleginak egin behar ditugu, inork ez baitu egingo guk egin beharrekoa.

    errege


    Tresna-barrara saltatu