• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘idatziak’

    argazkia


    2011 - 02.18

    Bilobak korrika zebiltzan baserriko atarian, iji ajaka udazkeneko egun eguzkitsu batean. Zerua urdin, eguzkia epel eta hodei zuri eder gutxi batzuk eguzkia estali nahian. Barruan aiton-amonak beren adinean aurrera, baina biloben ahotsek egiten zituzten zoriontsu. Gogoan zituzten hankak horren arinak zituzteneko garaiak. Haurtzaroa eta gaztaroa bizitzaren harribitxi.

    Aitonak begi urdin lasaiak zituen, itsaso barearen antzekoak, haiei begiratuz gero, gaitz eta urduritasun guztiak kentzen zituztenak. Bere irribarre baketsuak ere bere eragin terapeutikoa zuen. Amonak begi berde lagunkoiak zituen, konfiantza ematen duten horietakoak. Oraindik igartzen zitzaizkion gaztetako masail gorrixkak uda kutsuko eguraldiaren ondorioz.

    –          Haizea, Haizea! Begiratu zer aurkitu dudan! -esan zuen Xubanek ganbarako ilunetan.

    –          Zer da? -galdetu zion arrebak iluntasunean tentuz ibiliz.

    –          Egurrezko kutxa bat! Oso polita da eta nahiko zaharra, dirudienez. -erantzun zion nebak begiak ilusioz beterik zituela.

    –          Ireki! Beharbada altxorren bat egongo da barruan!

    –          Bai zera! Baserri honetan altxor bat? Txoratuta zaude ala?

    –          Zergatik ez? Baliteke urre mordoa edo aspaldiko txanponak egotea…

    –          Zerbait egotekotan hautsa eta arratoi hilen bat!

    –          Ez esan horrelakorik! Ireki ezazu behingoz! -Haizeak ezinegonez.

    Kostatu zitzaion, baina azkenean, mutikoak ireki zuen aurkitutako kutxa. Irudiak baino ez. Aspaldikoak. Eskuetan hartu eta argazki haiek biltzen zuten istorioan barneratu ziren nahi gabe. Ez zekiten nortzuk ziren argazkietako gaztetxoak. Paisaia politak eta pertsona atseginak agertzen ziren bertan. Ez zen espero zuten altxorra, baina, behintzat, ez zuten aurkitu nazkagarria zen ezer.

    –          Nortzuk dira? Neska honek ez al du gure amaren antza? -esan zuen Haizeak.

    –          Ba ez dakit. Baina amaren antza badu, bai…

    Tximista baino azkarrago jaitsi ziren ganbaratik.

    –          Amona, amona! Ikusi zer aurkitu dugun! -neskatilak.

    Amonak kutxa hartu eta ireki egin zuen. Argazkiak ikusi zituen eta aitonari eztiki begiratu zion. Argazki batzuk hartu eta aitonari erakutsi zizkion. Aitonak begirada samurra eskaini zien argazkietan azaltzen zirenei.

    –          Nortzuk dira? –Xubanek jakin-minez.

    –          Gu gara. -erantzun zion aitonak.

    –          Zer? -Haizeak harriduraz.

    –          Bai, urte dezente igaro dira, baina gu geu gara. Gu ere gazteak izan ginen! -amonak irribarrez.

    Aiton-amonek eta bilobek arratsaldea pasa zuten argazkien azalpenak eta agertzen ziren pertsonen bitxikeriak eta xelebrekeriak kontatuz eta entzunez. Xubanek eta Haizeak ez zuten uste hain ondo pasako zutenik aiton-amonei gaztetako kontuak entzunez. Telebistaren edo ordenagailuaren falta ez zuten igarri ere egin!



    Haurrak lotara joan ostean, aiton-amonak sukaldeko aulkietan eserita gelditu ziren, elkarri begira. Itsasoak eta mendiak bat egiten zuten haien begiradetan. Berrogeita hamar urte inguru atzera egiteak nekatu egin zituen. Ohean sartu ziren, elkarri besarkaturik, gaztaroko lagunak eta uneak gogoan. Begiak itxi aurretik elkarri musu samur bat eman zioten.

    Huraxe izan zen bilobek aiton-amonekin pasa zuten azken eguna.

    hobe beharrez…


    2011 - 01.19

    Proba egitea erabaki nuen: hasteko, beldurra eragiten zidaten soinuak gehiago ez gogoratzea erabaki nuen. Ezabatzea. Ahaztea. Badira irudi batzuk begiz ikusita desatseginak direnak, baina irudi horiei zenbat eta zentzumen gehiago gehitu, are jasangaitzagoak bilakatzen dira, eta begiei min egiten zieten irudiak entzumenarekin goxatzea erabaki nuen.

    Uxue Alberdi, Aulki-jokoa.

    Begiei, belarriei eta bihotzari min egiten dioten gauzak ikusten, entzuten eta sentitzen ditugu ia egunero. Askotan, memoriatik kendu nahi genituzke, baina tamalez, iltzatuta geratzen dira gure arimaren edo izatearen erdi-erdian eta barru-barruan…

    Gure garunaren eta gogoaren lana izaten da bizitakoa, txarra baldin bada, eraldatzeko joera, norberaren eta besteen hobe beharrez…

    trena


    2007 - 12.30

    Maleta, maletina eta txamarra lodia. Jarlekuan eseri, egin beharreko bideari atzea emanda, heldu beharreko lekura heldu nahiko ez banu bezala. Parean eserlekua. Urruti. Hankak ezin bertan jarri. Ni atzeraka, aurrekoak aurreraka. Lau gizonezko eta hiru emakumezko. Zein baino zein bereziago.

    Urrutien erdi-lo, aurpegia eskuez eztaltzen duen atzerritarra. Aldamenean, lurrera begira doan eta, itxuraz, irratia entzuten doan gizon edadetu bat. Honen aurrean belarrietatik zintzilik mp4-a duen eta musika 1000Hz-tan jarrita duen gaztea. Ondoan, emakumezko edadetu bat. Andere txukuna, atsegin itxurakoa. Honen aurrean, beste bi emakume, elkarrekin hizketan. Zeri buruzkoa ote beren jarduna?

    Azkenik, bagoian ikus nezakeen pertsonaiarik bereziena. 35 urte aspalditxo betetako gizona. Bere janzkera eta itxura bereziak deitu du nire arreta. Bakero batzuk. Estu-estuak. Marroi koloreko alkondara bat eta gainetik, txaleko beltza. Fina, dizdiraduna eta atzean begizta eta guztikoa. Jaitsi behar ginen geltokira iritsi aurretik, narru beltzezko jaka jantzi, poltsikoan eskua sartu, zilar koloreko zerbait atera eta ahora eraman du. Toxatik trago eder bat emanda, prest treneko triki-traka epela utzi eta kanpoko freskotasunari aurre egiteko.




    Bizitza bera da trena… bere triki eta traka eta guzti…


    Pertsonaia batzuk trenetik irten, beste batzuek aurrera jarraitu, berriak sartu…


    Eurak nire bizitzako momentu labur bateko pertsonaia…


    Eta ni beraiena???

    dei batek…


    2007 - 10.27

    Dei batek berehala

    ken dezake umorea,

    segituan heltzen zaigu, nahi eta ez,

    etxera joateko tenorea,

    zimeltzen baita gugan zegoen

    eguzkilorea.


    haurra telefonoan

    Lehengo gorria bihurtzen zaigu morea…

    20


    2007 - 09.27

    “Gaur elurra da Gasteizen” dio kantuak…
    argazkian ere hala da…
    nahiz eta gaur euriarekin konformatu behar izan dugun…

    Euria eta freskura bai kanpoan,
    gu ordea, elkarren epeltasunean.

    Egoitzak hainbat oroitzapen ekarri dizkit gogora…
    aurreko urtearen errepasoa egin dut instant batean,
    aurtengoa horren ona izandago ahal da!

    20 ordu elkarrekin,
    aspaldiko partez…
    20 ordu elkarrekin egoteko…
    20 ordu elkarri musu emateko,
    elkar besarkatzeko,
    elkarri begiratzeko,
    bata bestearekin egoteko…

    20 ordu ahaztezin…
    Disko gogorrean gordetzeko 20 ordu paregabe.

    20 orduok betirako iraun zezaten nahi izan dut…
    Eta hauxe nahi dut:
    -Sekula ez banantzea, beti elkarrekin egotea.
    -Horrelako milaka momentu elkarrekin bizitzea.
    -Horrelako uneak oroitu eta kontatu ahal izatea.

    -ZU BETIRAKO ALDAMENEAN IZATEA ETA ELKARREKIN MILAKA GAUZA EGITEA!!!

    gau ilunean


    2007 - 09.16

    Gauaren iluntasunean,

    argirik gabeko logelan,

    leihotik tximisten argia antzematen dut,

    trumoiaren zarata entzuten,

    zure falta sumatzen…


    Mundua amaituko dela dirudien gau honetan

    zure besarkaden hutsunea sentitzen dut,

    zure musuena,

    zure eskuena,

    zurea…

    zentzua, zentzua, zentzua, zentzua, zentzua, zentzua, zentzua, zentzua, zentzua, zentzua…


    2007 - 09.11

    SARRITTAN BUELTA GEHIXEGI EMATEN JAKUE GAUZEI…

    ZENTZUA GALTZEN DABEN ARTE…

    BAKOITZAK ZENTZUA GALTZEN DABAN ARTE…

    arazoak eta


    2007 - 09.07

    Askotan uste dugu bakoitzaren arazotxoak munduko handienak direla…

    Ez gara konturatzen gu baino okerrago daudenak asko direla…

    Askotan albokoaren sentimenduak urratzen ditugu, horretan gabiltzala konturatu gabe…

    Huskeriengatik negar…

    Huskeriengatik haserretu…

    Huskeriengatik malkoak, huskeriengatik putzak…

    Txikikeria bat nahikoa da eztanda egiteko…

    Besteek eduki ditzaketen benetako arazoak kontuan izan gabe…

    Ondokoa “gure  arazo” deitzen diogunagatik nazkatzen dugu…

    Eta beharbada, benetako arazo litzatekeena gure barnean gordetzen dugu. Senda ezin daitekeen gaixotasun baten antzera, aurre egin ezinda, utzi. Errenditu. Inori kontatu ez eta buruari bueltak ematen aritu. Laguntzarik eta aholkurik eskatu ez…

    2007/08/29


    2007 - 08.30

    Eguzkia, ilargia,
    eguna, gaua;
    egunsentia, ilunabarra,
    zeru oskarbia, ortzi lainotsua.
    Poza, tristura,
    maitasuna, gorrotoa,
    barrea, negarra…

    Txanpon beraren alde biak…

    egun tristeak…


    2007 - 08.19

    ………. Barearen ostean omen dator ekaitza ………..

    Egun eguzkitsuen ondoren, egun euritsuak…

    Ostegunera artean, gaurkoa ei da hoberena…

    Etxean sartuta pelikula-maratoia egiteko egun aproposak…

    Oporretan eta udazken-negu giroa…

    Tristura egunak izaten dira askotan honelakoak niretzat…

    Poztasuna kentzen duten horietakoak…

    Inora joateko gogorik gabe uzten nautenak…

    Etxean sartu eta hurrengo egunera arte lehiotik begiratu gabe egoteko modukoak…

    Edo galdutako loa berreskuratzeko modukoak…


    Tresna-barrara saltatu