• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘jakintsu’

    IZAN HILDAKO BAT BEZALAKOA


    2013 - 08.02

    Gertaerek India iparraldera garamatzate, Sherpur Kham izeneko herrixka batera. Bertan, maisu agurgarri bat bizi zen, eta egunak Ojayit izeneko ikasleari irakaspen espiritualak ematen igarotzen zituen. Mistiko ohoragarriak lasaitasun handia hedatzen zuen, eta gerturatzen zitzaion edonori kutsatzen zion. Bere ontasun eta umiltasun handiagatik zen eskualdeko aholkulari maitatuenetakoa.

    Arratsalde batean, eguzkia Sherpur mendien ostean ezkutatu baino lehentxeago, Kham maisuak, lasaitasunez ikasleari irakaspen mistikoak irakasten aritu zenak, ikaslearengana joan eta zera agindu zion:

    –         Ojayit maitea, arratsalde honetan hilerrira joan behar duzu, eta bertan, edozelako lausenguak bota behar dizkiezu hilei.

    Ikasleak buruarekin baietz egin, eta gertuen zegoen hilerrira abiatu zen. Kanposantura iritsi zenean, zegoen isiltasun beldurgarriaz ohartu zen, eta nahiz eta errespetuak dardara eragin, hezitzaileak agindutakoa betetzen hasi zen. Bat-batean, Ojayiten garrasi eta lausenguek hautsi zuten bertako isiltasuna.

    Horren ostean, ikaslea hilerritik irten zen irakaslearengana itzultzeko.

    Ikaslea ikusi bezain laster, zera galdetu zion:

    –         Seme, zer erantzun dizute hilek?

    –         Ez dute ezer esan, maisu.

    –         Orduan, Ojayit maitea, itzuli hilerrira eta lausenguak bota beharrean, bota era guztietako irainak.

    Bigarrenez hartu zuen bide bera ikasleak, eta nekropoli isilera jo zuen. Bertara heldutakoan, edozelako irainak bota zizkien hildakoei. Minutu gutxiren buruan, eztarria urratu zuen gazteak. Amaitutakoan, maisuarengana itzuli zen.

    Ikaslea heldu bezain laster, mistikoak zera galdetu zion jarraitzaile gazteari:

    –         Ojayit, zer erantzun dizute hilek oraingoan?

    –         Ezer ere ez, maisu; oraingoan ere ez dute ezer esan –erantzun zuen ikasleak.

    Azkenik, honela adierazi zion maisuak:

    Ojayit, ikasle maitea, horrelakoa izan behar duzu zuk: besteen lausenguen eta irainen aurrean, hildako bat bezain hotza.

     

     

    Moldaketaren iturria: Mahan, A. eta González, M. (2011). Cuentos Hindues, Sabiduria Ancestral bilduma, Madril: Karma 7,  135-136. or.

    Diwali_Diya

     

     


    Tresna-barrara saltatu