• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘maleta’

    Eskalea


    2011 - 09.04

    Lehengo egunean, aspaldiko partez Gasteizera itzuli nintzen. Betiko martxa etorriko zela iradoki zidan bidaia hark. Joan etorria baino ez zen izan, baina egia esan, horrelako egunetan izaten dira bitxikeriak edo gogoeta dakarkizuten gertakariak.

    Orduko hartan, etxera itzultzeko autobusa hartzeko ordu erdi gelditzen zitzaidan. Bazkaltzeko garaia zen eta goseak nengoenez, jateko eta edateko zerbait erosi nuen eta autobus geltokian bidaia-txartela hartu eta banku batean eseri nintzen. Banku hutsen zalea izaten naiz normalean, baina egun hartan, gizon bat eserita zegoen jarlekuan eseri nintzen.

    Larruazala beltzarana zuen, berrogeita hamar urteak pasata zituela zirudien, kamiseta arrunt bat, praka bakeroak eta zapatila batzuk zituen. Horrez gain, giltzarrapo erraldoi bat zuen maleta urdin iluna zuen hanka artean babesturik. Bankuaren punta banatan geunden. Zerbait arraroa sumatu nion, baina nire paranoiak izango zirela-eta beste zerbait pentsatzen hasi nintzen. Baina begira igartzen nuen begiaren izkinatik. Halako batean, hizketan hasi zitzaidan. Gaztelania ez oso garbian, baina ahalegintzen zen. Portugalera joateko billetea behar zuela eta ez zuela zentimo bat bera ere eta ea zerbait emango nion. Ni neu ez naiz dirua erraz ematen duen horietarikoa, ez baitaukat soberan (lanik ez, ikasketak bukatu berri, etab.). Ez zitzaidan gustatu bere jokatzeko era eta entzungor egin nuen. Begira gelditu zitzaidan eta ea ulertu nion galdetu zidan. Nik ez dakit zer aurpegi jarriko nion, ez nekien zer aurpegi jarri-eta.

    Portugalerako bidaia-txartelak 32€ balio zituela, 2 hilabete zeramatzala Euskadin, lanik, sosik eta aterperik gabe zegoela eta ea lagunduko nion txanponen bat emanez. Nire bihotza erraz biguntzen da, eta azkenean, amore eman eta txanpon batzuk eman nizkion. Ez neukan askorik eta ezin askorik eman, nahi ere ez. Bai, neurekoia naiz… Baina eman ostean, etorri zitzaizkidan berari egiteko galderak, eta ez nintzen isilik gelditu. Bera ez zen lotsatu dirua eskatzen eta ni ez nintzen lotsatu galdetzen. Ea familiarik zuen galdetu nion. Baietz, banandua zegoela, baina ama Portugalen bazuela. Galdetu nion ea zergatik ez zion Correos bidez dirua bidaltzeko eskatu. Pentsatua zuela, baina oraingoz (noiz ba!?) ez zuela arduratu nahi.

    Ez dakit nik zer egingo nukeen bere egoeran eta bere adinean. Baina uste dut, ama beti izango dela ama. Lana eskaini didatelako beste herrialde batera joan ostean, lana faltsua dela, iruzur egin didatela kontatuz gero, laguntzen ahaleginduko litzakeela pentsatzen dut. Egoa askotan gure etsai bihurtzen dela, gero! Baina zergatik iritsi horrelako muturreko egoerara? Nola gelditu zen txanponik gabe? Maleta bazuen, esan zidanez, arropa zikinez betea (jantzia zeramana ere ez zen guztiz garbia). Eta dirua ateratzeko txartela lapurtu egin zioten? Nola iritsi zen egoera hartara bi hilabetean? Orain hotzean pentsatuta, gaizki pentsatzen hasita nago.

    Oso atsegina izan zen nirekin. Portugalez hitz egiten jardun genuen aurreko urtean Lisboan eta Cabo da Rocan izan bainintzen eta bera Ourensetik gertuko herri portugaldar batekoa zelako. Elkarrizketa batzuk izan genituen: krisia, politika, hizkuntzak eta baita erlijioari buruzkoa ere! (Eskerrak ordu erdi baino ez zen izan, bestela…). Baina hasierako nire eskuzabaltasuna azkarregia ez ote zen izan?

    Gainera, autobusera igotakoan, eskuetan papertxo batzuk zituela konturatu nintzen. Ez dakit ziur zer izango ziren. Hasiera batean, diru-billeteak zirela iruditu zitzaidan eta kontatzen zebilela. Baina ezin dut ziurtasun osoz esan. Nahiago dut pentsatu beste zerbait zirela eta nire txanponek pertsona zintzo bati lagundu ziotela, beharbada, iruzur ez didatela egin sinetsi nahian

    Nire susmoekin ez dut adierazi nahi eskale guztiek merezi dutela mesfidantza. Zoritxarrez, eskale ugari daude eskean ibili ondoren, lortutako dirua droga edo alkohola erosteko erabiltzen dutenak. Eskalearen edo etxerik gabekoaren bizimodua ez da samurra izan behar, baina zintzoagoa eta garbiagoa izanda ez da hobe izango? Ez dut erantzunik edo konponbiderik aterako teklak sakatu bitartean; galderak, hipotesiak eta zalantzak baino ez.

    Hortaz, honako hau gehituko diot sarrera honi:

    gaiarekin lotura izan dezakeen audio bat.

    eskalearen eskuak

    trena


    2007 - 12.30

    Maleta, maletina eta txamarra lodia. Jarlekuan eseri, egin beharreko bideari atzea emanda, heldu beharreko lekura heldu nahiko ez banu bezala. Parean eserlekua. Urruti. Hankak ezin bertan jarri. Ni atzeraka, aurrekoak aurreraka. Lau gizonezko eta hiru emakumezko. Zein baino zein bereziago.

    Urrutien erdi-lo, aurpegia eskuez eztaltzen duen atzerritarra. Aldamenean, lurrera begira doan eta, itxuraz, irratia entzuten doan gizon edadetu bat. Honen aurrean belarrietatik zintzilik mp4-a duen eta musika 1000Hz-tan jarrita duen gaztea. Ondoan, emakumezko edadetu bat. Andere txukuna, atsegin itxurakoa. Honen aurrean, beste bi emakume, elkarrekin hizketan. Zeri buruzkoa ote beren jarduna?

    Azkenik, bagoian ikus nezakeen pertsonaiarik bereziena. 35 urte aspalditxo betetako gizona. Bere janzkera eta itxura bereziak deitu du nire arreta. Bakero batzuk. Estu-estuak. Marroi koloreko alkondara bat eta gainetik, txaleko beltza. Fina, dizdiraduna eta atzean begizta eta guztikoa. Jaitsi behar ginen geltokira iritsi aurretik, narru beltzezko jaka jantzi, poltsikoan eskua sartu, zilar koloreko zerbait atera eta ahora eraman du. Toxatik trago eder bat emanda, prest treneko triki-traka epela utzi eta kanpoko freskotasunari aurre egiteko.




    Bizitza bera da trena… bere triki eta traka eta guzti…


    Pertsonaia batzuk trenetik irten, beste batzuek aurrera jarraitu, berriak sartu…


    Eurak nire bizitzako momentu labur bateko pertsonaia…


    Eta ni beraiena???


    Tresna-barrara saltatu