• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘trena’

    Treneko pailazoa.


    2008 - 10.10

    Aspaldi trenik hartu gabe eta gaurkoan aspaldiko ohitura berreskuratu dut… Trena hartu dut trenaren triki-trakak barrena baretuko zidalakoan eta hein batean lortu du egia esateko…

    Baina ez dut uste trenarrengatik bakarrik izan denik…

    Trenean sartu eta segituan bi ume ikusi ditut lehiotik nire atzean zegoen gizon bati zerbait eskatzen, ez nekien zer zen. Gizonari begiratu eta zerbait arraroa nabaritu diot, ohikotasunetik at zegoen zerbait… Zutik zegoen, nire bizkarrari bizkarra emanez eta bizkarzorro koloretsua zeraman.

    Trena abian jarri denean, giratu eta nire aurrean zegoen neska batengana joan da. Orduan ikusi ahal izan dut bere egunerokotasunaren falta… Pailazo sudur gorria zeraman eta pajarita bat (kolorea falta zitzaion, atzean utzi ditudan egunen antzera…) zuen okozpean.

    Badirudi magikotasunak edo umoreak bizirik dirauela gogorarazi nahi zidala. Neskarekin amaitu ondoren, gizon gazte batengana joan da, harekin aise amaitu du; gero beste neska gazte batengana joan da, baina harekin ez du hizketa askorik egin. Haien ostean nigana itzuli da, ez nuen uste etorriko zenik bere bidetik kanpo nengoela uste bainuen; baina etorri eta aldamenean jarri zait. Hizketan hasi zaidanean tunelean sartu eta ezin izan diot ezer ere entzun… tunela pasatakoan segitu du nirekin hizketan…

    Pegatinak saltzea nahi zuen borondatearen truke. Irribarrea irten zait berarekin hizketan nengoela “Me gusta esa sonrisa” esan dit gaizki nengoela jakingo balu bezala… Pegatina bat erosi eta beste bi eman dizkit.

    Hasieran, diru gehiegi eman diodala iruditu zait, baina trukean garestiago den zerbait eman didala uste dut…

    Trena.


    2008 - 07.14

    Behin baino gehiagotan aipatu dut trena. Beharbada zerbait magikoa da niretzat. Izan ere mota askotako jendea biltzen du trenak. Bagoi xume batek adin, kolore eta gustu desberdinetako pertsonak elkartzen ditu bizitzako momentu labur batez bada ere. Barre algaraka dabiltzan atsoak, esku artean duen liburua interes osoz irakurtzen ari den gizona, bere pentsamenduetan murgilduta dagoen gaztea, musika topera jarrita duen nerabe bat, geldi egon ezin diren bi ume beren amekin eta abar.

    Oso desberdinak diren pertsonak eta errealitatea modu ezberdinean ikusten dituzten pertsonak, une batez bada ere eta nahi gabe, bestearen bizitzaren partaide bihurtzen dira. Agian ez dira oroituko trenean zihozenen aurpegiez, baina momentu hura izan zen, egon zen, existitu zen. Baina beharbada baten batek momentu hartatik ondorioren bat aterako zuen edo beharbada ez.

    Baina momentu guztiak bezala hura ere izan zen…

    trena


    2007 - 12.30

    Maleta, maletina eta txamarra lodia. Jarlekuan eseri, egin beharreko bideari atzea emanda, heldu beharreko lekura heldu nahiko ez banu bezala. Parean eserlekua. Urruti. Hankak ezin bertan jarri. Ni atzeraka, aurrekoak aurreraka. Lau gizonezko eta hiru emakumezko. Zein baino zein bereziago.

    Urrutien erdi-lo, aurpegia eskuez eztaltzen duen atzerritarra. Aldamenean, lurrera begira doan eta, itxuraz, irratia entzuten doan gizon edadetu bat. Honen aurrean belarrietatik zintzilik mp4-a duen eta musika 1000Hz-tan jarrita duen gaztea. Ondoan, emakumezko edadetu bat. Andere txukuna, atsegin itxurakoa. Honen aurrean, beste bi emakume, elkarrekin hizketan. Zeri buruzkoa ote beren jarduna?

    Azkenik, bagoian ikus nezakeen pertsonaiarik bereziena. 35 urte aspalditxo betetako gizona. Bere janzkera eta itxura bereziak deitu du nire arreta. Bakero batzuk. Estu-estuak. Marroi koloreko alkondara bat eta gainetik, txaleko beltza. Fina, dizdiraduna eta atzean begizta eta guztikoa. Jaitsi behar ginen geltokira iritsi aurretik, narru beltzezko jaka jantzi, poltsikoan eskua sartu, zilar koloreko zerbait atera eta ahora eraman du. Toxatik trago eder bat emanda, prest treneko triki-traka epela utzi eta kanpoko freskotasunari aurre egiteko.




    Bizitza bera da trena… bere triki eta traka eta guzti…


    Pertsonaia batzuk trenetik irten, beste batzuek aurrera jarraitu, berriak sartu…


    Eurak nire bizitzako momentu labur bateko pertsonaia…


    Eta ni beraiena???

    Trena galdu dut


    2007 - 12.22

    Klasetik ohi baino goizago irten naiz. Egoitzara bidean, kakalardo gorri disdiratsu baten barruan amona bat ikusi dut poliki-poliki gidatzen eta barrea eragin dit. Poza etorri zait ezpainetara nahiz eta zu 60 kilometrora egon eta berriz noiz ikusiko zaitudan jakin ez… Zure irudia etorri zait burura segituan…

    Egoitza ondoko dendara sartu eta goxokiak erosi ditut. Berriz elkar ikusten dugunean emateko asmoz, usteltzen ez badira bederen…

    Bazkaldu ondoren, maleta egin eta autobusa hartu. Bakarrik. Zure konpainiarik gabe. Zure eskua hartu gabe hartu nau loak…

    Autobusetik jaitsi eta zu ikusteko esperantza txiki bat izan dut. Berehala joan zait. Aurrera jarraitu dut eta zure etxe aldera begiratu dut… Hantxe zeunden! Nire irudimena ez zebilen nirekin jolasean! Zu, hezur eta haragiz… Zu! Eta goxokiak uste baino lehenago eman ahal izan dizkizut… Elkarrekin egongo ez garen egunetan nitaz gogoratzeko…

    Gogo handirik gabe esan dizut agur eta trenera joan naiz. Tren geltokira heldu, trena ikusi eta trenak alde egin dit…

    trena

    Nire subkontzienteak trena galtzea nahi zuen ordubete goxo-goxo zurekin pasa ahal izateko…

    Treneko basajaun edo olentzeroa…


    2007 - 11.03

    Trena hartzen dudan bakoitzean gogo bat etortzen zait,
    pareko jarlekuan hankak jartzeko gogoa
    eta batzuetan,
    ezin izaten dut alde batera utzi.

    Egun horietan ikusten dut treneko pika,
    edo ikuskaria,
    edo dena delakoa.

    Gizon hori txikitatik ikusi izan dut
    eta aipatu dudan gogo hori aspalditik datorkit…

    Behin baino gehiagotan harrapatu izan nau hankak pareko jarlekuaren gainean ditudala gizon bizardun horrek.

    “Arratsaldeon, hankak jaitsi, mesedez” esaten dit bere ahots lodiaz,
    kaso egin eta txartela erakusten diot.

    “Agur” elkarri esan eta hurrengo batean berriz ikusteko gogoa uzten dit, hurrengo egun horretan hankak jarlekuaren gainean ez ditudala ikus dezan. Baina gogoarekin baino ez naiz gelditzen, izan ere, hurrengo ikusten dudanean, berriz ere hankak pareko jarlekuaren gainean ditut…

    Egunen batean ikusiko al nau ganoraz eserita?


    Tresna-barrara saltatu