• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘zalantza’

    MENDI ARTEKO GOGOETAK


    2014 - 09.07

     

    Iraila, nebulosa-hila. Zalantzaz eta galdera ikurrez betetako hila. Baina, era berean, esperientzia eta bizipen berrien iturburu. Berez, beste hilabete bat baino ez da, baina baten bati ikasturte hasiera irailean jartzea bururatu zitzaion eta horri jarraitu diogu orain artean.

    Ikasturte hasierek aspaldi hartu zuten amildegi itxura nire bizitzan. Abentura bila jauzi egin ala orain arteko konfort egoerarekin jarraitu? Shakespearen “to be or not to be” esaldi famatuaren antzeko zalantza-dantza eragiten didate.

    30 egun dituen denbora tarte ezegonkor honetatik, 7 baino ez dira pasa, baina zer den burua! Eta zer den bizitza! Ia 30 egunetan, 720 ordutan egiten diren neurona-konexioak (baten batek zalantza egingo duen arren) bizi izan ditut 120 ordutan.

    Hala ere, ikasturte hasierarekin aldatzen ez den eta aldatzea nahi ez dudan zerbait bada: LAGUNAK. Nebulosa-hilen joan-etorriekin ondoan sortu diren izar ederrak. Une gozo eta mingotsetan hortxe dauden izarrak, batzuetan nik izar iheskor baten antzera jokatu arren, hortxe segitzen dutenak. Beraien argiari esker, goiz-, arratsalde-, gau-, egun-, etab. –pasa bikainak bizi izan ditut, eta bide ilunen irteerak ere beraiei esker ikusi ahal izan dut sarri. Halaxe izaten jarrai dezala eskatzen diot astro berriaren sorburu den nebulosa-hilari.

    Mila esker guztioi eta segi orain arte bezain distiratsu. 😉

    NEBULOSA

    Lurtasun-extralurtasun.


    2009 - 09.28

    Momentu zailetan asko eskertzen da ondoan negar egiteko sorbalda bat, aholkuak emango dizkizun aho bat eta entzungo zaituen belarri bat (hobe bi badira) izatea. Azken finean, gorputz eta arima maite zaituen gorputz-arima oso bat izatea ikaragarri eskertzen da, nik behintzat bai eta ez dut uste hori pentsatzen duen bakarra naizenik… beharbada berezia naiz, baina ni bezala, miloika dira bereziak direnak. Gu guztiok, planeta urdin honetan bizi garenok (planeta honetatik at bizi direnei deitzen diegun bezala), lurtar garen neurrian gure extralurtasuna dugula uste dut…

    Horrez gain, tasun hori dugun arren, batzuk hori sentitzen dugulakoan nago, niri behintzat gertatu izan zait, ez dagokidan leku batean banengo bezala… eta benetan esan dezaket, ikaragarri maite dudan pertsona batek hori esan zidan arte, beharbada ez nintzela horretaz benetan ohartu. Bera izan zen hein handi batean hori horrela zela ikusten lagundu zidana, eta beharbada, hori eskertzen diot edo  nahiago nuen hori ez balit esan? Egia esan, ez dakit, ni eta nire zalantza malantzak… ni eta nire lurtasun-extralurtasuna…


    Tresna-barrara saltatu