• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘zorion’

    LAGUNEN ZUHAITZA


    2016 - 01.10

    Badira gure bizitzan gure bidean kasualitatez gurutzatu izanarekin bakarrik zoriontsu egiten gaituzten pertsonak.

    Batzuek bidea gure ondoan egiten dute, ilgora eta ilbehera asko ikusiz, eta badira beste batzuk urrats baten eta bestearen artean ia ikusi ere egiten ez ditugunak. Guztiei deitzen diegu lagun, eta askotariko lagunak daude.

    Agian zuhaitz baten hosto bakoitzak gure lagunetako bat irudikatzen du. Lehenengo kimutik sortzen direnak gure lagun gurasoak dira, bizitza zer den erakusten digutenak. Ondoren, lagun anai-arrebak datoz, horiekin gure espazioa elkarbanatzen dugu gu bezala loratu daitezen, eta horien ondoren ezagutzen ditugu errespetatu eta ona opa diogun gainerako hosto-familia.

    Baina patuak beste lagun batzuk ere badakarzkigu, gure bidean gurutzatuko zirela ez genekien horiek. Horietako askori lagun-min eta bihotzeko lagun deitzen diegu. Zintzoak dira, benetakoak. Esan gabe badakite noiz gauden gaizki, zerk egiten gaituen zoriontsu eta zer behar dugun. Batzuetan, lagun-min horietako batek gure bihotzean eztanda eragin, maitemindu eta lagun maitemindua daukagu. Lagun horrek distira sorrarazten digu begietan; musika, gure ezpainetan eta jauziak, gure oinetan.

    Horiez gain, badira denboraldi baterako lagunak, oporraldi batekoak, egun batzuetakoak edo ordu batzuetakoak. Horiek, gertu gauden denbora horretan, irribarre asko sorrarazten die gure aurpegiei.

    Badira baita lagun urrunak ere, adarren gainetan dauden horiek, baina haizeak putz egiten duenean, hosto baten eta bestearen artean agertzen dira, eta nahiz eta ez ditugun sarri ikusten, gure bihotzetik gertu daude.

    Denborak aurrera egiten du, uda igaro egiten da, udazkena gerturatu egiten da eta gure hostoetariko batzuk galdu egiten ditugu, batzuk beste uda batean jaiotzen dira eta beste batzuek urtaro askotan zehar irauten dute. Hala ere, eroritako hostoek gertu jarraitzen dutenez, gure sustraiak pozez elikatzen, zoriontsu gara. Gure bizitzan gurutzatu zireneko une zoragarrien oroitzapen dira.

    Gure bizitzan gurutzatzen den pertsona bakoitza bakarra da eta beti, beti, uzten du bere zerbait gugan eta gure zerbait darama berarekin.

    Nire zuhaitzeko hosto, bakea, maitasuna eta osasuna opa dizkizut, orain eta beti. Guregandik asko eramango dutenak egongo dira, baina ez da egongo ezer utziko ez digunik. Hori da gure bizitzako erantzukizun handiena eta bi arima kasualitatez ez direla elkartzen erakusten duen froga.

    El árbol de los amigos, Jorge Luis Borges (moldapena).

    Joxe Arregi, Urteberri on! (2007-01-03), hautatua


    2012 - 01.09

    (…)

    Daukaguna estreinatu orduko baztertu eta berriaren bila abiatzen gara. Berriaren premia eroak garamatza, eta beldur naiz ez ote dugun berriaren berriz eta berri-beharrez dena zahartzen, dena hondatzen. Zaharberritzen baino trebeagoak gara berrizahartzen. Erabili eta bota bizi gara, berriaren aseezineko egarriz, Corte Inglesetik Eroskira. Zeinen arin zahartuko zaigun urte berria!

    “Urteberri on!” halere bihotzez! Baina zer opa diogu elkarri urte berrirako? Zer opa gaur zuri eta neure buruari? Adiskidea, ez dizut opa berri-gosea areagotu besterik egingo ez dizun gauza berri handirik. Ez dizut opa zure amets guztiak aseko lituzkeela iruditzen zaizunik ezer. Ez dizut opa loteriarik, loteria handirik behintzat ez. Ez dizut opa behar duzun baino gehiago irabazterik. Ez dizut opa lehian aurrena izaterik. Ez dizut opa gure mundualdi honetako urte berri guztiek inori eman ezin diotenik. Ez dizut opa, beraz, sasoi beterik. Eta, barkatu, ez dizut opa osasun osorik ere. Ez dizut opa lausorik gabeko bizitzarik. Ez dizut opa zalantzarik gabeko federik. Ez dizut opa ezertan perfektu izaterik, ezta zorion perfekturik ere. Ez sinesmen perfekturik, ez itxaropen perfekturik, ez maitasun perfekturik. Nahiago nuke hori guztia zuretzat eta guztiontzat posible balitz, baina ez da posible, eta ez dizut opa, adiskidea.


    Zer opa dizut, bada, urte berrian? Zarena izaten jakin dezazula opa dizut, ezinaren saminik gabe. Duzuna gozatzen jakin dezazula, dena izateko irrikarik gabe. Datorrena hartzen jakin dezazula, erresumindu gabe. Daukazunarekin aski izaten jakin dezazula, eta gehiago esango nizuke, jakin dezazula gutxirekin aski izaten. Egunero on pixka bat, pixka bat bakarrik, egiten jakin dezazula opa dizut, on guztia egin ezaren damurik gabe. Zure inguruko edo mundu zabaleko pobre bati, pobre bakar bati, laguntza apur bat eskaintzen jakin dezazula. Gure herriko bakearen alde hitz bat edo keinu bat egiten jakin dezazula. Etxekoekin eta auzokoekin bakean bizi izateko zeure bake-aletxoa jar dezazula. Zeure zauriekin eta besteenekin errukior izan zaitezela opa dizut. Zeure akatsekin eta besteenekin barkabera izan zaitezela. Egun berri bakoitzari ongi etorri egin diezaiozula opa dizut, ekarriko duen itzal eta guzti. Gauero bakean lotaratzen jakin dezazula, egunak pilatu dizun nahigabe eta guzti. Eguneroko fede argi-ilunari eta eguneroko itxaropen hauskorrari eta eguneroko maitasun-ahalegin erorkorrari eusten jakin dezazula opa dizut. Eta egunero behar dugun bizipoz galkorra gordetzen jakin dezazula. Eta opa dizut, estuasunak estuasun, arnasa hartzen jakin dezazula (…).


    Tresna-barrara saltatu