• Yop Poll Archive
  • Archives
  • Categories
  • Posts Tagged ‘zutabe’

    Zutabe eta habe.


    2010 - 01.19

    Ikastea nahi ez duen alaba errebeldea, ezez generaziokoa, ez du laguntzen, ez du ikasten, ez du ezer egiten. Bere munduan murgilduta dagoen nerabea, hobeto esan, artista faltsuen munduan murgilduta pozik bizi dena eta errealitatera itzulitakoan, etxetik alde egiteko gogoa datorkiona…

    Ikasketak aurrera ateratzen saiatzen den alaba. Nahiko lukeena baino gutxiago laguntzeko aukera duena. Ematen duena baino ahulagoa dena eta buruan hainbat kortozirkuito dituena…

    Lanik gabe dagoen senarra, mende erdi bete ostean, adin zoroaren garaia pasa ez zaiona. Lanik ez, diru gutxi eta begietatik operatu nahi duena betaurrekoak janzteko baino alperragoa delako…

    Geldi egon ezin den ama, gauzak presaka egin nahi dituena, baina arreta ez jartzearren eta memoria arazoak etorri zaizkiolako lehen erraz egiten zituenak orain nekez egin ditzake alaba ondoan ez badu…

    Etxeko inor baino zentzudunagoa den aita. Burua inork baino argiago duena, euroekin primeran moldatzen dena eta hasarretuz gero, bere begi urdin sarkorren begiradarekin bihotzean min emateko gai dena…

    Gaixotasun baten ondorioz, egunaren gehiena ohean igarotzen duen aitonaren anaia. Osaba. Erizain pribatua behar duena, hartu behar duen pilula karrokada kontrolatuko diona. Logela goiko solairuan egonik, jatekoak eramango dizkion baten bat behar duena eta baita hizketarako lagunen bat ere…

    Sei persona hauen euskarri den emakumea. Merezi lukeena eta behar lukeena jasotzen ez dituena. Alaba gaztea bide onetik eramaten saiatzen delako, alaba nagusiari urrea balio duten aholkuak ematen dizkiolako. Senarra zentzudunago izan dadin saiatzen delako nahiz eta behin okertutako zuhaitza zuzentzea zaila izan. Ama hain urduri egon ez dadin etxean behar lukeena baino denbora gehiago pasatzen duelako. Aita gaixotzen denean, zaintzeko ardura hartzen duelako. Osabaren erizain eta mintzalaguna delako.

    Laburbilduz, etxearen habe eta zutabe delako, eskerrik asko bihotz-bihotzez eta eman duzun guztiagatik noizbait zerbait (merezi duzunaren hamarrena baino ez bada ere) jasoko ahal duzu!

    zutabea

    Eraikinak.


    2009 - 05.13

    Munduko eraikinik handienak eta indartsuenak ere bere ahuleziak ditu. Bere arriskuak. Bere beldurrak. Behetik gora eraikitako horrek goitik behera ez duela egingo uste izaten da. Baina zer gertatuko litzateke ikaragarrizko ekaitza egonez gero? Hilabeteko edo astebeteko ekaitzari aurre egiteko gai izango litzateke? Eta uholde bat egongo balitz? Egunak joan eta egunak etorri uholdeei aurre egiteko kapaz izango litzateke? Edo uholdeen ostean, ekaitza egongo balitz edo ekaitzaren ostean uholdea? Eraikin handi horrek hori guztia jasateko indarrik izango ote luke?

    Beharbada ez. Beharbada bai.

    Eraikinak zutabe sendoak, indartsuak, izanez gero, horren laguntzari esker aurre egingo lioke baita iraultza bati ere. Hala ere, oinarria eskasa denean, haize bolada batek ere goitik behera botako luke.

    Zutabe sendoei esker diraute itxuraz indartsu diren eraikinek… Eskerrik asko.

    eraikin altua


    Tresna-barrara saltatu